Haur eta nerabeen babesean eta genero indarkeriaren formakuntza
Dantza taldeen eguneroko jardunean isilean gertatzen diren errealitateei izena jartzeko eta horiei aurre egiteko tresnak partekatzeko asmoz bildu dira hainbat dantza irakasle Beasaingo Igartza jauregian. Zain elkartearen eskutik, Dantzan Ikasi programaren barruan, “Haur eta nerabeen babesean eta genero indarkeriaren formakuntza” eskaini da.
Saioak abiapuntu gisa hartu du dantza taldeen egunerokoan ere egoera konplexuak sor daitezkeela, eta horien aurrean ez dela erraza erantzun argi edo bakarrak aurkitzea. Prebentzioaz, arretaz eta esku-hartzeaz hitz egin da, batez ere galderak partekatzeko eta begirada kritikoa lantzeko asmoarekin.
Bi orduko formakuntzan, gai bakoitzari ordubete eskaini zaion, adituen laguntzaz eta metodologia parte-hartzaile eta egokitu baten bidez. Helburua ez da irtenbide itxiak eskaintzea, baizik eta dantzaren eremuan espazio seguruagoak eraikitzeko bidean lehen urratsak ematea.