Ikastaroa: Gipuzkoako dantzak II. Berpizkundeko dantza-maisuen sistema

2015/11/12
Ikastaroa: Gipuzkoako dantzak II. Berpizkundeko dantza-maisuen sistema

"Danza d'escola" edo "Mestre de Dansar" izenekin ezagutzen dira katalanez XV. eta XVI. mendeetan Europak Gorteetan nagusi izan zen dantza irakaskuntza sistema eta horretan ziharduten irakasleak. Dantzaren sistematika hori apur bat ezagutu eta Gipuzkoako dantzekin izan ditzakeen loturak identifikat...

"Danza d'escola" edo "Mestre de Dansar" izenekin ezagutzen dira katalanez XV. eta XVI. mendeetan Europak Gorteetan nagusi izan zen dantza irakaskuntza sistema eta horretan ziharduten irakasleak. Dantzaren sistematika hori apur bat ezagutu eta Gipuzkoako dantzekin izan ditzakeen loturak identifikatzea da honako ikastaro honen helburua. Hain zuzen ere Gipuzkoako dantzei buruz egingo ditugun lau saioetako bigarrena izango da honako hau. Horretarako, Carles Mas, dantza-maisu eta musikari katalana izango dugu irakasle. Bere eskutik, Berpizkundeko dantza-maisuen errepertorioko zenbait dantza ikasiko ditugu, baina bereziki dantza horiek egiteko ikasi behar diren urrats eta urratsen konbinaketak landuko ditugu, Gipuzkoako dantzetan darabilgun sistema eta urrastegiarekin antzekotasunak ikusteko.

Berpizkundeko dantza-maisuak dantza irakasle eta musikari izan ohi ziren, zuzeneko musikarekin aritzeak dantzaren ikasketa prozesuan duen garrantziaz ohartarazteko ikastaro honetan ere bi musikari izango dira, musikari den dantza-maisuaz beraz gain. Errenazimenduko musikan espezializatutako musikaria, Francesc Tomas Panxito izango da ikastaroan dantza-lezioak musikaz osatzen.  

Larunbata, goiz eta arratsaldez, hartuko du ikastaroak. Azalpen teorikoak emango baditu ere, batez ere praktikoa izango da. 

Carles Mas i Garcia

Carles Mas i Garcia-rekin Berpizkundeko dantza-maisuen errepertorioari buruzko ikastaroa Udalaren Folklore Akademiak antolatuta. Gasteiz, 2005-12-28. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA.
Kataluniako ahozko tradizioko dantza eta musika egiten dituen Cobla Minima eta Kataluniako antzinako dantza eta musika lantzen dituen Baixadansar konpainietako zuzendari artistikoa. La Clavellinerako kolaboratzailea da sorreratik, eta Xuriach konpainiako zuzendarietako bat. Carles Mas dantza-maisua, dantzaria, eta flabiol eta kornamusa jotzailea da. 1975etik ikerketa zabala ari da burutzen Erdi Arotik eta Berpizkundetik gaur arteko dantza eta musika tradizionalaren inguruan, bai praktikan, baita dokumentu-funts historikoetan ere.

Bere formazioaren eta ikerketaren barruan garrantzia handia ematen die transmisioari eta pedagogiari. 1985ean Dantzaren Sari Nazionala eman zioten, kontrapasari buruz egindako ikerketa aplikatuagatik. 

Musika tradizionala irakasteko gaitasun agiriaren Masterreko titularra da Frantzian (Goi Mailako Irakaskuntza Masterra, 1991), eta Kataluniako musika tradizionaleko goi mailako gradukoa (ESMUC, 2010). Kurtsoak ematen ditu goi mailako kontserbatorioetan, eta musika eta dantzako irakasleak formatzeko zentroetan. Gaur egun, Frantziako Bar-le-Duceko Musika Hastapen Zentroko irakasle titularra da, eta dantza eta musika-maisua gonbidatua munduko hainbat tokitan. 

Ikastaroa: Berpizkundeko dantza-maisuen sistema
Irakaslea: Carles Mas i Garcia
Musikaria: Francesc Tomas Panxito
Data: 2015eko abenduak 19, larunbata
Ordutegia: 10:00–13.00 eta 15:00–18:00 
Lekua: Dantzagunea. Pelotari kalea, z/g (Niessen eraikina) 20100 Errenteria
Prezioa: 25 €

Izen-ematea eta informazioa

Izena emateko epea: tokiak bete arte (preferentzia izango dute ikastaro osora matrikulatutakoek)