Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera datoz berriz

Dokumentuaren akzioak

Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera datoz berriz

2017/05/03 08:10
Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera datoz berriz

Utahko Unibertsitateko ballet ikasleak fandangoa dantzatzen. Eibar, 2008.

Salt Lake Cityn (Utah, AEB) Dantzako gradua burutzen ari den ballet ikasle talde bat Euskal Herrian izango da maiatzaren 7a eta 14a bitartean euskal dantza tradizionalak ikasten. Orain urte batzuk, 2008an hain zuzen ere, etorri ziren Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikastera, eta oraingoan beste belaunaldi batek errepikatuko du esperientzia.

Utah-ko Unibertsitateko dantza ikasle hauek Richard Wacko irakasleak zuzentzen duen Character Dance Ensemble taldean aritzen dira, eta urtero tokiko dantzak ikastera joaten dira munduko herrialderen batera. Ballet klasikoa egiten duten neurrian, tokiko dantza baten ezaugarri propioak, estiloaren izaera eta bereziki, tokiko dantza tradizional batek egindako ekarpenak ikastea dute helburu nagusitzat.

2008-03-21_Utahko-ak-Eibarren-ensaioa 037-r.jpg
Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak euskal dantzak ikasten. Eibar, 2008.

Euskal dantza tradizionala

Folklore dantzak, euskal dantza tradizionalak ikasi nahi dituzte Estatu Batuetako ballet ikasle hauek. Beraien irakasle Wackok erizten dio oso garrantzitsua dela beraien formakuntzan euskal dantza tradizionalak apur bat ezagutzea, eta horretarako Euskal Herrira etorri eta bertako irakasleekin ikasi, eta bertako dantzariak ikusi behar direla. 2008an etorri zirenean pozez zoratzen agertu zen Wacko, besteak beste Zuberoako maskaradak zuzenean ikusteko aukera izan baitzuten.

2008-03-17_Arrokiaga-Maskaradak-OA 368-r.jpg
Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasleak eta Richard Wacko irakaslea Arrokiagan, maskaradak ikusten, 2008-03-17.

Dantzan.com elkarteak antolatutako ikasketa programa  izango dute Utahko dantzariek Euskal Herrian. Dantzan Ikasi formakuntza programaren barruan uztartuko da, eta horrela, ikastaldi batean Dantzan Ikasiko ohiko ikasleek eta Utahko ikasleek, elkarrekin jardungo dute, Aiko taldeak hiruko erritmoen inguruan eskainiko dien saioan.

Kezka dantza taldeak egingo die harrera Utahko dantzariei Eibarren, eta Ikerfolk elkartearen laguntzarekin, Gipuzkoa eta Zuberoako dantza sistemak ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, Gipuzkoako Dantzagunean, Errenterian izango dira egun batean eta Dantzertin, Bilbon, beste batean, bertako dantzariekin batera euskal dantza ikastaroa jasotzen.

Hona hemen 2008 urtean etorri zirenean Euskal Telebistako Postdata saioan eskaini zen erreportajea.