Dokumentuaren akzioak
Neskek mutilekin batera dantzatuko dute lehen Zumarragako ezpata-dantzan
Uztailaren 2a, Santa Isabel eguna, berezia izaten da Zumarragan, eta aurten oraindik bereziago, lehen aldiz neskek parte hartuko baitute Antioko ezpata-dantzan. Ezpata-danzarien taldea osatzen duten Irrintziko dantzarietatik lau eta kapitainetatik bi neskak izango dira aurtengo Antioko ezpata-dantzan.
Neska edo mutilen dantzak atzean utzi eta dantzariek egingo dituzten dantzetara pasatzeko urratsa emango dute honela Zumarragako ezpata-dantzan. Irrintzi dantza taldeko kideek jakinarazi dutenez, hemendik aurrera ez dira taldeko gizonezkoak izango ezpata-dantzan parte hartzen dutenak, dantzariak izango dira, neska ala mutil diren kontuan hartu gabe, urtean zehar interes gehien erakutsi eta entsegu gehiagotara joaten diren dantzariak.
Neska eta mutilak ezpata-dantzan aritzeko dantza-arropak egokitzea erabaki dute Irrintzi dantza taldekoek. Juan Antonio Urbeltz-engana jo dute aholku eske, eta Ikerfolk elkartearen laguntza jaso dute jantziak egokitzeko orduan. Hain zuzen ere, Ikerfolk-eko Atondu programa zuzentzen duen Ane Albisuk egin ditu jantzien egokitzapenak. Orain artekoen airea mantentzen dute jantziek, baina praken tankera aldatu dute, "neska zein mutilei ondo datozkienak" egiteko.
Goizeko 9:30etan elkartuko dira dantzariak Euskadi plazan eta Andre Maria Jasokundekoaren parrokia-elizatik pasata Antioko Amaren elizara igoko dira, Meza Nagusian eta honen ostean ezpata-dantza eta aurreskua egingo dituzte.
Dokumentuaren akzioak