10 mugarri emakumeak dantzan berdintasunera bidean
Oihartzun handia izan du Lekeitioko Kaxarranka lehen aldiz emakume batek dantzatzeak. Olatu hori baliatu nahi genuke emakumeek dantzan emandako beste pauso eta lorpen batzuk goraipatzeko. Ez dezagun lortutakoa ahaztu, mutil-dantzetatik kaxarrankara, 10 pauso, 10 mugarri emakumeek dantzan berdintasunaren bidean Kattalin Agerreren sokari segika.
1/10 Irun eta Hondarribiko Alardeetako...
emakumeen borrokari esker eman dira pauso gehienak dantzan. Eredu izan dira eta bide erakusle. Gogoan izateko ohar bat: Ez deitu tradizionala baztertzaileari. Tradizioa aldaketa eta egokitzapena da, parekidea da tradizionala.

2/10 Baztanen emakumeak mutil-dantzetan...
dantzatu ahal izatea urte askotako borroka izaten ari da. Hainbat bazterketa eta eraso izan dira. 2022an ere mutil-dantza ez baztertzaileak aldarrikatzen jarraitu beharra dute.
3/10 Aitzindariak dira baita ere Andoainen...
2000. urtean San Joan eguneko axeri-dantzan parte hartu zuten emakumeek. Festak hazten eta sendotzen jarraitu du ordutik eta urtero oraindik eta talde ederragoak dantzatzen du axeri-dantza.
4/10 Lizartzan 2004. urtean...
atera ziren emakumeak lehen aldiz inauteri-dantzetan, hainbat urtez saiatu eta borrokatu ondoren. Aitzindariak izan ziren horiek ere, naiz eta oihartzun eta errekonozimendurik jaso ez duten.

5/10 Garain, dantzari-dantzan aritu ziren...
neska batzuk 2004 eta 2005 urteetan. Ondoren ukatu egin zieten ezpata-dantzan jarraitzea. 15 urte ondoren altxatu dute ahotsa.
6/10 Anoetako dantza-sokan 2003an...
hasi ziren neskak beren soka, nesken aurreskua ateratzen. Anoetan dantza-soka emakumeak ateratzen hasi zirela 20 urte beteko dira laster eta ondotik etorri diren hainbat aurresku parekiderentzat eredu izan dira.
7/10 Ezpata-dantza parekideak abiatu ziren 2005ean...
Eibarren, Arraten. Neskak eta mutilak elkarrekin ezpata-dantzan plazaratu dira gero Beasain, Andoain, Iruñea, Añorga, Donostia, Elgoibar, Biarritz, Portugalete, Sestao, Hendaia, Irun, Arizkun,... Ezpata-dantzetan emakumeak ikustera ohitu gara, baina ez zen horrelakorik orain 20 urte.
8/10 Debako ezpata-dantzara emakumeak 2013an...
itzuli ziren hainbat urtez baztertuta izan ondoren. 2013-2015 bitartean han eta hemengo hainbat dantzetan sartzen hasi ziren emakumeak: Villabuenan eta Villabonan, Elorrioko errebonbiloetan, Tolosako bordon-dantzan,..
9/10 Durangon San Fausto egunean dantzari-dantzan...
gizon eta emakumeak dantzatu ziren batera lehen aldiz 2015. urtean. Durangaldean pausoka eta kostata joan da zabaltzen parte-hartzea dantzari-dantzan: Merinaldeko ezpata-dantzari egunean Kriskitinekoek egin zuten lehen agerraldia, Berrizko udalaren erabakia bazterketarekin bukatzeko, Iurretako plazan 2018ko San Migeletan, Abadiñon...
10/10 Hau gera ezina da
Urteotan bat bestearen atzetik, errenkadan joan dira gauzatzen aldaketak. Beran 2014ko San Esteban egunean bizi izan zena itzela izan zen. Legazpin 2011n lehen ahaleginaren ondoren 2014an sendotu zen. Zumarragako ezpata-dantzan 2015ean gainezka egin zuten emozioek. Antzuolan dantzari talde parekidea 2015ean eta herritik kanpoko emanaldian estreinatu ondoren Mairuaren alardeak parekidetasunaren bidean hartutako bidea sendotu zuten. Oñatin 2018ko Korpus dantzetako kriskitin soinuek inoiz ez bezala hunkitu zituzten herritarrak. Lesakan 2019ko San Ferminak ez dira erraz ahaztuko.
Dantza, herri, auzo, festa, erritual eta festa bakoitzean emandako urratsa ez da bere kabuz eman. Alfonbrarik ere ez da izan. Izan dira errezeloak, oztopoak eta zangotrabak. Eta oraindik badago egiteko bidea.