Dantza lotuarekin jolasten
Edukiz ondo betetako ikastaroa aurkeztu zigun Patxi Monterok. Goizeti biak launa ordura luzatu bagenituen ere, motz gelditu ziren dantza lotuek badutela zer landu, zerekin jolastu, gozatu eta azken finean, dantzatu erakusteko. Agurne Arizmendi, laguntzaile lanetan aritu zenarekin batera, bikoteka dantzan aritzeko proposamen berriak ekarri zituen, besteak beste Frantzian abiatutako "balfolk" dantza jaialdi arrakastatsuetatik zabaldutako ereduen oihartzunak. Baina batez ere eta horretaz gain, musika eta bikotea sentitzetik abiatuta, dantza lotuan aritzeko lanketa interesgarria erakutsi zigun.
Lehenengo saioa: polka, balsa, eta boleroa vs habanera
Errespetuzko bost minutuak pasatzen utzi eta beste denborarik galdu gabe ekin genion ikastaroari. Ordurako aurrerantzean sarritan begiratuko genuen arbelean idatziak zituen ikastaroaren nondik norakoak. Gorriz jasoak zituen: PD (pasadoblea), polka, schottisch, bals, mazurka, bolero, habanera eta zortzikoa, eta hauen azpian, urdinez berriz zenbait kontzepturen eskema: oinarria (pultsua-patroia), espazioa, zapaldu, jolastu, dantzakera eta musika. Bi eguneko ikastaroa izaki, lehenengoan pasodoblea, polka, balsa, boleroa eta habanera jorratuko genituela, bigarren saiorako utziz gainontzeko errepertorioa, ezkotix, mazurka eta zortzikoa alegia.
Hain zuzen ere, lehen ikasgaia horixe izan zen, errepertorioa. Dantza lotua aberastu nahi izanez gero errepertorioaren abanikoa zabal dezagun proposatu zigun; balsa eta pasadoble edo rantxerak entzun eta dantzatzera ohituak gaudela gure dantzaldietan, baina euskal tradizioan aspaldi txertatuakoak direla arbelean izendatutakoak.
Lehendabizi soka bat osatu eta oinak martxan jarri genituen irakasleak buruan markatzen zuen urratsari jarraiki. Soka desegin eta bikoteka jarri ginen lotuan aritzeko. Bigarren ikasgaia: baina nola lotu? Nahiko bistakoak izan daitezkeen zenbait argibide eman zizkigun: nola heldu eta besoen artean sortu beharreko bolantea erakutsi zizkigun berarekin laguntzaile etorria zen zuen Agurne Arizmendirekin. Horretxetan jardun genuen hasieran bikoteka; bolante hura zer izan zitekeen deskubritzen. Dantza lotua dibertigarria ere izan litekeela konprobatu genuen.
Erritmo binarioei bide eginez pasodoblea saltatu eta zuzenean bolero eta habanerei heldu genien; apropos landu zituen elkarrekin, erritmikoki oso gertu egonda eta berdin markatu edo dantzatu bagenitzakeen ere, bazuela bakoitzak bere airea, eta hori transmititzen ahalegindu zen Montero.
Binarioekin jarraituz polkaren txanda iritsi zen. Gure inguruetan ezagunak zaizkigun ereduei errepaso azkar bat eginez hasi zen. Polka-pik moduan ezaguna dena gogora ekarriz punta orpoz egiten den jokoa aberasteko aukerak proposatu zizkigun. Berak han azaldutakoetatik, norberak irudimenari eragin eta gureak sortzera animatu gintuen.
geldoan dantzatzea. Berriz dantzakeraz insistitu zigun; musika eta dantza sentitzeaz, barnean sartzeaz eta inguruaz pixkat abstraitzeaz gozatu ahal izateko.
Balsarekin baina oraindik bagenuen zerekin jolastu. Lau konpas idatzi zizkigun arbelean eta 1-2-3 oinarrizko pultsuarekin ixiltasun eta geldiuneekin jolastuz, arbelean egiten zituen konbinazio matematikoak dantzaz erreproduzitzen ahalegindu ginen. Izerdiak nagusitu ziren ariketa honetan ere. Honetan genbiltzala laugarren ordua ere gainera etorri zaitzaigun oharkabean eta amaitzeko, lantzeko astirik emango ez bazuen ere, bals irregularrak, 5 eta 11 denboratako balsak eta balsean egindako kontradantzak ere utzi zizkigun zintzilik, oinetan gabe, belarrietan behintzat gurekin eraman genitzan.
Bigarren saioa: ezkotixa, mazurka eta zortzikoa
Atzetik aurrera hasita, zapi batzuek banatu eta soka luze bat eginez zortziko bat dantzatu genuen Patxik markatutakoaren harira. Gero hori oinarri hartuta zortzikoa bikoteka dantzatzeko proposatu zigun. Berak ez zuela ezagutzen, tradizioz behintzat, horretarako ohiturarik baina zortziko baten melodia ederrik entzun zueneko batean lotuan dantzatzeko aukera pasa zitzaiola burutik, eta orduz geroztik ematen dituen eskola eta ikastaroetan proposatzen zuela.
5/8 erritmoa alde batera utzita mazurkarekin "burrukatzeko" txanda iritsi zen. Erritmo ternarioa izaki bals moduan dantza zitekeela azaldu zigun lehendabizi, baina jarraian mazurka beren-beregi markatzeko moduak lantzen hasi ginen; alegia, hanka beraren gainean 2 eta 3 puntuak markatzea lehenengo eta hirugarren konpasetan, mazurka-bals-mazurka-bals sekuentziarekin. Pixkanaka sekuentzia aldatuz joan ginen eta balsarekin egindakoren antzera zenbakizko konbinazioak dantzan jarri –ahalegindu...– genituen. Europa aldeko tendentzia ziren doinuak jarri zizkigun dantzarako, doinu ederrak. Mazurka irregularrik ere jarri zigun probatzeko. Nahikoa lan izan genuen...
Bukatzeko ezkotixa utzia genuen. Europan oso ohiko erritmo eta dantzakera aberatsa duena, guregana ekartzen ahalegindu ziren Montero eta Arizmendi. Beste behin lau konpas hartu genituen eta irakasleak arbelean egindako zenbaki eta zeinu bidez ezkotixa markatzeko aukerak aberasten joan ginen.
Denbora aurrera ezin bestean eta amaitzeko ordua iritsi zitzaigunean, Monterok hamar minutu eskatu zizkigun bals kontra-dantza batekin –lehen egunean egin ezinda gelditu zitzaiona asti falta zela eta– amaitzea proposatu zigun. Gustura onartu ere! Taldeko argazkia egin eta nekatu bezain irribartsu amaitu genuen.