Lizarrako larrain-dantza jatorria eta bilakaera aztergai

2016/11/08
Lizarrako larrain-dantza jatorria eta bilakaera aztergai

Lizarrako ingurutxoa edo larrain-dantzaren inguruan, asko dantzatzeaz gain, asko idatzi eta esan izan da, beti ere eztabaidarako lekua utziz. Haren sorrera, aldaerak, bilakaera, dantzakera, musikak... eman dute zeresanik. Hoien inguruan jardun genuen Raquel Ugartondo eta Javier Lanarekin suite erako dantza honen inguruan antolatutako mintegian.

Eztabaidarako inongo asmorik gabeko lana zela aitortuz ekin zion Raquel Ugartondok azalpen tarteari; azken urtetan sortu zaion jakin nahiak bultzatu zuela larrain-dantzaren inguruan dokumentatzera. 1996ko "Lizarrako gaiteroak. Lizarrako Larrain Dantza" diskoa eta 2003an argitaratutako "Baile de la Era de Estella. Tres Siglos de Oro" DVDa oinarrizko dokumentutzat dituztela adierazi zuen jarraian, batez ere bigarren zatian izango genuen dantzaren errepaso praktikoari zegokionerako.

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Musikari eta dantzari lotutako Lizarraren historiaren atzerabegiratu azkar bat egin zuen hasteko. Gaur egungo gaitaren eta haren errepertorioaren aita litzatekeen Julian Romanoren ondotik, XIX. mendean Romano eta Elizaga familia gaitajoleen gora beherak azaldu zizkigun; larrain-dantzaren historia ulertu ahal izateko ezinbesteko pertsonaiak.

Dantza honen erreferentzia historiko bila, 1864 urtean dokumentu zaharretan jasotako "baile de la gaita" edo "ha habido gaita" bezalakoak erakutsi zizkigun, dantzak instrumentuarekin duen lotura hertsiaren adierazle. Oraindik, ordea, ez da "baile de la era" hitz segidarik ageri inon ere ez. 1903an Alfontso XIII.a penintsulatik egiten ari zen bisitari itxaron beharko diogu gaur egungo dantza egituraren aurrekaria izan litekeenaren berri izateko.

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA
Errege gaztearen etorrera behar bezala janzteko eta ospatzeko, besteak beste, dantza berezirik ere eskaini nahi izan zitzaion: lehenago Julian Romanok indibidualki jo izan omen zituen zenbait pieza, haren seme Demetrio eta Anselmo Elizaga gaitero bikote zirenak batu eta suite antzera montatzea erabaki zuten dantzarako. Horretarako dozena bat bikote hartu eta apropos prestatu zuten erregearen erakusgarri izateko. Abuztuaren 29ko ekitaldi haren ostean garaiko prentsa eta udal dokumentuetan jasotako "baile llamado de las eras", "de las Heras" moduko erreferentziak erakusti zizkigun Raquel Ugartondok. Iribastarren baratzean, dantzariek entsaiatu zuten lekuan egindako argazkia ere ikusi ahal izan genuen. Lehen larrain-dantza eman zutenak ote? Deigarriena orduko janzkera zaigu denoi ere, gaur egungo edozein eredurekin zerikusirik gabea. 
Iribastarren baratzea, 1903
Orduko hartan, 1903an, katea, jota eta boleraz osatutako suita dantzatu omen zuten. Izandako arrakastaren ondotik, noizean behin egitura konposatudun dantza hura berriz ematea ekarriko du, batez ere Elizagatar gaiteroek bultzatuta. Anselmok kasu, balsa gehituko zion gerora.

Garaiko dokumentuetan oinarrituta, larrain-dantza aipatzen duten zenbait data edo mugarri bota zizkigun jarraian Ugartondok. 1928an Iruñean izandako dantza lehiaketan "baile de la era" delakoak irabaziko du, baina egitura aldatuz itxuraz. Honek Hilario Olazaran musikari kaputxinoaren haserrea ekarri eta, 1929an, "Baile de la Era de Estella" izeneneko pianoarendako partiturak argitaratu zituen. 1933an Elizagatarrek bultzatuta, larrain-dantzaren aldeko batzordea sortzen da Francisco Beruete ere gerora, 1944an, udal folklore taldea martxan jarri zuena– bertan zela. Larrain-dantza, berak bakarrik, udal taldeari "jaten" emateko gutxi zenez Beruetek dantza berriak sortu zituen, gaur egun oraindik dantzatzen diren "El desmayo" edo "Las ballestas de San Juan" esaterako. Bien bitartean, gerra garaian eta gerra oste hurbilean Seccion Femeninaren eskutik emandako dantza saioren bat edo beste baino ez omen zen izan. Gaur egunera hurbilduz berriz, Tito Sanchezen eskutik –udal taldearen gainbeherak eta Berueterekin zituen desadostasunak tarteko– Larraiza taldea sortu zen udal taldeari erreleboa hartuz. Hemendik sortu zen 1980an Ibai-Ega dantza taldea, Lizarrako gaiteroekin elkarlanean 2003an kronika honen hasieran aipatzen genuen erreferentziazko DVDaren egile.

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA
Raquel Ugartondoren azalpenak bukatuta, mahai inguru interesgarria sortu zen aipatutako eta aipatu gabekoen harira; azken hori, dantzak Euskal Herri osora izandako
zabalkundearen ingurukoa izan zen batez ere. Horrek dantza bere horretan eta une konkretu batean "ixtean" izan zezakeen eragina atera zen mahai gainera eta baita zabalkunde horrek ekarritako bertsioen arteko afera interesgarria ere. 

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Eseritakoak bukatuta dantzarako ondoko dantza-gelara pasa ginen. Ahozko parteak denbora asko jana zigun eta beraz astirik galdu gabe binaka jarri eta azkar-azkar Raquel Ugartondok eta Javier Lanak gaur egun Lizarran dantzatzen eta erakusten duten "larrain-dantza" erakutsi ziguten. Dantzarako era "askegoa" proposatzen zuten biek ere, edozeinek burukomin larregirik gabe dantzatu ahal izateko bestekoa; beti ere baina erreferentziazko DVDan jasotako kaiolaren barruan. Kaiola horren burdinen arteko tarteak zeinen handi ala txiki ote diren, duda horixe gelditu zitzaigun airean. Azken kalejiraren ostean, giro onean eta asmoa zen legez larrain-dantzaren inguruko ate guztiak irekita utziz, hurrengo batera arte elkar agurtuz bukatu genuen mintegia.

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Dantzan Ikasi, 2016-04-16. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC BY-SA

Horra Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoaren mintegiko argazki gehiago.