Iñaki Arregi: "Soka-dantzak kohesio sozialaren tresna oso baliotsuak dira"
Juan Antonio Urbeltzek soka-dantzaren mundu sinbolikoaz jardun ondoren, soka-dantzaren erritua eta protokolo kontuak azaldu ditu Iñaki Arregik "Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldian. Nola egituratzen den soka-dantza zentzu bat eduki dezan eta gero hori plaza irekian egiteko hainbat modu erakutsi ditu, "Protokoloak erakusten du sokaren eraketa nolakoa izango den, nork parte hartuko duen bakoitza non kokatuko den eta erritua izango da, buruan dauzkagun sinbolo horien gauzatzea plazan".
Sokaren desegituraketa eta egituraketa
Soka-dantzen inguruan lanean hasi zirenean Arregik gogoratzen du lehen hausnarketa izan zela ea nola iritsi garen soka-dantzaren desegituraketara. "Garai batean presentzia handia zeukan herriko plazetan eta pixkanaka egitura desegituratu zen. Guk orain aurreskua dantzatzen dugu, eta hori da dantza protokolario osoaren zati bat eta pertsona bakar batek egiten duena. Berez, inportanteena beste guztia da". Jakitun da plazara eskutik helduta irtetea erronka bat dela eta dantzatu behar bada oraindik eta gehiago. Errituaren manifestazio gorena da dantzariak egiten duen dantza, baina aukera bat baino gehiago daude horretarako, "Tradizioan ikusi da, alkateak herriko dantzaririk onena hartzen zuela bera ordezka zezan errituko zati horretan".
Ikerfolk elkarteko kideek hainbat talderi lagundu izan die soka-dantza plazaratzen. Arregik argi du pertsonak dantzara irtetea konbentzitzeko beharrezkoa dela ondo ehundutako diskurtsoa, koherentea eta motibagarria aurkeztea. Elementu eta kontzeptu horiek kontuan hartuta, berehala hartzen duela forma sokak dio, "modu xumean eta era berean serioan eta jasoan gauzatzen da".
Hobeto ulertzeko bi soka-dantzen ideiak eta osaketak azaldu ditu. Duela hilabete batzuk Gipuzkoako Foru Alduandian Euskaltzaindiaren ehun urteak ospatzeko dantzaren bat antolatzea eskatu zieten eta beraiek soka-dantza proposatu zieten. "Denak soka berekoak gara" sinbologia azaldu eta berehala ulertu zuten. Markel Olano diputatu nagusia irten zen lehenik sokan, ondoren dantzaria, atzetik gainerako diputatuak eta azkena Maite Peña gobernuko partaiderik gazteena aurretik dantzaria zuela. Diputatuak irten eta lehen korapiloa egin zuten, gero gonbidatuak sartu eta bigarren korapiloa eginda denak ondo tenkatu ziren. Ordena, lekua, musika... dena zentzu jakin batekin aukeratu zela erakutsi du Arregik.
Bigarren adibidea, berriz, Astigarragako sagardogileek txotxaren irekiera ekitaldirako soka-dantza da. Sagardogileek 2015ean laguntza eskatu zieten, beraiek protagonista izan nahi zuten zeremonian eta hori nola egin? Ikerfolkeko kideek soka-dantza proposatu zieten. Sokaren buru sagardotegiko nagusia, ondoren dantzaria eta atzetik gainerako sagardogileak eta azkenik sagardogileen lehendakaria atera ziren.
Esperientzia baten hastapenak
1990eko hamarkadan, hainbat herritan agintarien soka-dantzak berreskuratzeko saiakerak egin ziren Ikerfolken laguntzaz eta esperientzia haren hasierak, gorabeherak eta emaitzak kontatu ditu Arregik. Lehendabizikoa Oiartzungo udalean egin zela dio, 1994an. "Alderdi guztietako ordezkariak eskutik helduta joatea lortu genuen. Soka-dantzak kohesio sozialaren tresna oso baliotsuak dira". Geroztik, beren gorabeherekin, baina soka-dantzak indarrean darrai.
Lehengo esperientziaren ondoren, aspalditik Goierri begiz jota zeukatela dio Arregik, soka-dantzen tradizio handia izan baitu eskualdeak. Goieki elkarteko kide ziren herriekin harremanetan jarri eta Urbeltzek soka-dantzen inguruko azalpenak eman zizkien. Kohesiorako modu adierazgarria zela ikusi zuten Goierriko herrietako hainbat ordezkarik. Horrela, zenbait herrietako ateak ireki eta lanean hasi ziren. Lehenago edo beranduago, Lazkaon, Zerainen, Beasainen, Araman, Itsasondon, Legorretan, Zegaman... atera ziren sokak. Lehendabiziko saiakera Goierrin Lazkaon izan zen 1996an, baina hainbat arrazoi medio ez zen atera. Urte berean Ordizian hasi ziren, ondoren Zerainen, Beasainen, Araman, Itsasondon, Legorretan, Zegaman... atera ziren sokak. Herri bakoitzeko ohiturak eta terminoak hartu eta aplikatzea garrantzitsua zela ikusi zuten hasierako jardun hartan.
Emandako fruitua
Elgoibar, Eibar eta Azkoitian ere ibili ziren lanean, "Soka-dantza geografia zabal batean aplikatu daiteke eta gainera ingurune ezberdinetan". Agintarien soka-dantzez gain beste zenbait adibide ere aipatu ditu: Biharamuneko soka-dantza (2012), Sagardogileen soka-dantza (2015), Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenekoa (2019), Euskaltzaindiaren 100. urteurrenekoa (2019), Euskal Gizataldeak Munduan kongresuko soka-dantza (2019) edota familia eta lagunartean dantzatutakoak.
"Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldiaren kronika hiru ataletan argitaratuko dugu.
Aurreko atala:
- Juan Antonio Urbeltz: "Dantzak mugitzen diren sinboloak dira"
Hurrengo atala:
- Mikel Sarriegi: "Gure interesek eta Ikerfolken nahiak bat egin zuen"