Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak

2015/07/03 10:35
Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak

Ezpata-dantza Antion, 2015-02-07. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Gorriz markatu eta gogoratzeko data da 2015eko uztailaren 2a Zumarragan. Lehen aldiz emakumeek dantzatu dute Antioko ezpata-dantzan. Festa eta dantza berezia da Zumarragakoa. Antioko baseliza eta ingurune ederra, erritual aberatsa, eta eliza barruan eta kanpoaldean, herritarrak gain-gainean daudela, begi eta kamera guztiak dantza eder, zail eta gogorra dotoreziaz dantzatzen duten ezpata-dantzariei begira daudela, une magikoak gertatzen dira uztailaren 2an.

Antioko ezpata-dantza 2015 ezpata-dantza 02
Ezpata-dantza Antion, soka-dantza, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Urtero herritar asko biltzen bada ezpata-dantzaz gozatzera, aurten jendetza erakarri du ezpata-dantzan iragarri zen aldaketak. Irrintzi dantza taldeko dantzariek erabaki zuten neskek ere dantzatuko zutela mutilekin batera ezpata-dantzan eta ohiko emozioak gainezka egin dute Antioko erritualean.

Hamabi dantzari, milaka bihotz

Oihane Vicente, Eneko Galdos, Josune Martin, Mikel Aranburu, Nekane Martin, Ines Aztiria, Amaia Plazaola, Ane Egia, Asier Villalain, Mikel Idiakez, Mikel Urteaga eta Josu Otaegi izan dira dantzariak. Aitor Zabaleta, Maria Jesus Arratibel, Maitane Elgarresta, Maialen Mujika, Maialen Zubizarreta, Mikel Gonzalez, Lierni Goia, Gorka Janeiro eta Oier Zabaleta txistulariak. 
Zumarraga ezpata-dantza 2015 hasierako argazkia
Zumarraga, ezpata-dantza, talde argazkia hasieran, 2015-07-02. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - dantzan.eus CC BY-SA
Haien atzean, alboan, inguruan.... Irrintzi dantza taldeko gainontzeko dantzariak, aurreko belaunaldietan dantzari aritu izan diren ehunka zumarragatar eta urretxuar, eta beraien herri, festa, tradizio eta identitatearen ordezkari ezpatak eskuak dantzatzen duten ezpata-dantzariak dituzten gainontzeko herritarrak. 
Zumarraga ezpata-dantza 2015 bidean
Zumarraga, ezpata-dantza Antiora bidean, 2015-07-02. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - dantzan.eus CC BY-SA
Baseliza barruan, ezpata-dantza ikustea ez da erraza izaten, eta elizaren estalpeak kontentziora bultzatzen ditu ikusleak. Lehen emakume ezpata-dantzariaren jardunaren ondoren txalo egiteko keinutxo bat antzeman da, baina eutsi egin zaio eta emozioak askatzea kanpoko emanaldirako utzi dute herritarrek. Hamar apaiz, herriko alkate eta zinegotziak, Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari politiko nagusiak bertan izan arren, protagonistak dantzariak, ez neska, ez mutil, ezpata-dantzariak izan dira Zumarragan. 
Zumarraga ezpata-dantza 2015 hiru azkendariak
Zumarraga, ezpata-dantza, hiru azkendariak, 2015-07-02. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Hautsi da anfora

Meza luzea egin ohi badute Santa Isabel egunean, inoiz baino luzeago gertatu zaie aurtengoan kanpoaldean ezpata-dantza ikusteko zain zeudenei. Ordu-betetik gora egin dute gehienek ikusteko toki ona izateko. 12:30ak hurbildu direnean gainezka zegoen Antioko baseliza aurrean ezartzen den oholtzaren ingurune osoa. Halako batean hasi da ezpata-dantza eta hautsi da anfora. Askatu dira emozioak. Izugarriak ezpata-dantzariei bakarkako lanean eskaini zaizkien txalo zaparradak, biba eta animo oihuak, dantzariak izenez aupatuz.
Antioko ezpata-dantza 2015 kanpoan dantzan 01
Zumarraga, ezpata-dantza Antion, 2015-07-02. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA
Antio ezpata-dantza 2015 publikoa 01
Zumarraga, Antio, ezpata-dantza, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA
Antio ezpata-dantza 2015 publikoa 02
Zumarraga, Antio, ezpata-dantza, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA
Aurreskuan jarraitu du festak, eta emakumeak berezkoa eta merezia zuen tokia hartzeak eragin duen hunkidura komunitarioak gain hartu du Mikel Aranburu atzeskuari ama plazaratu diotenean agurra dantza ziezaion. Azken urteetan dantzari izandako hainbat atera dituzte sokara, orain gertatutako aldaketaz aurreko belaunaldiak partaide bihurtuz, eta aro berriaren poztasuna belaunaldi guztiekin konpartituz. Jantzien egokitzapena egin duten Ikerfolk elkarteko Ane Albisu diseinatzailea eta jantzi tradizionaletan aditua dena, eta praka berriak josi dituen jostuna ere atera dituzte sokara. 
Antioko ezpata-dantza 2015 soka-dantza 01
Ezpata-dantza Antion, soka-dantza, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Gu dantzariak gara

Ez neska, ez mutil, dantzariak dira Zumarragako ezpata-dantzariak. Urtean zehar entsegutan, emanaldietan, taldeko ohiko dinamikan egindako lana eta ekarpenak aintzat hartuta, Irrintziko taldekideek eurek hautatzen dituzte Antioko ezpata-dantzan parte hartzeko ohorea izango duten hamabi dantzariak. Mutilen artean hautatzen ziren orain arte. Dantzarien artean hautatu dituzte aurten eta halaxe izango da aurrerantzean. 
Antio ezpata-dantza 2015 Irrintzi
Zumarraga, Antio, ezpata-dantza, 2015-07-02. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - dantzan.eus CC BY-SA