Ikastaroa: Kontra-dantzen sistema

2016/11/03
Ikastaroa: Kontra-dantzen sistema

Ezagunak zaizkigu kontra-dantzak euskal dantzetan. Baina nola sortu ote ziren? Zein bilakaera izan zuten? Gurean nola eta noiz txertatzen dira? Behar bezala identifikatzen ote ditugu? Galdera hauei erantzuna eman asmoz, kontra-dantzen sistemaren oinarria ezagutzeko ikastaroa antolatu dugu oraingoan. 

XVIII. mendean Europan barrena izugarrizko arrakastaz hedatu ostean, gurera ere iritsi eta haien lekua aurkitu zuten; luzaroan gelditzeko etorri ere, gure dantzetan txertatuz, moldatuz edota dantza berriak sortaraziz. Luzaiden ezagunak diren nabarmen kontra-dantzak, dantza molde honek gurean izan zuen eraginaren adierazle dira, baina baita Gipuzkoako arku-dantza edo kaskarots dantzak, eta zer esanik ez agertokietarako sortutako kadrile berriagoak.

Hiru atal nagusi izango ditu ikastaroak:

  • "Country dance"ak historian zehar: kontra-dantza europar dantzaren historiaren parte garrantzitsua da. Zein izan ote da bere jatorria? Noiz eta nola zabaltzen da eta zein eragin izan ote du Europan, bereziki Frantzian, eta azkenean Euskal Herriko dantzetan?
  • "Country dance"etatik "Quadrille"etara : Kontra-dantzaren sistema aztertuz gero, kontra-dantzak eta gure kadrileak nola eraikiak daude?
  • Kontra-dantzak gure dantzetan: Maritzuli konpainiak egindako gai honen inguruko lanetan oinarrituz, zein dira gure gaur egungo dantzetan ikus ditzakegun kontra-dantzak ekarritako mugimendu eta koreografiak? 

Maritzuli, Nundik nora. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Ikastaroa: Kontra-dantzen sistema

Irakaslea: Claude Iruretagoiena eta Jon Iruretagoiena
Datak: 2016ko azaroak 19, larunbata.
Ordutegia: 10:00-13:00
Lekua: Besaingo Antzizar Kiroldegia (Igartza Oleta,3)
Matrikula: 15€

Izen-ematea: ikastaroa bete egin da!

Sentitzen dugu, ikastaroa bete egin da! Dena dela interesaturik jarraitzen baduzu azken unean lekurik libratzen bada ala beste egunen batean beste txandarik sortuko balitza egiteko, sartu ondoko loturan eta utzi zure datuak

Erreserbarako izen-emateko egin klik hemen

Claude Iruretagoiena. Argazkia: Felipe Loyola - Dantzan.eus CC BY-SA

Claude Iruretagoiena (Baiona, 1960) 

Betti Beteluren ikaslea, Juan Antonio Urbeltz-ekin sakondu zuen irakaskuntza, eszenaratze eta koreografia tekniketan. Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu zuen, eta 1992an bere lehen lana, Xirula Mirula plazaratu zuen. Eskualde desberdinetako dantza-maisuekin euskal dantza tradizionalaren errepertorioaren ezagutzan sakondu zuen. Horrekin batera, Biarnoko branleak, schottish, polkak edota Gaskuinako dantzak ikasi zituen. 1995ean Pier Pol Berzaitz-ek sortutako Elkanoren semeak ikukizun musikala eszenaratu eta koreografiatu zuen. Suitzako Nomades-LE Loft Vevey konpainiarekin Courrier du Pacifique ikusgarria landu zuen. Jantzi tradizionalak eta historikoak egiten ditu Irulea elkartearen baitan. Hamaika ikastaro eman ditu eta EDBren dantza irakaslea izana da. Besteak beste Argia-Ikerfolk, Malandain Ballet Biarritz, Biarritz Culture, Garazikus, Institut Culturel du Pays basque eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin egin ditu lankidetzak. Berak zuzentzen duen Maritzuli konpainiarekin hainbat ikuskizun taularatu ditu: Ixtorio Mixtorio (1996), Ingura Mingura (2000), Côté Cour... Côté Jardin... (2004), Kutx ala Pil? (2005), Aurrez aurre (2009).  

Jon Iruretagoiena (Baiona, 1985) 

Jon Iruretagoiena. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA
Maritzuli konpainiako dantzaria, dantza-maisua da gaur egun Jon Iruretagoiena. Beskoitzeko Oinak Arin eta Ahurtiko Ortzadar taldeetan aritu zen dantzan ume zelarik, eta 1996tik gerora Ixtorio Mixtorio taldean hasi eta horren ondorengo den Maritzuli konpainian dihardu. Donostiako Argia dantzari taldean ere aritzen da. Claude Iruretagoiena, Bruno Delavigne eta Iñaki Arregi izan ditu dantza-maisu. Hainbat dantza ikusgarritan aritu da bere ibilbidean. Maritzulirekin Ixtorio Mixtorio, Ingura-Mingura, Côté cours... Côté Jardin, Dantzama, Kutx ala pil edo Aurrez aurre ikuskizunetan dantzari aritu da besteak beste, eta Argiarekin Axeri Boda, Axuri Beltza eta Aunitz Urtez-en. 2012ean Maritzulik estreinatu duen Ixtorio Mixtorio (II) ikusgarrian koreografia eta dantza-maisu lanak egin ditu. Zuberoako dantzaren historia ikertu du eta horren inguruko zenbait hitzaldi eskaini ditu, eta horren azken emaitza da esku tartean darabilten Nundik Nora ikuskizuna: Luis XIVa errege dantzariaren ekarpenetatik abiatuta, gaur egungo Zuberoako dantza eta dantzakerara eraman nahi gaituen lan interesgarria.

Izen-ematea: ikastaroa bete egin da!

Erreserbarako izen-emateko egin klik hemen

----------------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.