Goierriko dantza-maisuen sistema aztergai
Mikel Sarriegi Goierriko dantza-maisuen sistemaren inguruan egiten ari den ikerketaren azalpenekin osatu zen Dantzan Ikasiren programan lau saiotan antolatutako Gipuzkoako dantzei buruzko ikastaro edo desikastaroa. Hirugarren saioaren ildotik, bere Gipuzkoako dantzen sistema zaharra ezagutzeko lanean dihardu Beasaingo dantza-maisuak. Goierritik abiatuta eta Gipuzkoako beste eskualdetara hedatuz, hainbat dantza-maisuri elkarrizketak eta filmaketak egin dizkie Sarriegik eta, jasotako informazioari esker, gipuzkoar dantzakeraren sistema zaharraren ezagutza osatzen ari da.
Goierritik Donostialdera eta buelta
Goierriko dantza-maisuek, Jose Lorenzo Pujana ordiziarra tarteko, Gipuzkoako hainbat eskualdetan irakatsi zuten dantza sistema hau XX. mende hasieran, eta Donostialdean, XX. mendearen bigarren erdian bilakaera propioa izan du. Hiriburuan eratorritako dantzaera Gipuzkoako dantzen estandar gisa gailendu da, baina zenbait herritan, moda berriaren eraginetik kanpo, molde-zaharrean jarraitu dute irakasten dantza sistema dantza-maisu batzuek.
Indusketa arkeologikoa bailitzan dihardu Mikel Sarriegik, dantza-sistema zaharra osatzen zuten irizpide eta ezaugarriak, ondorengo "kutsaduratik" bereizten eta antolatzen. Goierrin bakarrik 34 testigantza bildu ditu, dantzaera sistema-zaharraren aztarnak erakutsi dizkiotenak. Bide horretan, Jose Lorenzo Pujanaz gain, dantza-sistema bera ikasi eta trasnmititu izan dituzten dantza-maisuen izenak agertzen hasi dira: Pasatxo, Mikel Arrese, Blas Arrieta, Eduardo Telleria, e. a.
Euskarak XX. mendean izandako bilakaera baliatu zuen Sarriegik Gipuzkoako eta Goierriko dantzak bereizteko. Donostialdeko dantzaera estandartzat jo izan denez, euskara batuaren papera eman zion, eta Goierriko dantzei bertako euskalkiarena.
Berpizkundeko saloiak eta Aralarko saroiak
Berpizkundeko dantza-maisuen sisteman eta Goierriko dantza-maisuen sistemaren artean antzematen dituen antzekotasunak azpimarratu zituen Sarriegik. "Pasatxo" Esquivelen bekaduna ote? Dantza eskola boleroa eta aurreskua jatorri berekoak ote? Berpizkundeko saloietako dantzakerak segida izan ote du Aralarko saroietan?
Goierriko dantza sistema zaharraren arautegi nagusia bat dator Errenazimenduko dantza-maisuen sistemarekin. Esquivel-ek bezala, proportzioan, neurrian jartzen zuen garrantzia Eduardo Telleriak (Segura, 1932), Jose Lorenzo Pujanarekin ikasitakoak.
Puntuz puntu
Goierriko dantza-sistema osatzen duten elementuak aletu zituen Sarriegik: estiloa, dantzariak landu beharreko memoria, aritzeko tokia, airea, keinua, e.a. Urratsik ez da ageri Goierriko dantza-maisuen sistema zaharrean. Puntuak dira unitatea. Progresioa egitekotan beraz, puntuak, aldairak eta dantzak beharko luke Sarriegin iritziz. Gurutze tankerako hasierako posizioa bera zalantzan jartzen dute dantza-maisuen testigantzek. Bi orpoak parez-pare, 10:10 posizioan zioen Pujanarekin ikasitako Blas Arrietak (1932).
Sarriegiren iritziz, Goizaldik hedatutako dantzakera ez zen Pujanatarrek zerabiltena. Candido Pujanak 1952an utzi zuen Donostiako dantza taldearen gidaritza, eta badirudi, besteak beste Oronoz, Gordejuela eta Montes-en garaian bilakaera berezia izan zuela Gipuzkoako dantzakerak Goizaldiren baitan.