Dokumentuaren akzioak
Isabel Hernando: "Dantzariek egiten duten horren gaineko eskubideen jabe izatea garrantzitsua da"
Isabel Hernando. Dantza, festa eta ondarea jardunaldia, Beasain, 2019-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA
Ondare legeriaren eta horren aplikazioak dakartzan zalantza eta gora beheren ezagutza elkarbanatu du Isabel Hernandok urriaren 12an Beasainen "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldira bertaratu direnekin. EHUko zuzenbide zibileko irakaslea eta Revista sobre patrimonio cultural aldizkariaren zuzendaria da Hernando eta Kultur Adierazpen Kulturalen jabetza eta eskubideei buruzko arazoei buruz aritu da.
Dantza, belaunaldiz belaunaldi transmititu den kultur adierazpen tradizional modura tratatzen du, "urtetik urtera aldatzen doana, baina iraganetik etenik gabe datorrena". Azaldu du Unescok adierazpen kultural horien babeserako lana egiten duela, baina bera kide den OMPI, Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundea, harago doa. Mendeetan kultur adierazpen tradizionalen bat mantendu duten komunitateak ahalduntzea da OMPIren helburua, "dantzariek egiten duten horren gaineko eskubideen jabe izatea garrantzitsua da" dio Hernandok.
Autore eskubideak
Autore eskubidearen ikuspuntutik hiru maila bereizten direla azaldu du. Lehenengo mailako protagonistak dantzari talde, elkarte eta komunitateetako kideak dira. Kasu horretan kudeatu daitezken eskubide bakarrak artista eta interpreteenak dira, baina egiletza eskubideari heltzea ezinezkoa da, sortzailea duela urte mordoa hil baitzen. Bigarren mailako adierazpenenetan (erregistroak, aldizkariak, bideoak, argazkiak) beste autore batzuk (erakundeak, museoak...) agertzen dira eta horiek erabilera eskubidea bereganatzen dute, lehenengo mailako adierazpenak ez baitaude babestuta. Hernandok uste du garrantzitsua dela dantzariek, elkarteen bidez edo indibidualki, ondo kudeatzea eskubideen kontua, bestela eskubideak bigarren mailako erakundeen esku gelditzeko arriskua ikusten du, "komunitateek urteetan mantendu duten dantzaren gaineko kontrol eta protagonismo guztia galduko lukete".
Hirugarren mailan tradizioan oinarritutako egungo sorkuntzak topatuko ditugu. Ikus-entzunezko enpresek, enpresa zinematografikoak, diskografiak... agertzen dira. Horien lanak guztiz babestuta dauden esplotazioaren gaineko eskubideekin. Produktu berriak sortzen dituzte; horretarako aurreko lizentziak kontuan hartzen dituzte, baina normalean lizentziak bigarren mailako autoreei eskatzen zaizkie eta ez lehengo mailakoei.
Sehaska kantarekin gertatutakoa
Adibide moduan Salomon uharteetako sehaska kanta batekin gertatutakoa erakusten du. 1969an, emakume bat sehaska kanta bat abesten ari zen. Ikertzaile batzuek grabatu egin zuten ondare hori babesteko eta Unescoren inbentarioan sartu zuten. Gero, musika talde ospetsu batek grabazioa erosi zuen, nahasketa batzuk egin eta Grammy saria irabazi zuen. Unescok zegokion portzentaia jaso zuen, baina sehaska kanta abesten zuen emakumea ez zen enteratu ere egin.
Hernandok, berriro ere, azpimarratzen du eskubideen gaineko jakintzaren garrantzia, "jakin egin behar da zertan ari garen, gauza bat da guk donatzea nahi dugulako eta bestea ez dakigulako ze eskubide ditugun".
(Ikusi honekin lotuta Dolce&Gabbana diseinu etxea eta Galiziako inauterietako mozorro baten artean gertatutakoa)
Hizlari guztien ekarpenak
Lehenengo mahai-ingurua: Adituak
- Imanol Agote: "Ondare immaterialaren babesa eta garapena jende komunitateen esku dago"
- Isabel Hernando: "Dantzariek egiten duten horren gaineko eskubideen jabe izatea garrantzitsua da"
- Terexa Lekunberri: "Inbentario fitxek dantzari buruzko jakinduria ahazten dute"
- Karlos Irujo: "Dantza nola aldatzen den ikusteko behatokia sortu genuen"
- Emilio Xabier Dueñas: "Dantzen testuingurua interesatzen zaigu"
- Thierry Truffaut: "Gordetzea ez da hiltzea"
Bigarren mahai-ingurua: Arituak
- Maite Irizar: "Hau guztia gaurdaino heltzeko ezinbestekoa izan da transmisioa"
- Izaskun Beraza: "Herriaren kohesioaren adibide garbia da axeri-dantza"
- Mikel Sarriegi: "Dantza talde asko gaude, baina dantza ondarearen egoerak zalantza handiak sortzen dizkit"
- Jon Arrikaberri: "Norberaren dantzakeragatik jakin daiteke ze etxetakoa den dantzari bakoitza"
Kronika orokorra: "Dantza, festa eta kultur ondarea" jardunaldiak eman duena
Dokumentuaren akzioak