Sorkuntzaren soka: Juan A. Urbeltz eta Iñaki Arregi
Nola uztartzen dira tradizioa eta sorkuntza? Tradizioak ba al du sortzeko ahalmenik? Zeintzuk dira sorkuntza prozesu horren gakoak? Galdera horien inguruko gogoeta egin nahian abenduaren 12an Argia dantzari taldeko Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregi gerturatuko dira Dantzan Biharrian egoitzan dagoen Soka erakusketara. Euskal dantza, tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoeta saioa egingo dute, Sorkuntzaren Soka izena eman diogu saioari. "Tradiziotik sorkuntzara" izeneko erakusketaren ataletako bat oinarri hartuta, Argia dantzari taldearen baitan mende erdi luzez egindako ikerketa, lanketa eta sorkuntza ibilbidea azalduko dizkigute. Haiek egindako hausnarketetatik abiatuta, sorkuntza prozesuetako esperientziak eta estrategiak elkarbanatuko dituzte.
Hitzaldia: Sorkuntzaren soka: Juan A. Urbeltz eta Iñaki Arregi
- Data: 2019ko, abenduaren 12a, osteguna
- Ordua: 19:30
- Lekua: Dantzan Biharrian (Ubitxa 16, Eibar)
- Izen-ematea: Plaza mugatuak dira, izena emateko egin klik hemen.
Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940)
Iruñean jaio bazen ere txikitatik Donostian bizi da. Goizaldi taldean, Iñaki Gordejuela maisu zuela dantzatzen hasi, eta 1965. urtean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Bertan, apurka-apurka ondare aparta osatzen joango diren hamaika dantza eta melodia bildu ditu bere emazte Marian Arregirekin (1944-2018) batera. Euskal Herriko folklore-dialektoei eskainitako programa monografikoak eszenaratu ostean etorri hainbat ikuskizun sortu ditu. Euskal kultur tradizionalaren transmisiora begira jantziak, instrumentuak, forma orkestralak eta koreografiak berreskuratzen aritu da. 1978an Euskadiko Kutxak editatutako Dantzak liburuaz gain beste hainbat liburu idatzi ditu eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abarretan ere jardun du.
Iñaki Arregi (Andoain, 1956)
Andoainen jaioa eta egun Donostian bizi da. Dantza munduan, lehen urratsak 1970garren urtean eman zituen, herriko dantzari taldean, handik bost urtetara Donostiako Goizaldi taldean dantzari bezala jarraitzeko. Hamaika urtez talde honen ekimenetan parte hartu zuen Iñaki Gordejuela maisu zuelarik, azken hauetako lau urtetan, bertako zuzendari artistiko izan zelarik. 1986 inguruan, Ikerfolken parte hartzen hasi zen Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argia taldea egiten ari zen dantza ikuskizun berritan parte hartu zuen. 1988tik gaurdainoko ikuskizunetan dantzari eta dantza-maisu lanak bete ditu.
----------------------------------------------------------------------------------
Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.
