Manexak Zuberoako dantzakera barneratu nahian
Zuberoako dantzariek liluratuta uzten gaituzte sarri, manexok saiatzen gara imitatzen baina konturatuta gaude badagoela alde egiten digun zerbait. Urratsak errepikatzen ditugu, baina estiloak edo dantzakera deitzen diogun horrek ihes egiten digu. Hori dela eta, Dantzan Ikasi programaren barruan Titika Rekaltekin elkartu gara Beasainen zuberotarren dantzakera landu asmoz.
Borobileko dantza jauziekin aritu gara Zuberoako dantzakera barneratu nahian. Dantzan hasterako Titika Rekaltek Zuberoako jauziak beste zonaldeetako jauziekin alderatu ditu. Zuberotar dantzariek bakarrik ematen dioten airea eta estiloa barneratzeko zenbait gako eman dizkigu. Zuberoan hankak gehiago ixten dira eta erritmoa mantsoagoa da. Motelago aritzeak gorputzari beste mugimendu bat ematen dio, balantza moduko bat. Gorputzaren izaera da ezberdintasun handiena eta hori aipatu dugun mantsotasunak ematen dio.
Lehenengo jauzia dantzatu ondoren, askok dantzakera gipuzkeratuta dutela nabarmendu du Rekaltek eta hori lantzen hasi gara. Balantza lantzeaz gain "zeina" edota "pika" urratsak txukundu ditugu. Indar berezirik egin gabe, baina oinak zapaldu behar direla dio Rekaltek. Zuberoako dantzarien oinetako zuriak erreparatzen baditugu, ertzak belztuta izaten dituztela azaldu digu, behin eta berriz zapaltzearen ondorioz. Zapaltzerekin batera, oina sartu egin behar dela dio. Segaren mugimenduarekin konparatzen du oinarekin egin beharrekoa.
Zuberoan ezagunenak diren ostalersa eta aitzina pika jauziekin hasieran eta bukatzeko zailtasun koskatxo bat handiagoa duen muneina dantza-jauziari heldu diogu. Hiru jauzi horiek oinarri hartuta landu ditugu manexok Zuberoako dantzakera eta urratsen ñabardurak.
----------------------------------------------------------------------------------
Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.

