Dokumentuaren akzioak
Izaskun Beraza: "Herriaren kohesioaren adibide garbia da axeri-dantza"
Izaskun Beraza. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA
Andoainen San Joan egunean egiten duten axeri-dantzaren historia, bilakaera eta egungo egoera azaldu ditu Izaskun Berazak "Dantza, festa eta kultur ondarea"jardunaldian. Hasieratik nabarmendu du axeri-dantza ez dela dantza soila, "Axeri-dantza ez da dantza bakarrik; dantza eta jolasa da. Guk ikasten dugunean edo entseatzen dugunean jokoak azaltzen ditugu".
Zazpi jokok osatzen dute axeri-dantza eta horietan ikusten dira, besteak beste, gaztarotik helduarora gure arbasoek egiten zituzten igarotze errituen aztarnak. Badaude Manuel Larramendiren eta Jose Inazio Iztuetaren idatziak dantza hau XVIII. eta XIX. mendeetan jada kokatzen dutenak. XX. mendeko lehen laurdenera arte Adunan eta Andoainen mantendu zen. Gerora 1936ko gerra inguruan desagertu egin zen, "gerragatik eta baita ere errituetan liskar potolo samarrak izaten zirelako esaten dute".
Berreskurapena eta moldaketak
Desagerpenaren ostean, dantza berreskuratu egin zen. Andoaingo Bizente Olano historialaria, Adunako David Zabala eta Faustino Sorondo dantzari ohiak eta Inazio Aizpurua txistularia elkartu ziren Andoaingo Lizar Makil dantza taldearekin. Elkarrekin lortu zuten jokoak gogoratu, berreskuratu, idatzi eta joko bakoitzari zegokion musika ipintzea. Lizar Makil dantza taldearen eskutik 1975ean Adunako Ama Birjin egunean berreskuratu zuten eta hurrengo urtean San Joan egunean Andoainen egin zen.
Lizar Makilek berreskuratu zuen eta urteetan gizonek bakarrik dantzatu zuten. 1990eko hamarkadan taldea osatzeko zailtasunekin hasi ziren. 2000. urtean emakume batzuek azaldutako nahiari erantzunez hausnarketa prozesu bat, bilera batzuk eta eztabaida batzuen ondoren, udaletxean egindako bilera batean erabaki zen emakumeak dantzan hasiko zirela, "Eta halaxe hasi ziren 2000. urtean bide parekidetik". Berazak azaldu digu une hartan zabaldu zen kezka nagusietako bat zela emakume batzuen "txorohaize" edo beroaldia izatea. Neskek, ordea, ez zela hala demostratu zuten, "Emakumeak sartzeko urratsa eman eta gero argi gelditu da dantza sendotu ez ezik biziberritu ere egin dela. Emakumeak ez ziren sartu bakarrik dantzara, antolaketara ere sartu ziren eta orain gaude". Ordutik axeri-dantzan parte hartzen duten gizonen zein emakumeen kopurua goruntz doa.
Herriaren kohesio tresna
Axeri-dantza ez du dantza talde batek egiten, "dantzara elkartzen garen herritarrak gara". Hilabete eskasean entseatzen dutela kontatu du Berazak, bost entsegu egiten dituzte eta ahal duten txukunen ateratzen dute dantza plazara, "dantzari garrantzia ematen, baina aldi berean denei dantza egiteko aukera ematen diegu". Jaso dituzten jolas horiek transmititzea da helburua eta gauza xumea izanagatik, antolakuntza asko eskatzen du eta lan dena guztiz bolondresa dela dio Berazak.
Egun axeri-dantza kultur transmisioaren ezaugarri nabarmenena dela uste du, "Edozein herritar elkartzen gara egun horretan, egun hori ez da bakarrik dantza: dantza, jolasa eta festa da". Belaunaldi ezberdinetako herritarrak goizetik hasi eta dantza egin ondoren elkarrekin bazkaltzera joaten dira eta arratsaldean elkarrekin parrandan jarraitzen dute, "guretzat hori oso garrantzitsua da, herriaren kohesioaren adibide garbia da axeri-dantza".
San Joan egunekoa derrigorrezko zita dela dio Berazak, "axeri-dantza gabe San Joan eguna ez da ulertzen Andoainen". Ikusle gero eta gutxiago dauzkatela dio, dantzan gero eta gehiago direlako. Azken urteetan berrogeitik gora lagun elkartzen ari dira. Jakitun dira egun horretako testuinguruak asko laguntzen duela, parranda gazteentzat erakargarria da, baina era berean herriko altxor txiki bat transmititzen ari direla uste dute, "bestela plazan inolaz dantzan arituko ez den jendea dantza soltea eta zortzikoa ikasten ibiltzen da".
Dantza babesteko modu bat errekonozimendua izan daitekeela iruditzen zaio Berazari, "gurea delako, berezia delako". Orain momentuan ez dute ikusten axeri-dantza kinka larrian, baina ez dago jakiterik etorkizunean zer gertatuko den eta positiboa izan daiteke babesa, "Gazteak ikasteko gogoz datoz, baina egunen baten arrazoi ezberdinengatik beherakada hasten bada, nork babestuko du, berriro galtzen utziko dugu? Horrek kezkatzen gaitu eta alde horretatik onuragarria izango litzateke dantza babestea".
Hizlari guztien ekarpenak
Lehenengo mahai-ingurua: Adituak
- Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"
- Isabel Hernando: "Dantzariek egiten duten horren gaineko eskubideen jabe izatea garrantzitsua da"
- Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria ahazten dute"
- Karlos Irujo: "Dantza nola aldatzen den ikusteko behatokia sortu genuen"
- Emilio Xabier Dueñas: "Dantzen testuingurua interesatzen zaigu"
- Thierry Truffaut: "Gordetzea ez da hiltzea"
Bigarren mahai-ingurua: Arituak
- Maite Irizar: "Hau guztia gaurdaino heltzeko ezinbestekoa izan da transmisioa"
- Izaskun Beraza: "Herriaren kohesioaren adibide garbia da axeri-dantza"
- Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"
- Jon Arrikaberri: "Norberaren dantzakeragatik jakin daiteke ze etxetakoa den dantzari bakoitza"
Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Dokumentuaren akzioak