Erritmo hirutarrekin jolasean

2017/06/07
Erritmo hirutarrekin jolasean

Joan den maiatzaren 13an, hirutar erritmoekin jolasteko aukera izan genuen Eibarko Portalea Kultur Etxean, Dantzan Ikasik antolatutako Hirutarrak: balsa, mazurka, fandangoa eta ingurutxoa ikastaroan.

Balsa dantzatzen hasteko prest. Argazkia: Eire Vila. Dantzan.eus CC BY-SA

Aiko taldeko Patxi Laborda eta Sabin Bikandi aritu ziren irakasle lanetan eta hirutarren ibilbide interesgarria erakutsi ziguten. Balsaren, mazurkaren, fandangoaren zein ingurutxoaren arteko lotura, antzekotasunak edota ezberdintasunak azaldu zizkiguten.

Sabin Bikandi arbelean azalpenak ematen. Argazkia: Eire Vila. Dantzan.eus CC BY-SA

Balsarekin hasi genuen goiza eta ingurutxoarekin eman genion amaiera ikastaroari, egitura hirutarrak ulertzeko erremintak eskaini zizkiguten Labordak eta Bikandik.

Patxi Laborda mazurkaren oinarrizko pausoak erakusten. Argazkia: Eire Vila. Dantzan.eus CC BY-SA

Ikastaroak bazuen gure saioetan ohikoa ez den osagai bat: dantzarako baliabideak ikasteaz gain, ingelesa praktikatzeko aukera izan genuen. Egun horietan Utah-ko Unibertsitateko dantza-ikasleak hemen zebiltzanez, ikastaroan parte hartu baitzuten beren astebeteko euskal dantzen inguruko formazioari amaiera emateko.

Balsaren oinarrizko urratsak sokan. Argazkia: Eire Vila. Dantzan.eus CC BY-SA