Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"

Dokumentuaren akzioak

Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"

2019/10/21 10:00
Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"

Imanol Agote. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Eusko Legebiltzarrak aurtengo maiatzean onartu duen Euskal Kultur Ondarearen lege berriaren inguruan aritu da Imanol Agote "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldian. Jaurlaritzako Ondare Saileko aholkulariak lege berriak zertan eragin dezakeen azaldu eta ekar ditzaken alde onen eta txarren inguruko gogoeta egin du.

Ondareari lotutako beste zenbait legeri erreferentzia eginez hasi du hitzartzea. 1982ko Euskararen Legea, Euskal Kultur Ondarearen 1990eko Legea, 2006ko Euskadiko Museo Legea edo Euskadiko liburutegien 2007 Legea kontuan hartu nahi izan ditu eta ez du dudarik egiten, lege horiek ondorio onak izan dituztela. Besteak beste, Kultur Ondarearen legeari esker EAEko 13.000 ondare babestu direla dio edo Museoen Legeak bideak markatu dituela Jaurlaritzak parte hartzen ez duen museoetan.

Imanol Agote
Isabel Hernando, Imanol Agote, Terexa Lekunberri, Thierry Truffaut, Karlos Irujo eta Emilio Xabier Dueñas. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Komunitatearen ondarea

Ondarearen babeserako kudeaketa hobetzea eta ondare immaterialaren balioa aitortzea da lege berriaren helburua. Hainbat adierazpen tradizional babesteko neurriak ezartzea aurreikusten da; horien artean, gure herrietako dantzak ondare izendatzea. Agotek sumatzen duen kezka da, argitaratu berri den legeak zenbateraino hartuko dituen kontuan ondare immaterialaren berezitasunak.

Ikusten du kultur ondare immaterialaren berezitasunetako bat dela komunitateari edo nortasun lokalari guztiaz lotua egotea. Hori horrela, dagokien herritarren iritziak kontuan hartu gabe ezin dela kultur adierazpen bat ondare izendatu uste du, "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago". Ezinbestekotzat jotzen du herritarren parte hartzea ondare izendapenean, "pertsonak dira aldaketak erabakiko dituztenak" eta zenbaitek aldarrikatzen duten "ondarearen gaineko determinazio eskubidea" aipatu du.

Imanol Agote
Isabel Hernando, Imanol Agote eta Terexa Lekunberri. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Elkarlanerako bidea

Legeak hiru lan ildo arautzen dituela azaldu du: inbentarioa, babesa eta laguntza. Lehenik eta behin, dantzak identifikatu eta zerrendatu beharko liratekeela dio. Ondorengo pausua dantza horietako batzuk aukeratu eta babestea edo ondare izendatzea izango litzateke. Eta izendapen horrek laguntza ekarri beharko luke; babes instituzionala, laguntza ekonomikoa, ikas unitateak sortzea, ikerketak bultzatzea edota hitzarmenak egiteko aukera eta lankidetzarako bideak irekitzea.

Agotek erakundeen eta dantza munduan dabiltzanen arteko elkarlanerako aukera ikusten du, "nik uste dut aukera on bat dagoela elkarrekin kudeaketa proiektu partekatu bat bultzatzeko dantza benetan izateko elementu bizi bat gure herrietan".

"Dantza, jaia eta ondarea" jardunaldian Imanol Agotek egindako ekarpenak jaso ditugu sarrera honetan eta datozen egunetan gainerako hizlariek esandakoak eta jardunaldiak emandakoa argitaratzen joango gara. 

Hizlari guztien ekarpenak

Lehenengo mahai-ingurua: Adituak

 

Bigarren mahai-ingurua: Arituak

 

Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.