Dokumentuaren akzioak
Maite Irizar: "Hau guztia gaurdaino heltzeko ezinbestekoa izan da transmisioa"
MAite Irizar. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA
Oñatiko Korpus eguneko festa eta dantzei buruzko xehetasunak eman ditu "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldian Maite Irizar Oñatz dantza taldeko kideak. Kokapen historikoa eginda azken hamarkadetako eraldaketak aipatu ditu eta jarraian antolaketa kontuei eta jaiaren eta dantzarien prestaketei heldu dio.
Zenbait datu historiko eta egokitzapen
Gaia kokatzeko historiari begiratu bat ematen hasi du hitzartzea Irizarrek. 1208. urtetik berpizkunde egunetik hirurogei egunera ospatzen duela eliza katolikoak Korpus Kristi eguna kontatu du eta Oñatin hirurehun urte beranduago hasi zirela, "Dokumentuen arabera Oñatin 1541etik ospatzen da Korpusetako prozesioa eta dantzarien presentzia 1560tik dago jasota". Hasieratan helburua fededunen eukaristia ospatzea zela dio, baina egun beste zentzu bat hartu duela uste du, "Oñatiarrok kultur eta tradizio festa bezala ulertzen dugu eta herriak bostehun urte luzez mantendu duen ohitura da".
Denboran zehar egokitzapenak egin ditu tradizioak eta azken berrogeita hamar urtetako egokitzapenak aipatu ditu. Elizan barruan dantzatzen hasi ziren 1972. urtean, erabaki hori eguraldi txarragatik hartu bazen ere, ordutik hala egiten jarraitu da. Ospakizunaren dataren aldaketa ere aipatu du, 1990an ostegunean ospatzetik igandera pasatu zen. Azkenik genero berdintasunerako pausoa nabarmendu du, 2018tik emakumeak ere dantzan aritzen dira.
Antolaketa kontuak
Korpus festaren antolatzaile nagusia kofradia dela esan du Irizarrek eta antolakuntzaren koordinazioa aurrera eramateko taldeetan antolatzen direla dio.
Dantzarien Korpus igandeko eta aurreko bi egunetako lana azpimarratu nahi izan du, "Asteburuan dantzatzen duten dantzarien inplikazioaz gain, ostiral eta larunbatean egiten den puska biltzean talde guztiaren inplikazioa beharrezkoa izaten da".
Festa posible izateko datu kualitatiboez gain kuantitatiboek ere badutela garrantzia dio Irizarrek, izan ere hirurehun laurehun pertsona inguru antolatu behar izaten dira festa aurrera eramateko, "Azpimarratzekoa da lan hau borondatezko lan bat dela eta horrek balio erantsi bat ematen dio festari". Jai hau bizirik transmisioari esker mantendu dela uste du,"Hori guztia gaurdaino heltzeko ezinbestekoa izan da transmisioa. Festaren transmisio orokorra etxean edo gertuko komunitatean egin da". Irizarren iritziz inongo erakunderen babesik gabe mantendu da festa.
"Ondare honen ezagutza gutxi batzuen gain dagoela esango nuke", kofradiako hainbat kide eta norbanakoengan dago ondare honen ezagutza eta gaurdaino heldu bada ere etorkizunean lan dezente dagoela ikusten du Irizarrek. Hala ere, azken urteetan tradizio honen nondik norakoak eta antolaketa lanak jasotzen hasiak dira.
Dantzarien lana eta prestaketak
Dantzarien tartean Irizar familiaren aipamena egiteko baimena eskatu du Maite Irizarrek. Irizartarrena familia dantzaria izan dela dio eta tradizioz jaso dutela dantzarien kapitaina izatearen ardura, "Aitona dantza hauen maisua izan zen eta egun aita ere halaxe da". Bere aita Jesus Irizar Txutxinen figura azpimarratu nahi izan du, "Egia da festa honetan Txutxinen figura garrantzitsua dela. Alde batetik, antolakuntza orokorraren partaide delako eta dantzei dagokionez ere erreferente nagusia bera da".
Entseguak aurrera eramateko modua bitxia edo berezia dutela azaldu du. Festa baino bi hilabete lehenago hasten dira entseguak egiten. Lehendabizi hirurogei pertsonako taldea hasten da entseatzen, baina hilabete lehenago aukeraketa bat egiten da eta talde murritzagoarekin hasten dira dantzan, "Kasu honetan ezinbestekoa da dantza-maisuaren figura. Guk dantza hauek diziplina handiz prestatzen ditugu eta Txutxin oso zorrotz eta diziplina zalea denez entseguak horrela bideratuak izaten dira". Ahalegin horrek egun handira begira emaitzak onak izaten dituela dio. Eta aitak dantzariei sarri esan ohi diena gogoratu du: "Entseguetan sufritu egin behar da egun handian festaz gozatu ahal izateko".
Jantziak, tresnak eta musika
Jantziak eta materialak elementu materialak badira ere horiek eskuartean izateko ezagutza ondare immateriala dela argi dauka Irizarrek eta eta kasu horretan ere ondare hori gutxi batzuen eskuetan dagoela dio. Adibide bat emate arren eta ikusteko detaileak ze puntutaraino zaintzen dituzten kaskaineta berrien kontua azaldu du. Azken urteetan egiten zituen enpresa itxi eta Sevillaraino joan dira berrien bila, "bertan lanketa potente bat egin zen, guretzat garrantzitsua delako gure kaskainetek duten soinua". Soinu hori lortzeko lanketa berezia egin zen eta prototipo bat egin zieten. Hala ere oraindik horretan dabiltza, ez baitira guztiz konforme gelditu lortutako emaitzarekin.
Bukatzeko, musikariak ezinbestekoak direla esan nahi zain du, "musikarik gabe ezingo genuke dantzarik egin". Horren ardura Aita Madina txistulari taldearena izaten da, dantza taldeak ez baitauka musikari propiorik. Musikarien gaiak kezkatzen ditu, herrian ez baitago horri jarraipena emango dionik. Orokorrean, kezka nagusia, etorkizuna da.
Hizlari guztien ekarpenak
Lehenengo mahai-ingurua: Adituak
- Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"
- Isabel Hernando: "Dantzariek egiten duten horren gaineko eskubideen jabe izatea garrantzitsua da"
- Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria ahazten dute"
- Karlos Irujo: "Dantza nola aldatzen den ikusteko behatokia sortu genuen"
- Emilio Xabier Dueñas: "Dantzen testuingurua interesatzen zaigu"
- Thierry Truffaut: "Gordetzea ez da hiltzea"
Bigarren mahai-ingurua: Arituak
- Maite Irizar: "Hau guztia gaurdaino heltzeko ezinbestekoa izan da transmisioa"
- Izaskun Beraza: "Herriaren kohesioaren adibide garbia da axeri-dantza"
- Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"
- Jon Arrikaberri: "Norberaren dantzakeragatik jakin daiteke ze etxetakoa den dantzari bakoitza"
Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Dokumentuaren akzioak