Plazako dantzen errepertorioa berritzen eta aberasten

2023/01/18
Plazako dantzen errepertorioa berritzen eta aberasten

Sortu berri dituen plazako dantzak aurkeztu ditu Patxi Monterok Elgetan egindako Dantzan Ikasin. Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak tradizionala 8 deialdian aurkeztutako proiektutik abiatuta, 25 bat plazako dantza proposatu ditu, “sortu ditudan dantzen helburua ez da gero dantza horiek plazara edo taldeetara eramatea. Ez dut dantza estankoen edo finkoen bilduma egin, adibideak dira”. Egindako lanarekin dantzaldietarako sormena aldarrikatu nahi du. Horrela, Euskal Herriko dantza eta musika tradizioaren oinarri hartu eta egungo plazetako testuingururako egokiak izan daitezkeen dantzak moldatu ditu. Azaroaren 26an eta 27an aurkeztu du Monterok egitasmoa. Larunbatean dantza plazen testuingurua azaldu eta hortik bere proiektuaren abiatzea azaldu du; gogoetatik abiatuta, erakustaldi praktikoa ere egin du. Igandean, jendaurreko aurkezpen-dantzaldia egin da zuzeneko musikaz lagunduta. Hasteko, Eingo taldeko Iker Allur-ek Monterok proiekturako propio moldatutako doinuak jo ditu, eta jarraian Alboka taldea, egitasmorako erabili diren euren doinuak jotzen.

Plaza dantzak sendo

Plazako dantzena indarrean dagoen fenomenoa dela ikusten du Monterok; eskaintza handia dago, hitzordu ugari daude, astero batean edo bestean dantzaldiak antolatzen dira, “plazan dantza egitea modako dago. Ederra da dinamika hori berreskuratu izana, elkar harremanerako eta ludikotasunerako baliabide bezala”. Dantzaldiak, ikastaroak, dantzariak ugaritu dira, baina dantzarako errepertorio proposamena ez du sumatzen neurri berean handitu denik, “sarritan errepikapen sentsazioa izaten dut, proposamenetan ez dago berritasun handirik”.

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Egungo plazetan aurkitzen diren eredu zehatzak identifikatu ditu: trikitia eta panderoa, muxikoak, Dantza Plaza (Bilbo inguruan, dantza taldeen errepertorioak) eta Baztango eredua (mutil-dantzak, gaita, larrain-dantza). Nahiko eredu finkoak direla dio eta zenbait kasutan berritasun edo aniztasun bila joan nahi denean honakoak dira iturriak: Folkloreko dantzen errepertorioa, Kanpoko musika edo dantzakeren moldeak, Munduko Dantzak, Balfolk jaialdiak.

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Zaharretik berria

Nahiz eta badauden salbuespenak, kanpoko ereduei begiratzen zaie eta “gutxi jo ohi da sortzera, batez ere, zentzuz sortzera”. Monterok argi du hizkuntzak, kulturak egiten gaituela herri bezala, baita zerk dantzatzen garen ere, “herri bezala dantzatzen garena gara”. Eta Joxan Artzeren aipua ekarri du: “iturri zaharretik ur berria”. Uste du Euskal Herriko dantza eta musika tradizioak aukera oso aberatsa eskaintzen duela plazako dantzetarako proposamen garaikide berriak sortzeko, “horrekin ariko ginateke gure ondare aberatsa berrerabiltzen eta balio berria ematen. Asko dago gurean arakatzeko, kanpokoetara joan gabe”.

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Ekimenaren helburua izan da indarra ematea Euskal Herriko tradizioko hainbat dantza molderi, egun gutxi erabiltzen direnak: soka-dantzak, dantza kantatuak, irradakak, ingurutxoak, kontra-dantzak eta irri-dantzak. “Dantza horiek aldarrikatu nahi ditut, sustatzea sistema hauetan sormena gehiago erabiltzea”. Adibideen bidez egin nahi izan du hori eta erakutsi jendeari posible dela guretik sortzea, zentzuz, tradizioz jasotako dantza moldeetan eta tradizioaz jasotako musikarekin. Garrantzia ematen dio lotura emozionalari, “Euskal musikan daukagu ondare eder eta aberatsa, balioa ematea merezi duena. Kantu eta doinu horiek entzutean konexio emozionala eginda daukazu eta dantzan emozioen munduan gabiltza; atxikimendu emozionala behar da”.

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Teoriatik dantzara

Sortu duen errepertorioaren inguruko azalpenak partekatu ditu Monterok larunbateko saioan; plazako egungo panoramak, ze kezketatik abiatu den eta nola sortu duen. Azalpenekin batera moldatu berri dituen zenbait dantza ere erakutsi eta dantzatzeko tartea izan da.

Igandeko saioan, berriz, dantzek hartu dute protagonismoa. 100 bat dantza zale Elgetako Espaloia Kafe Antzokian dantzan! A ze, giroa!

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-27. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-27. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi, Plazako dantza berriak, Patxi Montero, Elgeta, 2022-11-27. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA