Sorkuntza tradizioan: Argiaren ibilbideaz Urbeltz eta Arregi

2020/01/13
Sorkuntza tradizioan: Argiaren ibilbideaz Urbeltz eta Arregi

Juan Antonio Urbeltzek eta Iñaki Arregik euskal dantza, tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoetak elkarbanatu dituzte Sorkuntzaren soka  saioan, Soka erakusketa Dantzan Biharrian egoitzan zela Dantzan Ikasi programan antolatutako saioan. Argia dantzari taldearekin egindako hasierako lanak eta sorkuntza ibilbidea azaldu dituzte. Beraien lanaren oinarri teoriko-praktikoak erakustea izan dute asmoa eta batez ere adieraztea tradizioan eta sorkuntza ez direla aurkariak, eta badagoela bi horiek uztartzeko modurik.

Arregik ekin dio saioari eta adierazi du gogoetak egiteko, beharrezkoa dela aurreko lana. Landa-lanean abiatzerako lanerako esparrua definitu beharraz gogoeta egin du, "gurea mundu tradizionala da, garbi daukagu, eta erakartzen gaitu". Jakin-mina ere izan behar dela dio, aukeratutako esparruan sakontzekoa, mugarik ez daukan jakin-mina.

Sorkuntzaren soka gogoeta saioa, Eibar, 2019-12-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Urbeltzek Goizaldi dantza taldean hasi zela dantzan kontatu du. Hemezortzi urte zituen orduan eta Marian Arregi emazteak hamalau; sei urtean denetarik egin zutela dio: "Europa osoa zeharkatu genuen eta gure errealitatea Europa ekialdeko beste munduarekin aurrez aurre ipini genuen. Bulgariarrak, hungariarrak, era guztietako balletak ezagutu genituen. Estatuetakoak ziren, guk ez geneukan ezta estaturik ere. Guztiz suntsitutako herria zen gurea".

Orduan Argian aritzera gonbidatu zituzten eta euskal dantza tradizionalaren erakuskgarri duina izango zen talde adierazgarri bat prestatzeko nahiarekin abiatu ziren. Herriz herriko bilketa lana finkatu zuten eta dantza ondarea gure kulturaren erdian finkatu nahi izan zuten.

Sorkuntza koherentea

Argiaren ibilbidean berritasun asko daudela dio Arregik eta Imotzeko esku-dantza hartu du adibidetzat. Imotzen ez zen esku-dantzarik. Aita Donostiaren bilketa lanetik jasotako hainbat daturekin, beste zenbait oroitzapenetatik eta arin-arinaren erritmotik sortu zen Imotzeko esku-dantza. 

Jaurrieta, Argia dantzari taldea.

Ondare tradizionala oso konplexua den sistema oso bat dela dio Arregik, "zirrikitu pila bat ditu, oso erakargarriak eta bitxiak eta hor daude tresnak gero sortzeko". Sormen horretan serioak eta zintzoak izan behar garela uste du. Behin esparrua hartuta horri fidelak izan behar garela dio, diskurtso koherente bat ehundu eta gero proiektatzen jakin behar da, "eskuartean duguna ez da edozer gauza, gure herriaren ondare bizia da eta errespetuarekin eta ardurarekin tratatu beharra dago". Hobeto ulertzeko dio, inori ez zaiola bururatzen eliza gotiko bat nahi den bezala tratatu eta berritzea. Dantzan ere berdin egin beharko genukeela uste du.

Nola aukeratzen da esparrua?

Urbeltzek dio esparruak aukeratzen duela norbera. Leheneo informatzaileak etxean aurkitu zituen, bere eta Marian Arregi emaztearen familian. Lintzoaingo ingurutxoa, Leitzako ingurutxoa, Berastegiko dantzak... horiei buruzko informazioa familiatik hasita jaso zuten.

Argia dantzari taldea, Sidmuth folk week-en, 1970-72.

Iñaki Arregik gogoratzen du zortzi urterekin ikusi zuela Andoainen lehen aldiz ezpata luzeko Gipuzkoako ezpata-dantza. "Ni harrituta gelditu nintzen; ordura arte ezagutzen ez genuen mundua plazaratzeko gai izan ziren Argiakoak. Niri izugarria iruditu zitzaidan, harrapatu egin ninduen" dio.

Sortzaileak kuriositatea izan behar duela azpimarratu du Urbeltzek, ezagutza sakontzeko eta hortik abiatzeko beldurrik gaber. Arregik gehitu du sortzaileak inkonformista behar duela izan eta ez oportunista. Oportunista litzateke efektua duten zenbait urrats hartu eta horiekin bizpahiru pauso eta koreografia egitea, "horrekin ezin dugu konformatu, sakonago joan behar da. Esparrua sakon aztertu eta harago joan behar da".

Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregi. Sorkuntzaren soka gogoeta saioa, Eibar, 2019-12-12. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Sinboloz beteriko mundua

Mundu sinbolikoak duen garrantzia nabarmendu du Urbeltzek: "dantza tradizionalaren abangoardia bere atzeguardian dago". Gure dantzek aberastasun ikaragarria dutela dio, gauza askoren fondora joan direla dio eta horrek ondare inmateriala ondo finkatzen laguntzen duela.

Arregik azaldu du agian egungo ikuskizunetako gauzak aspaldi esandako kontuak direla. Urbeltzi aspaldi bururatutakoak, momentu batean zerbait irakurri edo ikasi duelako. Kontatu dute Axeri Boda ikuskizuneko ideia nondik atera zuten. Akira Kurosawaren Ametsak pelikulan ikusi zuten eguzkia eta euria agertzen denean azeriak ezkontzen direla. Euskal Herrian ere badira esaera zaharrak "eguzkia eta euria azeriak dantzan edo azeri boda" diotenak. Ideia horietatik hasi ziren ikuskizuna lantzen.

Argia dantzari taldea, Axeri Boda, Gernika, 2012-05-19. Argazkia: Txabi Arriaga

Behin sortu ondoren jakin egin behar dela eskuartean dagoenak benetan funtzionatzen duen edo ez. "Ikuspegi kritikoa behar da" dio Arregik, "ez badu funtzionatzen alde batera utzi behar da. Lanak zirkularra behar luke izan, elikatu egin behar da. Berriz egin eta egin, azkenengo forma eman arte". Burua zabalik eduki behar dela diote, etortzen dena hartzeko eta uste dute prozesu horretan guztian bukaerako emaitza baino ibilbidea dela benetan garrantzitsuena.

Tradizioak ikuspegi osoa hartu izan du Argia dantzari taldean: jantziak, musika, sinboloak, orkestra-ereduak... 

Argia dantzari taldea, Besta Berri, Victoria Eugenia, 2013-06-09. Argazkia: Iñaki Zugasti - CC-BY-SA

1965-1978: Landa-lana 

Urteetan Euskal Herriko hainbat herritako dantzak ikusten eta ikasten aritu ziren Argia dantzari taldeko kideak, Urbeltz buru zela. Sei hilabetean aritu zen asteburuetan Berrizera joanez, trenean hiru ordu joaten eta beste horrenbeste itzultzen. Jarraian Arizkungo sagar-dantza, Jaurrietako nesken dantza, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko inauteriak edota Zuberoako maskaradak.

Iñaki Arregi eta Juan Antonio Urbeltz. Sorkuntzaren soka gogoeta saioa, Eibar, 2019-12-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Landa lanean ikusitakoarekin jatorrizko eredua berreskuratzen zuten edo galdua bazen berria sortu zuten bildutako materiala baliatuz. Berreskuraketaren baitan, neurri handi batean, sorkuntza agoela dio Arregik, Jaurrieta eta Imotzeko esku-dantza esaterako. Bestalde, ordura arte dantza taldeek dantzariak bakarrik plazaratu ohi zituzten inauterietako kasuetan, Lapurdi eta Nafarroa Beherekoak adibidez, Argiakoek segizio osoak eszenaratzearen interesa aldarrikatu zituzten. 

Garai hartako Argiaren ikuskizunak erakuslehio etnografikoak izaten ziren. Fitxa etnografiko bat irakurtzen zuten ondoren ikusiko zen guztia azalduz: non jasoa izan zen eta dantzaren ezaugarriak zeintzuk ziren agertzen zituzten.

1987tik aurrerako ikuskizunak

Landa-lanaren artean eta sormenaren artean etena baino, jarraitasuna dagoela dio Arregik, "landa-lanean interpretazioa egiten ari zara eskuartean duzunari". Landa-lana eta sorkuntza izan dira Argia dantzari taldearen oinarriak. Gure dantza sistemako sinbologia sakondu eta oholtzara eraman dituzte honako ikuskizunetan: Irradaka (1987), Zortziko (1988), Alakiketan (1992), Kondharian (1997), Pas de Basque (2003), Axeri Boda (2008), Axuri Beltza (2009), Aunitz Urtez (2011), eta Besta Berri (2012) eta Martin Zalakain (2017).

Argia dantzari taldea, Aunitz urtez, Arriaga, 2011-10-16. Argazkia Iñaki Zugasti CC-BY-SA