Eibarko dantzakeraren arrastoei begira
Eibarko dantzakerari erreparatu dio Mikel Sarriegik Eibarko saioan, eta Gipuzkoako dantza sistemaren baitan maiz estandarizatu eta bateratu gisa aurkezten dugun eredua zalantzan jarri du. Azaldu duenez, azken hamarkadetan finkatu den dantzakera estandarra ez da hain zaharra, eta aurretik bazegoen egitura aberatsago baten gainean eraiki da: tokian tokiko aldaerez osatutako sistema bat. Horren arrastoak bilatu ditu Eibarko dantzakeran, bereziki mugimenduetan, sarreretan eta itxieretan.
Aldakortasuna sistemaren barruan
Eibarko dantzakeran arreta berezia jarri da agurraren egituretan eta itxiera mugimenduetan. Sarriegiren arabera, hemen ageri da bereziki sistema zaharraren aniztasuna: “ez dago egiteko modu garbirik, eta ezta egiteko modu bakarra ere”.
Agurraren itxieretan agertzen diren “gurpila” moduko mugimenduak aipatu ditu, non gorputzak kanporantz eta barrurantz egiten dituen ibilbideak ez diren modu uniformean arautzen. Horrek lotzen du Eibarko tradizioa Markinako eta inguruko beste zenbait herritako ereduekin, eta antzekotasun eta gurutzatze interesgarriak erakusten ditu.
Sarriegiren interpretazioan, gurpil edo biraketa horiek ez dira apaingarri hutsak, baizik eta antzinako egitura baten hondarrak: sistema batean moldaketarako tartea bazegoen seinale. Hori dela eta, gaur egun estandar gisa ulertzen duguna, bere ustez, berriki egindako bateratze prozesu baten emaitza litzateke.
Grabazio historikoen lekukotasuna
Saioan Eibarko garai bateko dantzariak ageri diren hainbat grabazio historiko ere erakutsi dituzte eta gaur egun ia galduta dauden xehetasunak agertu direa. Besteak beste, bi oinak parean hastea, puntako mugimenduak lurretik gertu markatzea edo agurrak etenik gabe kateatzea.
Zentzilloaren inguruan ere Eibarren gordetako molde bereziak azaldu ditu. Klub Deportiboko grabazio zaharretan Debako San Roke dantzarekin eta Oñatiko moldeekin lotutako zentzilloak identifikatu ditu. Gaur egun Gipuzkoan nagusitu den molde estandarraren aurrean, lehen aukera gehiago zeudela defendatu du.
Sarriegiren hitzetan, “sistema zaharrean dantza aukeran bertan ez da mozten; dena doa segida batean”. Horregatik, gaur egun gaizki egindako edo nahasi gisa interpretatu izan diren zenbait mugimendu, bere ustez, tradizio zaharraren aztarna baliotsuak lirateke.
Estiloen arteko mugen lausotzea
Azken zatian hanka altxatzeei erreparatu die. Bere hipotesiaren arabera, “lehenago oin-puntan markatzen zen mugimendua, denborarekin hanka altxatze bilakatu da”.
Haren hitzetan, “apaingarri gisa txertatu da gero poliki-poliki indarra hartuz”, eta horrek gaur egun natural gisa ulertzen dugun forma sortu du. Maisu zaharren testigantzetan, ordea, ez da agertzen mugimendu horren izen zehatzik: “ez dauka izenik hanka altxatze horrek”. Eta horrek erakusten du, Sarriegiren iritziz, hanka altxatzeko mugimendua ez zegoela sistema zaharrean, salbuespeneko apaingarri moduan ez bada.
Eibarko ikuspegitik, horrek erakusten du ez dagoela garbitasun historiko itxi bat. Deba, Oñati, Markina edo Lesaka bezalako erreferentziek erakusten dute antzeko keinuak modu desberdinetan egin direla, eta horrek zalantzan jartzen du eredu bakarraren ideia.
Sarriegik, halaber, zalantzan jarri du Gipuzkoar eta Bizkaitar estiloen arteko bereizketa zorrotza. Bere ustez, azken ehun urteetan joan dira egiteko moldeak elkarrengandik aldentzen, baina lehen askoz lotura eta jarraitutasun handiagoa zegoen.
Ondorio nagusi gisa, dantza-sistema ez dela egitura itxi bat baizik eta etengabe moldatzen joan den sare bat dela azpimarratu du: herri bakoitzak bere bertsioa garatu du, sistemaren barruan bertan, hizkuntzarekin gertatzen den moduan.