Oteizaren apostoluak dantzan jarri dituzte Eibarren

2026/06/19
Oteizaren apostoluak dantzan jarri dituzte Eibarren

Zinema, eskultura eta dantza elkartu dira maiatzaren 24an Eibarko Portalea Kultur Etxean. Oteiza: apostoluak dantzan saioak Jorge Oteizaren unibertso artistikoa izan du ardatz, eta horren inguruan bildu ditu Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa eta Argia euskal dantzari taldearen Apostoluen soka-dantza. Saioa Gipuzkoako Dantzagunearen Dantzan Ikasi programaren barruan antolatu da, Eibarko Klub Deportiboaren 61. Euskal Jaiaren egitarauaren baitan.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Oteizaren inguruko hamalau begirada

Ekitaldiari hasteko, Jaione Apalategik, Oteiza Fundazioaren presidenteak, eta Oskar Alegriak hitz egin dute. Apalategik Oteizaren pentsamenduaren gaurkotasuna azpimarratu du, eta Alegriak filmaren sorrera-prozesua aurkeztu du.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Jaione Apalategi, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Ondoren eman dute Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa. Lanak Jorge Oteizaren ideiak eta ondarea jorratzen ditu, hamalau kultur eragileren testigantzen bidez. Besteak beste, Esther Ferrer, Josu Iztueta, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga eta Jaione Apalategiren gogoetak bildu ditu filmak.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Oskar Alegria, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Apostoluak harritik gorputzera

Filmaren ondoren, Argia euskal dantzari taldeak Apostoluen soka-dantza eskaini du Portaleako erakusketa-gelan. Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik sortutako piezak Oteizaren Arantzazuko apostoluak ekarri ditu dantzara. Jesus, apostoluak, Maria Magdalena, Beronika eta Oñatiko Korpus dantzariak soka berean lotu dira.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Emanaldiaren ondoren, Mikel Urbeltzek piezaren gako batzuk azaldu ditu. Gogorarazi du Oteizaren Arantzazuko hamalau apostoluak izan direla inspirazio-iturrietako bat, eta dantzak figura horiek plazara ekarri dituela. Azaldu duenez, koreografiak Oñatiko Korpus dantzen arrasto nabarmenak ditu, eta musikan ere tradiziozko doinuak, erreferentzia errenazentistak eta bestelako eraginak uztartu dituzte. Maria Magdalena eta Beronika pertsonaia bakarrean ageri dira, eta San Migelen presentzia ere nabarmena da.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Oteiza eta Urbeltz

Mikel Urbeltzek azpimarratu du Jorge Oteizaren eta Juan Antonio Urbeltzen arteko harreman estua. 1960ko hamarkadatik aurrera elkar elikatu dute ideien eta sorkuntzaren bidez, eta lotura hori Argia dantzari taldearen ibilbidean ere islatu da.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Apostoluen soka-dantzaren abiapuntua ebanjelio apokrifoetan dago. Testu horien arabera, Azken Afariaren ondoren Jesusek eta apostoluek dantza egin zuten, eta irudi horretatik sortu zuten Urbeltzek eta Arregik koreografia.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA

Eibarren, Oteizak Arantzazuko harrian zizelkatu zituen apostoluak berriro jarri dituzte dantzan. Zinema, hitza eta mugimendua uztartu dituen saioak Oteizaren pentsamenduaren eta iruditeriaren indarra ekarri ditu berriz ere plazara.

Oteiza: Apostoluak dantzan, Eibar, 2026-05-24. Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan CC-BY-SA