Dokumentuaren akzioak
Emakumeak euskal dantza erritualetan: gertatzen ari da
Poliki-poliki ari dira txertatzen emakumeak euskal dantza tradizionaletan, baita tradizio zahar eta erritualetan ere. Iaz besteak beste Deban, Villabuenan eta Tolosan izan zen, aurten Villabonan izan dira, asteburuan Beran gertatuko da. Baztanen badira zenbait urte mutil-dantzetan emakumearen parte hartzea normalizatu nahian dabiltzala, eta aurten ere izaten ari dira gora-beherak, zenbaitek jarraitzen duelako emakumerik gabeko mutil-dantzak egin nahian.
Baztanen mutil-dantzetan genero bazterketarik egon ez dadin lanean diharduten guztiei elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hemendik, eta lan horretan lagungarri, albiste pozgarriak, liskarrik gabe gertatzen ari direnak aipatu nahi ditugu. Gure tradizioetan emakumeek berdintasunean parte hartu ahal izateak gure festak eta tradizioak hobetzen, sendotzen, edertzen eta indartzen ditu, eta justizia eta berdintasunagatik dagokielako, baina baita gure tradizioak hobeak egiten dituelako ere, berdintasunera bidean urratsa ematen duten dantza erritualak arrakastatsuak eta distiratsuak gertatzen ari direla azpimarratu nahi dugu. Eta horiek haizatu behar ditugu, horiek baitira eredu.
Deba: buruzagiaren xingolak berdintasunaren sinbolo
Iaz, 2013an, Debako San Roke ezpata-dantzan elkarrekin dantzatu zuten neskek. Gaia aztertu, eztabaidatu, dokumentatu eta hitz egin ondoren, Gure-Kai dantza taldean erabaki zuten neskek San Roke dantzan parte hartu behar zutela. Ez zen lehen aldia emakumeek San Roke dantzan parte hartzen zutena. 1967an adibidez, emakume batzuk dagoeneko dantzatu zuten Debako San Roke dantzan, nahiz eta ondoko hamarkadetan, berriz ere gizonezkoek monopolizatua zuten dantza, eta belaunaldi berriek ez zuten 45 urte lehenagoko emakume aitzindari haien berririk.
Abuztuaren 16an, goizean goiz, 9:30etan hasten dira lanean dantzariak, eta eliza aurrean ezpata-dantzariek San Roke sainduari egiten dioten harrera une berezia izaten da. 2013ko San Roke egunean aspaldiko urteetan ez bezalako jendetza bildu zen goizeko lehen orduko emanaldira. Nesken parte hartzea ikusminak eta poza sortu zuen herrian eta agerikoa zen hainbat herritarrengan tradizioa indartua, berritua, osatua ikusteak eragindako emozioa.
Bi ordu beranduago, San Roke ermitan egin ohi duten ezpata-dantzan, Andoni Iriondo ordurarteko kapitainak bularrean zeramatzan bi bandetako (lerro bakoitzeko bana daramatza kapitainak) eta besoetan xingolak kendu eta ondoren buruzagi aritu zen Iera Larrañagari jarri zizkion. Buruzagiaren xingolak berdintasunaren sinbolo bihurtu ziren era horretan.
Villabuenatik Villabonara, tartean Tolosa
Arabako Errioxan, trokeo edo paloteo sorta ederra egiten da Villabuena herrian, eta hainbat gora-behera izan badira ere dantzak ahanzturan geratzeko arriskuarekin, Kaxkabar dantza taldeak gogotsu dantzatzen ditu azken urteotan. Villabuenako bertako neska-mutilek osatutako taldeak egin ditu azken urteotan.
Tolosan 2013an, San Joan eguneko goiz parteko saioan, San Joan zortzikoa dantzatzera atera zen bordon-dantzarien taldean emakumeak izan ziren lehen aldiz. Jantziari dagokionez, mutilek daramatzaten galtza motz edo zaraula zurien ordez gona zuria jantzi zuten neskek. Aurten, 2014ko San Joan egunean, arratsaldeko saioan ere, bordon-dantzan bertan parte hartu dute emakumeek.
Gipuzkoako Villabonan, Santiago egunean soka-dantza egin ohi dute Oinkari dantza taldeko dantzariek. Orain arte mutilek osatzen zuten hasierako soka eta haiek gidatzen eta dantzatzen zuten soka-dantza. Aurten neskak eta mutilek osatu dute lehen soka, nahasian, eta hor ere nork bere jantziarekin egin dute. Prakarekin mutilak, gonarekin neskak.
Neskak eta mutilak elkarrekin dantzan, jantziaren arazoa
Tolosan, Deban, Villabuenan eta Villabonan neskak dantza erritualean integratzeko hautatutako jantzi mota desberdinek agerian jartzen dute gai honen inguruan dauden kezka nagusiak. Batean zenbaiten kezka izaten da neskak ez ote diren mutil-jantzita plazaratu, eta beren ezaugarri femeninoak ezkutatuta mutil-tankeran ari ote diren. Bestean, jantzi berdinek taldearen batasun estetikoa hausteaz gain, gonekin dantzatzearen deserosotasuna eta gonak soinean hanka altxatzerakoan dantzaren zentzua desbideratzen ote den (can-can-a egiten?) kezka zabaldua da.
Euskal dantza taldeetako terminologian "neska-jantzita" ala "mutil-jantzita" banaketarekin bereizten dira bi eremuak. Bitasun horren faltsutasuna agerian jartzen saiatzen ari gara azken urteotan. Euskal dantza tradizionaletan "mutil-jantzia" ez da existitu, harik eta "neska-jantzia" asmatu zen arte. Dantzari, ezpata-dantzari jantziak ziren erabiltzen zirenak. Soilik nesken-jantzia sortu, asmatu, diseinatu zenean (Ane Albisuk lezio ederra eskaini zigun honen inguruan Dantzan Ikasin egindako mintegian) bihurtu zen ezpata-dantzariaren jantzia mutil-jantzia. Galtzak jartzean "mutil-jantzita" badoaz neskak, pentsatu beharko dugu gaur egungo gizartean nesken %90 mutil-jantzita doazela? Ez, noski. Prakak generorik gabeko jantziak dira gaur egun.
Deban, hainbat proba egin eta hainbat eredu aztertu ondoren, azkenik, San Roke ezpata-dantzan parte hartzen dutenak ezpata-dantzariak, dantzariak, direla ohartuta, eta jantzia haiena dela ikusita, mutil eta neskek jantzi bera, ezpata-dantzariena erabiltzea erabaki zuten. Taldean zituzten galtzak mutilen gorputzaren neurriko joskera zutela ikusita nesken tankerako patroiak egin zituzten, praka zuri luzeak baina gorpuzkera desberdinen araberako patroiekin. Maiz aipatzen dugun bezala, konponbide tekniko egokia aurkituz gero ustezko arazoa azukre koskorra uretan bezala diluitzen da.
Berako dantzetan neskak eta mutilak elkarrekin
Pasa den asteburuan, Julio Caro Barojaren omenez egindako ekitaldian, bordon-dantza egin zuten Gure Txokoako dantzariek, eta lehen aldiz neskak mutilekin batera aritu ziren bertan.
Gure Txokoa dantza taldeko dantzariek erabaki dute festetako egun handian, San Esteban egunean, egin ohi dituzten makil-dantza, bordon-dantza eta aurreskuan emakume-gizonak elkarrekin dantzatu behar zutela. Orain arte mutilek egiten zituzten makil-dantza eta bordon-dantza, eta aurreskuan gonbidatu paperean aritzen ziren neskak. Igande honetan, abuztuaren 3an, egun handia ospatzen da Beran, festa egun handia, eta dantzak protagonista nagusi izaten dira bertan. Berezia izango da aurtengo, genero bereizketarik gabe plazaratuko baitira dantzak San Esteban egunean Beran 2014ko abuztuaren 3an.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?