Pamperruque, kalez kale danborraren soinuan dantzan

2022/04/20
Pamperruque, kalez kale danborraren soinuan dantzan

XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen karrika-dantza, Pamperruque izenez deitua, zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izan dugu Dantzan Ikasin; Jon Olazkuaga Garibal eta Jon Iruretagoienaren eskutik. Maritzuli konpainiak 2001. urtean hasi zuen bideari jarraitu dio Olazkuagak, dantzaren inguruko dokumentazioa aztertzen jardun azken urteetan eta Claude Iruretagoienak abiatu zuen lana borobiltzen eta osatzen aritu da.

Duela 200 urte inguru galdu zen dantzaren inguruko azalpenak egin ditu Olazkuagak Gipuzkoako Dantzagunean antolatutako saioan; datu historikoak, testuingurua, bilakaera edota jantzi, musika eta koreografiari buruz jasotako xehetasunak kontatu ditu, eta horiei jarraika egin duten berreskurapen proposamena azaldu du. Teoriatik praktikara salto egin eta birsortu duten dantzaren oinarrizko zatiak dantzatzeko aukera ere izan dugu; momentu batez denboran eta espazioan bidaiatu eta XVIII. mendeko Baionako kaleetan dantzan ikusi gara.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Baionako XVIII. mendeko karrika-dantza

Pamperruqueri buruz gauza asko idatzi direla dio Olazkuagak, baina nahiko modu anekdotikoan eta idazki batetik bestera datuak asmatzen joan direla uste du. Beraz, argi dakigun bakarra honakoa da: dantza ibiltaria da, kalez kale joaten dena sokan. Dantzari gazteek osatzen dute soka zinta apainduekin eta jantzi dotoreekin. Pamperruque soka-dantza, karrika-dantza edo branle bat litzateke, "leku eta denbora jakin batean eta pertsona talde bati lotua dena".

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Hipotesi baten arabera Gaskoniatik etor liteke hitza eta “danborraren soinua karrikaz karrika” esanahia izan lezake. Danborraren soinua entzuten da zerbait ospatu behar delako, hau da, dantza beti festa giroan agertzen da. Bi festa motatan azaltzen da: Frantziako Erresumako biziari lotutako festetan (bake itunak, jaiotza bereziak...) eta garrantzizko pertsonei ongi etorria egitekoetan, errezibitzeko festetan. Monarkiarekin harreman handia zuenez, salbuespenak salbuespen, frantses iraultzarekin eta monarkiaren deuseztapenarekin desagertu zen.

Pamperruque baten lehen aipua. Irudia: Baionako Artxiboko dokumentua

Dantzaren inguruan aurkitu den lehen aipamena, 1701ekoa da. Baionako artxiboan dago jasoa, Felipe V Espainiako erregea bilakatuko zena Baionan errezibitu zen festako testigantza da. Olazkuagak ikusi du dantza ez zela sistematikoki plazaratu, XVIII. mende guztian hamabost bakarrik kontatu ditu. Zenbait kasutan, bata bestearen artean 20 urtetik gora igaro ziren.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

100 urtean aldatzen

Mende hasieratik bukaeraraino asko aldatu zen dantzaren eredua, "1701an dantza asko dira kaleetan zehar, jendea kalean bizi da eta elkarrekin dantzatzen dira taldeetan. Mende bukaeran, berriz, dantza bakarra agertzen da, dantzari talde bakarra eta kopuruz txikiagoa". Hasierako dantzak oso sinpleak direla konturatu da, "modu espontaneoan egiten dira, jendea batzen da eta kalean dantzatzen dira biribilketa moduan". Gizartea aldatzen zihoan heinean, ordea, festak egiteko eta dantzatzeko modua ere aldatuz joan zen.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

XVIII. mendean edonork parte hartzen zuen, baina bakoitza bere multzoan, gizarte-klaseak ordezkatzen baitziren. Lehenik eskutik helduta eta gero zapiak eta lokarri bereziak sartzen hasten dira. Pixkanaka burgesen sokak garrantzia hartu zuen, Herriko Etxetik ateratzen zenak, hain zuzen ere. Horrela, 1722-1729 bitartean soka ofizial baten sortzea ikus daitekeela dio Olazkuagak; "Baionako gazteriak dantzatua, hiriaren boterea, osasun ona eta burgesen gizartea irudikatzen duena". Beraz, dantza espontaneo izatetik ikusgarri izatera igarotzen da. Jantziak uniformeak bilakatu zirena ikusgarri bihurtu zenean, 1749. urtean, zehazki, eta Olazkuagarentzat urte hori hartu behar da lehen ikusgarri moduan.

Pamperruque baten proklamazioa. Irudia: Baionako Artxiboko dokumentua

Dantzak gordetzen duena

Soka ofizialaren sorrerarekin leku bereziak bisitatzen hasten dira, hala nola, Herriko Etxea, Gotzainaren etxea eta Gobernamenduaren palazioa. Horrela, botere zibila eklesiastikoa eta militarrari keinu egiten zaio, eta pertsona garrantzitsuen etxeen aurretik ere igarotzen dira.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Sinbolikoki, Herriko Etxeko pertsonek prozesioan hiriaren itzulia egiten dute, bake ituna proklamatzen dute herriko ertz guztietan, "hiria inguratzen dute eta zirkulua bukatzen dutenean berriro haien boterea kaleen gainean mantentzen dute. Dantzarekin gauza bera gertatzen da".

Baiona eszenatoki bilakatzen da eta dantzaren bidez erakusten dute Baionako jendeari eta kanpokoei ze boteredun diren, ze aberats diren eta nola menperatzen duten hiria.

Baiona inguruko ibilbidea, bake itunen proklamazioa egiteko segitzen zutena XVIII. mendean.

Atzera begiratuz sortzen

Hiru iturri nagusietatik tiraka ibili da Olazkuaga ikerketa honetan: René Cuzacq ikerlariaren La pamperruque: danse bayonnaise (1942) lana, Baionako Artxiboko dokumentuak eta Frois familiaren bildumako La Pamperruque (1781) margolana.

La Pamperruque, Saint Spirit plaza, Baiona, 1781. Frois familiaren bilduma

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Olazkuagaren helburua dantzari buruzko xehetasunak bildu eta hariei tiraka dantza birsortzea izan da. Lan koreografikoa ere ez du zerotik abiatu, Maritzuli konpainia 2001. urtean hasi baitzen dantza horren inguruan lanean eta zenbait proposamen landu izan baititu urteetan zehar. Jon Iruretagoienak 2001ean abiatutako birsortze lanaren nondik norakoak azaldu ditu. Orduan, Christine Grimaldiren laguntza izan zuten, antzinako dantzetan aditua izanik berak eman baitzizkien zenbait gako dantzaren birsortzea bideratzeko.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Pamperruque, Biarritz, 2009. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan

Momentuan ezin da jakin nola dantzatzen zen XVIII. mendean, baina iturrietako datu urriak kontutan hartuta eta inguruko dantza-sistemetatik edanda (Berpizkundeko dantzak, jauziak, soka-dantzak, branleak) sortzen ari dira dantza. 

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA