Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"

Dokumentuaren akzioak

Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"

2019/11/07 09:35
Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"

Mikel Sarriegi. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Mikel Sarriegik Gipuzkoako dantza ohituraren erradiografia egin du "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldian. Azken urteetan Beasaingo, Goierriko eta Gipuzkoako dantza tradizionalak ikertzen eta Aurtzaka dantza taldearekin herrian eragiten dihardu. Beasaingo eta Goierriko dantza ohiturei begiratu die bere hitzartzean, eta Gipuzkoako dantzakeran norabideari ikuspegi kritikoz begiratu dio.

Aurtzaka dantza taldeak Beasaingo dantza tradizioekin izan duen harremana azaldu du. 1990eko hamarkadan beren herriko dantza tradizioa balioan jartzen hasi zirela azaldu du, "ordura arte ez ginen kontziente izan herrian bertan geneukanaz". 2004. urtea mugarri inportantea izan zen, nolabaiteko ikerketa serioa egiten hasi baitziren. Dantza taldearen 25. urteurrena zela eta taldearen eta herriko dantzen inguruko argitalpena egiten hasi zren, horretarako dokumentatze lan bat egin zuten, " modu prekarioan bazen ere, Beasaingo dantza tradizioa biltzeko ikerlanarekin hasi ginen".

Goierriko dantzen segida

Ikertzen hasteak, galdera eta kezka asko sortu zizkiela dio Sarriegik eta Beasainen zeukatena inguruarekin lotzen ere hasi ziren, "Gipuzkoako dantzak beti esan izan da Goierriko dantzakeraren jarraipena direla". Iztuetatik Goizaldirako Gipuzkoako dantza-maisuen bide ofiziala lerro zuzena izan da, baina arakatzen hasita, lerro horren ondoan edo paraleloan beste eskema bat zegoela ohartu ziren, dantza-maisuen sare zabal batekin egin zuten topo.

Goierriko dantza maisuen sarea.
Goierriko dantza maisuen sarea.

Beasaingo eta Goierriko dantza ohiturak azaldu ditu: soka-dantzak, ezpata-dantzak, brokel-dantzak, bandera-dantzak... Batzuk galduak, beste batzuk bizirik iritsi direnak gaurdaino eta beste zenbait azken urtetako lanari esker berreskuratuak. Dantza horien mantentzean eta berreskurapenean ibili dituzten irizpideak kontatu ditu.

Tradizio luzekoak diren eta bizirik mantendu diren dantzak ahal den gutxien ukitzea izan da asmoa talde bezala eta kontserbazioari eman zaio lehentasuna. Galduta daudenekin, berriz, aukera topatu dutenean berreraiki egin dituztela dio Sarriegik. Bestalde, tradizio ezagunik ez zeukaten beste zenbait ekitaldi berreraiki edo sortu egin dituzte.

Ezagutza, beharrezkoa

Sarriegi kantitateak baino kalitateak kezkatzen du, "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit. Transmisioan dago problema handi bat". Uste du ezagutza dela inportantea, "guk sendotu dugu edo lortu dugu Igartzako dantzetan ondare materialaren ondoan immateriala txertatzea". Pertsonalki ez du hainbeste kezkatzen etorkizunak, "Funtzioa galtzen duen momentuan, tradizio horiek galdu egiten dira. Egokitzen ez baditugu funtzionaltasuna galtzen dute, baina egokitu ahal izateko ezagutu egin behar ditugu". Arrakasta lortu nahi badugu eremu honetan beharrezkoa ezagupena da Sarriegirentzat, hortik egokitu behar dela dio eta funtzionaltasuna bilatu.

Bukatzeko, Gipuzkoako dantza sistema zaharraren ezagutza ezak eta transmisio etenak dakartzan ondorioak jarri zituen mahai gainean Sarriegik. Gertatzen ari den ilustratzeko jardunaldia egin den tokia, Igartza jauregiaren eraberritzea erabili du adibide moduan, horretarako hiru irudi erakutsiz. Lehenengo irudian jauregia konpondu aurretik ikus daiteke eta bigarrengoan egun nola gelditu den. Euskal arkitektura historia eta tradizioaren ezagutzari esker eraberritze horretan emaitza ederra ezezik euskal ondare materiala balioan jarri da. Baina horren ezagutzarik izan ez balitz, hirugarren irudiko moduko zerbait bilakatzeko arriskua egon zitekeen. Sarriegik uste du dantza munduan askotan hirugarren kasua gertatzen ari dela; "ezagutza falta da eta arrisku hori badaukagu".

Igartza jauregia
Igartza jauregia, berritu aurretik / Igartza jauregia gaur egun / Igartza jauregiarekin egin zitekeena ezagupenik gabe

Hain zuzen Gipuzkoako dantzek hartu duten norabiderekin agertu du kezka Sarriegik. Hiru bideo erakutsi ditu, hiru soka-dantzetako irudiak ageri dira. Lehenengoa Hernaniko haurren soka-dantzakoa, gutxienez duela 100 urteko sisteman ari da dantzan dantzaria. Ondoren Beasaingo soka-dantzakoa duela 50 urteko sisteman dantzan eta azkenik, jardunaldien egun berean Donostian egin den soka-dantza baterako prestatu den tutoriala. Sarriegik transmisioan etena gertatu dela antzematen du, Gipuzkoako dantza sistema zaharra "galtzeko arriskuan" ikusten duela gaztigatuz bukatu du bere hitzartzea.

Hizlari guztien ekarpenak

Lehenengo mahai-ingurua: Adituak

 

Bigarren mahai-ingurua: Arituak

 

Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena