Ikastaroa: Gipuzkoako dantzak III: Iztuetaren ekarpena eta ia-desagertu den dantzakera
Bi zati izango ditu Gipuzkoako dantzei buruzko ikastaro berezi honen hirugarren saioak. Batetik, Iztuetari begiratuko dio Juan Antonio Urbeltzek, eta Gipuzkoako dantzen tradizioan hainbeste aldiz aipatzen den erreferentziaren ikuspegi berriak eskainiko dizkigu. Bestetik, XX. mendearen bigarren zatian Gipuzkoako dantzakeran gertatu den aldaketaren testigu eta protagonista izan diren Jesus Mari Garate, Jose Luis Vallejo eta Iñaki Arregi hiru dantza-maisuen eskutik prozesu horri begiratuko diogu.
Juan Antonio Urbeltz: Iztuetaren ekarpena


Garate, Vallejo eta Arregi: hiru dantza-maisuren testigantza
Goizaren bigarren partean, XX. mendearen bigarren zatian Gipuzkoako dantzetan gertatu diren aldaketa sakonei erreparatuko diegu. 1970-80tik aurrera, Goizaldi dantza taldearen dantza-moldea zabaldu eta nagusitu da Gipuzkoan, eta herriz herri mantentzen zen dantza estiloa baztertu dute dantza taldeek eta ia desagertu da urte gutxitan.
Juan Inazio Iztueta, Jose Antonio Olano eta Jose Lorenzo Pujanak osatzen duten Goierriko dantza-maisuen dinastiaren oinordeko Candido Pujana eta honek sortutako Goizaldi dantza taldea aipatu izan da behin eta berriz, etenik gabe soka horren frogatzat, baina XX. mendean zehar, besteak beste Iñaki Gordejuela moduko Goizaldiko dantza-maisuen eskutik, dantza-molde honek bilakaera berezia izan zuen, ordurarteko estilo nagusitik bereiztuz. Ondoren, urte gutxitan eredu eraberritu horrek ia-beste guztiak baztertu eta ordezkatzea lortu du.
Prozesu hori bertatik bertara ezagutu eta bizi izan duten hiru dantza-maisuren laguntzarekin, Gipuzkoako dantzaera zaharraren testigantzak bildu eta eredu berriaren hedapena noiz eta nola gertatzen joan den ezagutzen saiatuko gara. Jesus Mari Garate ordiziarra, Jose Luis Vallejo tolosarra eta Iñaki Arregi andoaindarra izango dira ahalegin horretan lagunduko gaituzten dantza-maisuak. Azken 40 urteko Gipuzkoako dantzen bilakaera barrutik ezagutu dute hirurek ere, dantzari eta dantza-maisu moduan. Mikel Sarriegi beasaindarrak gidatuko du mintegia
Hitzaldia: Iztuetaren ekarpena. Juan Antonio Urbeltz - Argia / Ikerfolk
Mintegia: Gipuzkoako dantzakeraren bilakaera. Jesus Mari Garate, Jose Luis Vallejo eta Iñaki Arregi. Gidaria Mikel Sarriegi.
Data: 2016ko urtarrilak 16, larunbata
Ordutegia: 10:00–11:30 eta 11:30-13.00
Lekua: Dantzagunea. Pelotari kalea, z/g (Niessen eraikina) 20100 Errenteria
Prezioa: 15 €