Mikel Sarriegi: "Dantzen ezagutza horri eskerrak sendotu eta jarraipena izan dute soka-dantzek"

2019/11/15
Mikel Sarriegi: "Dantzen ezagutza horri eskerrak sendotu eta jarraipena izan dute soka-dantzek"

Alkateek dantzatzen zituzten soka-dantzak berriz plazaratu ahal izateko prozesuan, dantza protokolo horien inguruan Ikerfolkek eta Aurtzakak egindako ikerketak eta bildutako ezagutzak ezinbesteko gertatu zirela azpimarratu du Mikel Sarriegik. Hain zuzen, Goierriko esperientziaren jarraipenaren berri eman du Mikel Sarriegik "Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldian Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregiren azalpenen ondotik. Argiako kideek pixkanaka erreleboa pasa eta beasaindarrek eta ordiziarrek hartu zuten Goierriko soka-dantzen gidaritza. Sarriegik aipatu du berarekin batera Ordiziako Joseba Juarez eta Jesus Mari Garate ibili zirela akuilu lanetan, besteak beste.

Soka-dantzaren eskualdea

Argiako kideek aurrekari historikoengatik jarri zuten jo puntua Goierrin, beraz, Goierriko zenbait soka-dantzen aipamenekin hasi zen Sarriegi. Iztuetaren liburutik aparte topatu duten dokumenturik zaharrena, agintarien soka-dantza izan daitekeena, seguruenik Ordiziako euskal jaietakoa da, 1904koa. Bestalde, jasota dago Ordizian hiru soka-dantza dantzatzen zirela 1950 inguruan. Orain Ordiziako soken buru alkatea ateratzen da, "nik interpretatzen dut garai bateko haren hondarra dela". Beasaingo argazki zahar eder bat ere erakutsi du, 1912koa da. Joxe Migel Iturrioz alkatea dantzariz jantzita ageri da.

Iñaki Arregi, Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Arregi. Soka-dantza politikoa hitzaldia, Beasain, 2019-10-17. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Zailtasunak zailtasun

Sarriegik kontatu du Ikerfolkekoekin harremanetan jarri aurretik gaiari heltzeko gogoz zirela, bazutela beraiek ere zerbait egiten hasteko nahia, "gure interesek eta Ikerfolken nahiak bat egin zuen eta horrela hasi ginen". Hasierako bi piezak elkartzean dena bat etorri zen, baina gero herri bakoitzean soka-dantzak martxan jartzea asko kostatu zela aitortu du Sarriegik.

Araman atera zutela lehen soka dio, 1996an. Ondoren etorri ziren gainerakoak, baina herrietako errealitateak oso ezberdinak izan dira. Batzuetan primeran txertatu da eta beste askotan zailtasun handiagoak izan dira, denetan ez da lortu dantzatzea eta beste batzuetan ez dute jarraipenik izan. Hasiera haietako egoera sozio politiko gogorrak ere gauzak zaildu zituela dio Sarriegik. Ondorengo argazkian ageri den taulan berdez ageri dira 1996tik gaur arte Goierrin dantzatu diren sokak; urdinez ageri direnak herrien arteko loturak dira eta berde argiz zalantzazkoak.

Iñaki Arregi, Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Sarriegi. Soka-dantza politikoa hitzaldia, Beasain, 2019-10-17. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Herri askotan aurretik dantzatzen ziren soka-dantzen ezagutza zuten eta kasu horietan saiatu dira datu horien arabera moldatzen. Beasainen, esaterako, oso sendo sartu zen, izan ere dantza kultura bazen herrian eta ez zen horren arrotza izan. Ordizian ere antzera izan dela ikusten du Sarriegik eta beste neurri batean bada ere, baita Lazkaon ere, "dantzen ezagutza horri eskerrak sendotu eta jarraipena izan dute soka-dantzek".

Zegaman dantzatu zuten soka-dantza baten kronikako hitzak ekarri ditu Sarriegik: "Agintariek soka-dantza eskaini zioten herritarrei", horrekin erakutsi nahi du benetan ulertu zela Zegaman sokaren sinbolismoa. Beste herri batzuetan, berriz, oso zaila izan da ulertaraztea sinboloek ze esan nahi duten. Iztuetareren herrian adibidez, Zaldibian, ez da lortu soka-dantza ateratzerik.

Argiakoen azalpenak eta sokaren teoria oso ondo ulertu zituztela dio Sarriegik, "baina gero hori gauzatzea, plazara eskutik helduta irtetea eta batez ere dantza egitea asko kostatu da". Herrien arteko sokak lotzen ere hasi ziren eta hori ere ez da erraza izan, baina egin dira lotura batzuk. Sarriegik kontatu du herrien arteko loturena ez dela airetik etorritako zerbait, "Beasaingo prozesioan parte hartu izan dute alboko herrietako alkateek. Hori nik ezagutu dut. Iztuetak dio alkateek beste herrietako alkateak bazkaltzera eramaten zituztela etxera eta bazkal ondoren sokan ateratzen zirela".

Mikel Sarriegi, soka-dantza politikoa hitzaldia, Beasain, 2019-10-17. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Agintarien dantzakera

Egun zabalduta dagoen dantzatzeko ereduak agintariak plazara ateratzea ozptopatzen duela ikusten du Sarriegik. Paradigma aldatu beharra daukagula dio, horretan ari direnei ez zaien egin horren gogorra plazara dantzara ateratzea; "Agintari gehienek oso ondo dantzatzen dute, baina beraien sentsazioa da ridikulua egin dutela. Guk buruan dantzatzeko eredu bat daukagu eta dantzarien eredu hori eraman nahi da plazara. Ikusiko bagenu orain ehun urte agintariek nola dantzatzen zuten eta zer kontsideratzen zen ondo dantzatzea ez da oraingoena baino hobea".

Dantza taldearen edo maisuren baten laguntza giltzarria dela iruditzen zaio Sarriegiri, "Agintariek bestela ere badituzte nahiko kontu buruan. Ez da pretenditu behar sekulako dantza saio ikusgarria egitea, sinple erakusten saiatu behar da". Datozen erronkak falta diren herrietan sokak ateratzea eta herrien arteko loturak bultzatzea izango lirateke.

 

"Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldiaren kronika hiru ataletan argitaratu dugu.

Aurreko atalak: