Rapper dantzekin jolasean
Bigarren aldiz Dantzan Ikasin, euskal errepertoriotik kanpo salto egin eta rapper ezpata-dantzetan "korapilatzeko" aukera bikaina izan genuen Tom Redman eta Laura Field-ekin. Izan ere, 2011an ere rapper-ekin aritu ginen Jeremy Carton Gordon-en eskutik Dantzan Ikasiren ikasgelan. Eibarko Portalea kultur-etxeko dantza-gelan batu ginen lagunok mundu berri bat zapaldu ahal izan genuen, urrats gutxi batzuek baino ez baziren izan ere. Ikastaroaren nondik norakoak adi-adi entzun genizkion hasieran Tom-i. Ingelesaren hesia segituan saltatu genuen dantzan hasi ginen orduko.
Rapper dantzek oinarrizko bi lanketa dituzte; batean erritmoa markatuz eboluzio koreografikoen artean tartekatzen den zapateatu edo clogginga, eta bestetik ezpata flexible banaz elkarri lotuta direla dantzarien arteko eboluzio eta forma koreografikoak. Tom-ek esku-soinua atera zuen eta haren musikaren erritmora oinpunta azpiaz astintzen jarri gintuen korroan ginela. Mingain punta ezpain hegian genuela, ez da gero barneratuta dugun oin-mugimendua zapateatua! Hurrengo azalpenak oinarrizko figura koreografikoen inguruan joan ziren. Coach-and-horses, single guard, glass, hay market, fixy edo cramper moduko izenez ezagutzen ziren figurak osatu ahal izateko mugimenduak erakutsi zizkiguten, eta pixkanaka elkarren artean kateatzen joan ginen.
Bi taldetan banatuak ginen ordurako: talde bat aurretik inoiz arituak zirenekin eta bestea berriz lehen aldiz ezpata-dantza bizi eta jostagarri hauengana hurbiltzen zirenekin. Tom batean eta Laura bestean gidari zirela, bostekoak osatu genituen eta lehenengoak oin-jokoa figura desberdinekin uztartzen ahalegintzen ziren bitartean, beste batzuek nahikoa lan zuten aurretiaz landutako mugimendu segida elkarren atzetik behar bezala kateatzen.
Zenbait korapilatze eta askatze elkarren atzetik kateatu ostean, nut edo rose deitzen duten parrilla osatzea zen momenturik berezienetakoa: bost ezpatak elkarren artean trabaturik izar itxuran, dantzari gidariak gero esku batez heldurik zuela altuan erakusten zuen garaipen txiki baten adierazle (handia! esango genuke ikastaroan parte hartzen genuenondako).
Konturatu gabe ia hiru ordu joan zitzaizkigun burdin xafla haien artean korapilaturik, dantzan eta giro umoretsuan. Ez da harritzekoa dantza molde hauek Ingalaterran zein ozeanoez bestaldeetako ingeles arrastodun lurraldeetan duten arrakasta; boskotean elkartuta, dibertitzea eta dantzatzea, zein zeinen aitzakia ote den argi izan gabe, mugarik gabeko sorkuntzari bidea uzten dioten dantzak dira, haur, gazte zein helduenek ere praktikatzeko modukoak. Alegia, hirugarren txandarik ere izango dugula ongi bidean Dantzan Ikasin rapper-ekin berriz gozatzeko.