Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria hazten dute"

Dokumentuaren akzioak

Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria hazten dute"

2019/10/24 11:00
Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria hazten dute"

Terexa Lekunberri. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Euskal Kultur Erakundea aurrera eramaten ari den Kultur Ondare Immaterialaren babeserako inbentarioa aurkeztu du Terexa Lekunberrik "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldian. Lekunberri eta Thierry Truffaut Beasainen izan dira azken urteetan ari diren inbentario lana erakusten. EKEren eskutik ari dira ondarearen kudeaketari lotutako fitxak egiten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Frantses administrazioaren pean ari direla lanean azaldu digu. Frantziak Unescoren hitzarmena 2006an izenpetu zuen kultura ministerioaren barnean. Hori horrela, departamendu berezi bat arduratzen da inbentario nazionala segitzeaz, Unescora beren hautagaitza helarazi nahi dutenei laguntzeaz eta formakuntzak antolatzeaz ondare immaterialari buruz.

Dantza, festa eta ondarea jardunaldia
Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Inbentario fitxak

Inbentario fitxek aukera ematen dute kultur adierazpen bat Unescoren kultura ondare immaterialaren zerrendetaraino igotzeko. "Lehen urratsa inbentario fitxa egitea da praktika bati buruz eta bigarren urratsa da Unescoren zerrendan egoteko eskaera egitea" dio Lekunberrik.

Oraingoz honako bost fitxa egin dituzte: Zuberoako dantza eskolak eta maisuak, Zuberoako errejentak, Lapurdi eta Nafarroa Behereko toberak, Besta Berri eta Lapurdiko inauterietako etxeen itzuliak. Eta beste bost abian dira: Errege Magoen festa Donibane Lohizunen, Zanpantzar pertsonaia inauterietan, Antzara Jokoa Lapurdin, Idi Gizenen besta Baionan, Nafarroa Behereko Santibante eta Libertimenduak.

Terexa Lekunberrik adierazi du inbentario lana ez dutela hutsetik hasi, "Inbentarioa ez da fitxekin hasi. Badira elkarteak aspalditik lan horretan ari direnak, artikuluak, dokumentazioa, hor dago Thierry Truffauten urteetako lana edo Euskal Irratien eta Kanalduderen grabaketak"

Dantzaren testuingurua Iparraldean

Lehenengo bost fitxak dantzari lotutakoak egin dituzte, "gure fitxak lotu nahi izan ditugu dantzaren Iparraldeko kontestuari". Dantzaren egoerari buruzko hainbat puntu azpimarratu ditu Lekunberrik: Ohiko dantza elkarteen bizkortasun handia; sorkuntzaren garapena; dantza eta musika baliabide zentroa sortzeko egitasmoa; dantzaren presentzia Baionako kontserbatorioan eta herri ikusgarrien garapen handia.

Aipatutako puntu horiek positibotzat jotzen badituzte ere, ahuleziak ere ikusten dituzte. Kultura koreografikoaren eta dantzaren ezagutza historikoaren eskasia nabarmendu du Lekunberrik. Gabezi horri aurre egiteko helburuarekin hasi dute inbentario lana, "Ahulezia horri erantzuteko dugu abiatu inbentario fitxak egitea, baita 2007an abiatutako ahozko bilketa lana ere. 2013rako 77 dantzari eta koreografo filmatu ditugu eta horien lekukotasunak jaso dira Eleketa proiektuan".

Terexa Lekunberri eta Thierry Truffaut
Terexa Lekunberri eta Thierry Truffaut . Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Inbentario fitxen mugak eta indarguneak

Inbentario fitxek beren mugak dituztela dio Lekunberrik, "Egitura biziki formalizatua da, ez da egitura malgua. Fitxak aktoreekin betetzen ditugu eta jende horrek adierazten dizkigute fitxen kontraesanak". Fitxen bidez bizia finkatzen dela iruditzen zaie hainbat kultur adierazpenetako protagonistei. Lekunberrik ez die arrazoirik kentzen, baina fitxak dantzaren ezagutzarentzat positiboak direla uste du: "inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria hazten dute".

Argazki, filma eta xehetasun ugari bildu dituzte orain arte eta Thierry Truffauten lana azpimarratu nahi luke, "urteak eta urteak daramatza Iparraldeko plazak eta bestak miatzen. Laguntza handia izan da bere presentzia". Lekunberriri iruditzen zaio, bilketa lanaz gain inbentarioen zein Eleketa programaren bidez sorkuntza garaikidea hazteko bidea irekitzen dela.

Hizlari guztien ekarpenak

Lehenengo mahai-ingurua: Adituak

 

Bigarren mahai-ingurua: Arituak

 

Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.