Dokumentuaren akzioak
Fast-dance, azkar ikasten dute Utahko dantzari hauek!
Urratsak eta koreografia lehen begiratuan harrapatu dituzte. Karakterra, estiloa, zailagoa izan da, dantza klasikoaren estiloa oso barneratua baitzuten, baina ahalegin handia egin dute horretan ere eta azken egunetarako alde handia antzematen zitzaien. Ez diote lanari ez nekeari beldurrik, eta minutu bat lehenago ikasitako dantza berria bakarka egiteko inolako arazorik ez dute.
Utah-ko Unibertsitatean ballet ikasketak egiten ari dira. Lau urteko diplomatura bat lehenengo eta beste bi urteko lizentziatura gero. Ikasketak bukatutakoan dantzari profesionalak izango direla argi dute Eibarrera etorritako dantzariek. Estatu Batuetan hainbat dantza konpainia daude, eta horietako batean sartzeko probetara aurkeztea da beraien asmoa.
Irakaslearen jakinmina
Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasketa horietan karaktere dantzen irakasle den Richard Wacko-ren eskutik etorri dira Euskal Herrira. Ama norbegiarra eta aita errusiarra ditu, Kanadan jaio zen eta Errusian egin zituen dantza ikasketak. Errusiako dantza konpainia profesional bateko dantzari zela Europan barrena biran zegoela Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituen Wackok orain 20 urte inguru. Bilbo eta Donostia ezagutu zituen, eta euskal dantza batzuk aurrez-aurre ikusteko aukera izan zuen. Harridura eragin zion ikusitakoak, aurretik ezagutzen zituen dantzekin zerikusi gutxi zutela iruditu baizitzaion.
Urtero munduko bazterren batera jotzen dute Utahko Unibertsitateko ikasleek beren formazioa osatzeko. Aurten Euskal Herrira etorri eta euskal dantzak ikasi behar zituztela pentsatu zuen Richard Wackok. Ohitura duten bezala eta Unibertsitateko talde bat izanik euskal unibertsitateetan hasi zen pareko irakasle, sail edo ikasketen bila. Baina putza. Euskal Herrian unibertsitatean ez dago dantzaren arrastorik. Ordezko bila jo zuten gugana eta horrela jarri ginen harremanetan.
Ikastaroa Ikerfolk-ek eman du
Ikerfolk elkartea arduratu da ikastaroaren edukietaz. Dantza preklasikoak, alegia, dantza klasikoaren sorreraren aurretikoak izanagatik dantzakera eta teknika akademikoaren zantzuak dituzten errepertorioak izan dira ikastaroaren zutabe nagusiak. Gipuzkoako dantzak eta Zuberoako dantzak hain zuzen ere. Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendi dantza maisuak arduratu dira ikastaro praktikoetaz, eta Juan Antonio Urbeltz-ek saio teoriko bat eskaini die.
Ikasi eta ikusi
Ikastaroan ikasten ari ziren dantza batzuk zuzenean dantzatuak ikusteko aukera izan dute. Martxoaren 16an, igandean, Arrokiagan izan ginen Atharratze eta Alozeko gazteek emandako maskarada ikusten. Bezperan hasi zen ikastaroa eta Zuberoako dantzak ikasten eman zuten larunbat goiza, beraz, Zuberoara iritsi orduko ezagunak zitzaizkien antrixatak, frejat, pas fracaise edo muxeta moduko urratsak. Maskaradetan ikusleek ere jauziak dantzatzeko aukera izaten dutenez, horretarako prestatuta joan ziren Arrokiagara Utah-ko dantzariak. Larunbatean bost minututan ikasi zuten Aitzina Pika jauzia, eta goizeko barrikaden ondoren eta arratsaldeko emanaldiaren ondoren ere dantzatzeko aukera izan zuten.
Bralea dantzatzeko ikusleak bildu zituzten plazara maskaradariek, eta haien artean bai Eibar eta bai Utah-ko dantzari batzuk ere aritu ziren zuberotarrekin eskuak emanda jauziaren soka-dantzan, bralean eta karakoiltzian.
Haritz eta Kezka
Portalean egin diren dantza klaseetan kezkako dantzari batzuk izan dituzte lagun astean zehar, eta horrez gain astearte iluntzean, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek emanaldia eskaini zuten Hezkuntza Esparruko antzokian Utahko dantzarientzat. Gipuzkoako brokel-dantzaren sortako zenbait dantza, soka-dantza, Durangaldeko dantzari-dantzaren zenbait dantza eta fandango eta arin-arinak ikusi ahal izan zituzten. Olatz Arriola, Itziar Korta eta Iñaki Barua aritu ziren txistu eta danborrakin eta Adolfo Jainaga eta Eneritz Aranburu trikitixa eta panderoarekin. Horiekin batera, Añorgatik etorritako Otamendi anai-arrebek (Jokin, Lierni eta Garikoitz) doinu zahar batzuk jo eta dantzatu zituzten.
Argazkia tamaina handian ikusi
Dantza-klase, hitzaldi eta emanaldiez gain, Euskal Herriko txoko batzuk (Bilbo, Donostia, Deba, Getaria, Eibar -baita Arrate ere-, Arrokiaga...) ezagutzeko aukera izan dute. Jatekoarekin dantzan beste gozatu dute.
Bisitak komunikabideen arreta piztu du eta saiatu gara hori aprobetxatzen aldarrikapen txiki batzuk egiteko. Alegia, Utah Unibertsitatetik euskal dantzak ikastera hona datozen bitartean, Euskal Herrian unibertsitatean ez dagoela euskal dantza ikasketarik egiteko modurik, eta gainera, hemengo unibertsitatetik ez direla inoiz ondare eta euskal ezagutzaren alor honekin interesatu. Berria, DV, Correo, Noticias de Gipuzkoa eta Deian jaso dute bisitaren berri, Herri Irratia, SER eta Radio Euskadin egin dizkigute elkarrizketak eta ETBko albistegietan ere egin dute erreportaje bat. ETBko postdata programarako ere grabatu zituzten irudiak eta elkarrizketak eta baliteke aste honetan ematea.
Utah-n bai ondo!
Horrela ibila gara hamar egunez. Beraiei esan diegun bezala zorte handia dute, dantza ikasketak unibertsitatean egiteko aukera dutelako eta Richard Wacko moduko irakasle argi eta irekien eskutik ez dantza klasikoa bakarrik, baizik eta munduko bazter desberdinetako dantzakerak ezagutzeko aukera dutelako. Utah-tik etorri dira Euskal Herrira ikastera, baina guretzat ere lezio ederra izan da. Eskerrikasko!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19