Ikastaroa: Dantza lotua aberasten
Mazurka, ezkotix, bolero, habanera, polka, balts... oinarrizko erritmoak ditugu dantza lotuak tradiziozko dantzan. Gure dantza ezagun askoren oinarrian daude, maiz erabiltzen dira, askotan ohartu gabe. Horrez gain, plazetan ohikoak dira dantza lotuak, baina mugatuta, aldaketa edo berrikuntzarik gabe. Ikastaro honetan dantza lotuetan sakondu eta aberasteko aukerak jorratuko dira.
-
Lehenbizi, errepertorioa osatuta: gure musika eta dantza tradizioan bizirik ditugun dantza-lotu guztiak normaltasunez berrerabilita (pasodoblea, polka, ezkotix, boleroa, habanera, balsa, mazurka…)
-
Ondoren, gure tradizioko dantza lotuei berrikuntza ekarrita, aberasteko: adibidez, Europa mendebaldeko beste lurralde batzutan urteak daramatzate dantza lotuen mugak zabaltzen, beti tradiziozko musika eta erritmoetan. Horrek zaletasun eta publiko berriak erakarri ditu, eta dantza lotuan gozatzeko bide berriak ireki.
-
Baina ez da bakarrik kopiatzea / inportatzea. Erritmo bakoitzean sakonduta, aurki ditzakegu esploratzeko bide ugari, musikarekin jolastu eta sortzeko.
-
… eta musika doinuak. Dantza lotuetarako erabili ohi dugun musikan ere badago berrikuntzarako aukera, erakargarritasun berriak esploratzeko.
Saio bi izango dituen ikastaro honetan euskal errepertorioan aspaldi txertatutako erritmoak eta doinuak errepasatuko ditugu Patxi Monteroren eskutik.
Helburuak
Gure tradizioko dantza lotuetan erakargarritasun berriei atea zabaltzea: ohiko moldeak gaindituz, aukera berriak esploratu. Ondorioz, dantza lotuan gozatzeko aukerak aberastea, eta beharbada, zaletasun berriak erakartzea. Eta horretarako:
-
Errepertorioa aberastu: gure musika eta dantza tradizioan bizirik ditugun dantza-lotu guztiak normaltasunez berrerabil daitezen sustatzea. Batez ere, gutxiago erabili ohi direnen xarma deskubritu (habanera, mazurka…).
-
Dantzakera aberastu: erritmo bakoitzak, lotuan dantzatzeko ematen dituen baliabideetan sakontzea.
-
Adibide bezala, Europa mendebaldeko bal-folk eremuan oso indarrean dauden ‘berrikuntza’ moldeak ezagutzea (baina ez hori bakarrik).
-
Dantza loturako musika doinuetan ere berrikuntza adibideak ezagutzea.
Balsa, pasodoblea, txotisa, polka, mazurka, habanera, boleroa... Dantza bakoitzak gordetzen duen egitura erritmikotik hasi eta lotuan proposatu, berriztu, inprobisatu...gozatzeko baliabideak eskaintzea izango da ikastaro honen helburua.
Patxi Montero (Irun, 1966)
Plazako dantza tradizionalean espezializatu da Patxi Montero, bai horien irakaskuntzan eta baita plazetan dantza gidari lanetan arituz ere. Herrixa Dantzan dantzaldien sortzaile eta gidaria, eskatzen dioten beste plaza eta talde batzurekin ere aritzen da (besteak beste Txertubi taldearekin).
Ikastaro honi dagokionez, Europa mendebaldean zabalduta dagoen bal-folk mugimendua ezagutu, eta bertatik ere edan du, dantza-jaialdi eta ikastarotan. Horrek euskal dantzarako zuen ikuspegia aberastu dio.
Ikastaroa: Dantza lotua aberasten
Irakaslea: Patxi Montero
Datak: urriak 15 eta 29, larunbatak.
Ordutegia: 9:30-13:30
Lekua: Elgoibar, Inazio Bereziartua Musika Eskola (Aita Agirreren Plaza 4)
Matrikula: 25€
Izen-ematea: Ikastaroan izena emateko egin klik hemen