Dokumentuaren akzioak
Neskak ezpatekin dantzan: ‘vade retro’ ala bada garaia?
Ez dago oso urrutira joan beharrik: Legazpin ere jaietako egun nagusian tokia du. Aurten Sustraiak taldeko kideek sorpresa itzela eman diete euren bizilagunei, neskek dantzatu baitute. Zer iritzi ote dute zumarragarrek horri buruz? Irrintzi dantza taldeko Eneko Galdosekin hitz egin dugu eta 50 herritarrei euren iritzia eskatu diegu posta elektroniko bidez. Hamabi lagunek erantzun dute.
Hasteko, legazpiarrei euren ekimenaren berri emateko eskatu diegu. Sustraiak dantza taldeko Jon Dorronsorok 60ko hamarkadan hiru neskak parte hartu zutela gogoratu du. Mutil gutxi zeudelako izan zen. Aurten, ordea, dantzari guztiak emakumezkoak izan dira eta arrazoia beste bat izan da. “Taldean urteren batean neskei aukera emateaz hitz egin genuen eta eurak ados azaldu ziren. Protagonismoa eman nahi genien. Taldean gehiengoa direla, mutil guztiok dagoeneko maiatzaren 3an plazan dantzatzeko aukera izan dugula eta Legazpin dantza berreskuratu zuena Sustraiak izan zela kontuan izan behar da”.
Gauza bat argi utzi nahi du: erabakia ez zen eztabaida pizteko hartu. “Dantza munduan kontu hauek aspaldi gainditu genituen. Mutilak falta direnean neskek dantzatzen dituzte euren dantzak eta alderantziz. Beasaingo Ezpata Dantzan, adibidez, emakumezkoak sokan irteten dira”, azaldu du.
Goierri Beheko herrian emakumezkoek eta gizonezkoek berdin janzten dute, baina Legazpin neskek euren jantziekin dantzatu zuten. “Neure burua ez dut ez puristatzat eta ezta iraultzailetzat ere. Arropari buruz ez dut esateko ezer. Eurek beti bezala janztea erabaki zuten eta ondo iruditzen zait”.
Eta bizilagunek, zer esan zuten? “Gustatu egin zitzaien. Guk baino hobeto dantzatu zutela esan ziguten, baina oso seriak zeudela”. Datorren urtean gizonezkoak izango dira berriro ezpatak hartuko dituztenak. “Aurrerantzean mutilek dantzatuko dugu, edo horretan saiatuko gara behintzat, baina egunen batean nahikoa mutil ez badaude nesken esku utziko dugu edo mistoa izango da. Garrantzitsuena ondo dantzatzea da”.
Zumarragan Ezpata Dantza sinboloa da. Zumarragarrak iritzi berekoak izango al dira? Eneko Galdosek 23 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko zazpi aldiz dantza egin du Antion. Gure deia jaso zuenerako bazuen Legazpin jazotakoaren berri. “Ondo” iruditzen zaio neskek Ezpata Dantza dantzatzea. “Nahiago dut eurek dantzatzea ohitura galtzea baino. Noiz edo noiz gaiari buruz hitz egin dugu, txantxetan, baina sekula ez dugu aukera hori serio landu. Oraingoz nahikoa mutil ditugu eta orain arte bezala jarraituko dugu”, bukatu du.
“Neskek dantza egitea ondo irudituko litzaidake, baita publiko artetik mutilak ateratzea ere” (Gizonezkoa, 34 urte)
Legazpiarren erabakiarekin ados nago. Ez daukat arrazoi sendorik, norberak egin dezala nahi duena. Zumarragan ere neskek dantza egitea ondo irudituko litzaidake. Baita publiko artetik mutilak ateratzea ere. Izan ere, Ezpata Dantzan emakumeak duen papera... Eta izan daiteke mutilak neska ateratzea, neskak mutila, mutilak mutila ala neskak neska... Oholtza horretan ez da emakumearen rola soilik aldatu behar. Tradizioa apurtzeko dago, nire ustez. Are gehiago emakumeak (beno, hark jokatu beharreko paperaren inguruko polemikak) eta elizak bat egiten duten Antioko Ezpata Dantza bezalako gai batean. Dena den, egia esan, nire ustez Ezpata Dantzak Santa Isabel eguneko osagai garrantzitsuena izateari utzi dio. Askoz gehiago bizi dut, adibidez, jaitsiera: herri osoak bat egiten du dantza eta saltoka arraza, sexu eta erlijio bereizketarik gabe. Bide batez, mozkor guztiak nola jaisten garen begira egoten den jendea ere ez dut ulertzen... Sar hadi bada kalejiran! Izan ere, festa batzuetan aktoreak eta ikusleak daude eta horrek ernegatu egiten nau. Batzuk indioarena egiten eta besteak begira... Festak parte hartzeko dira! Jaitsiera ondorengo Iburreta kanpoko giroa ere hor dago, egitarau ofizialetik at dagoena, nahiz eta azkenaldian pixka bat formalizatu den. Nostalgian erori nahi izan gabe, uste dut garai batean bertako giroa askoz ere ganberroagoa zela.
“Ondo iruditzen zait neskek dantzatzea, baina eztabaida handirik ez pizten saiatuko nintzateke” (Emakumezkoa, 55 urte)
Ondo iruditzen zait neskek Ezpata Dantza dantzatzea, baina eztabaida handirik ez pizten saiatuko nintzateke. Pixkanaka sartuko nituzke neskak. Sokan hasi, adibidez, gero denborarekin neskek eta mutilek berdin dantzatzeko. Oker ez banaiz gerra ondoren neskak ordura arte mutilek bakarrik dantzatzen zituzten dantzak dantzatzen hasi ziren mutil faltagatik. Gaur egun neskak ez dute batere arazorik mutilen dantzak dantzatzeko eta, mutilen falta ikusita, zergatik ez?
“Aurretik hainbat urretxuarrek egin badute, nola ukatuko diogu herritar bati neska izateagatik?” (Gizonezkoa, 33 urte)
Primeran iruditzen zait, nahiz eta agian naturalena neskak eta mutilek batera egitea izan: bereizketarik gabe eta X neska edo Y mutil egon diren zenbatzen jarri gabe. Dantza taldeak erabaki dezala zeinek dantza egin bere irizpideen arabera. Ez dakit Legazpin hautsik harrotuko ote zuen, baina benetan bikaina iruditu zait aurretik inolako polemikarik ez piztu izana, hau da, beste inork jakin gabe neskak dantzatzera irten eta kito. Aurretik esan izan balute ziur egongo zela bazterrak nahastuko zituen norbait. Zumarragan halakorik? Zergatik ez. Eta oso serio esaten dut, azken urteetan hainbat urretxuarrek egin badute -eta ez daukat ezer horren aurka, Irrintzikoek aukeratzen dute, eurek jakingo dute nola eta ez naiz horretan sartzen- nola ukatuko diogu herritar bati Ezpata Dantza dantzatzea neska izateagatik?
“Sustraiak taldearen sorpresa izan da? Orduan dantza norena da, herriarena ala dantza taldearena?” (Emakumezkoa, 31 urte)
Ez nuen ideiarik ere. Erabaki horren atzean legazpiarren gehiengoaren nahia egongo zela uste nuen, baina Interneten publikatu dena irakurri eta orduan bai gelditu naizela harrituta: Sustraiak dantza taldearen sorpresa izan da? Orduan Ezpata Dantza zeinena da, herriarena ala dantzatzen duen taldearena? Egia da bai Legazpin bai Zumarragan dantza taldeei esker (eta txistulariei esker) mantentzen dela Ezpata Dantza, baina horrelako erabaki bat hartu eta gainera sorpresa izatea... ez dakit bada... xelebrea iruditzen zait. Zumarragari dagokionez, herritarren gehiengoak hala nahiko balu, ba aurrera, ez lidake traumarik eragingo. Hori bai, beti ere herritarren erabakia bada eta ez beste herri batzuetako feministek bultzatutako erabakia. Niri neuri ez litzaidake gustatuko.
Legazpiko Ezpata Dantzaren argazkia begiratuta, ez zait Ezpata Dantza iruditzen. Beste dantza bat ematen du, eta ez bakarrik dantzariak neskak direlako, estetikoki ere beste dantza bat dirudi. Ez dut Zumarragako Ezpata Dantza praka gorri eta alkandora zuriarekin beharrean Legazpin bezala baserritar jantziarekin dantzatuta imajinatzen. Bestalde, gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde beste alor batzuetan egin behar dela iruditzen zait. Emakume bezala ez naiz diskriminatua sentitzen tradizioa jarraituz Ezpata Dantza gizonek dantzatu eta ondoren hauek emakumeak dantzara ateratzeagatik. Ez dakit legazpiarrek nola hartuko zuten, garbi daukadana da Irrintzi dantza taldeak uztailaren 2an horrelako sorpresa bat emango balu zeresan asko emango lukeela!
“Logikoa ikusten dut XXI. mendean ekitaldietan bereizketarik ez egitea neska eta mutilen artean” (Gizonezkoa, 31 urte)
Ez nekien Legazpin erabaki hau hartu zutenik, baina ondo iruditzen zait. Zumarragan ere neskak dantzatzea ondo irudituko litzaidake. Alde nago, logikoa eta zentzuzkoa ikusten dudalako XXI. mendean sartuta jaietako ekitaldietan bereizketarik ez egitea neska eta mutilen artean parte hartzeko garaian. Ezpata Dantzan mutilak bakarrik dantza egitean tradizioak aginduko du, seguru asko, baina tradizioak berdintasunaren alde alda daitezke.
“Askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zait eszena zaintzea dantza egiten duenaren sexua baino” (Emakumezkoa, 36 urte)
Nik uste dut joera naturala dela eta dantzaren esentzia berdin ulertu eta transmititu dezakete neskek edo mutilek. Gainera suposatzen dut Legazpin erabaki hori ondo pentsatu dutela eta beren arrazoiak izango dituztela. Askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zait eszena zaintzea (dantza, pauso eta jantzi aldetik) dantza egiten duenaren sexua baino. Nire ustez Ezpata Dantzaren momentuak oso hunkigarriak dira eta dantzaria beraren sexua bigarren mailako zerbait da. Berdin zait dantzaria ederra edo zatarra izatea, berdin zait mutila edo neska izatea, ez zait inporta zein futbol taldekoa den, dantza bera da garrantzitsuena. Ez nago ez alde, ez kontra. Baina horrelako gaiak naturaltasunez egitearen aldekoa naiz.
“Ez zait iruditzen herriaren gehiengoa horrelako eskaerarik egiten ari denik” (Emakumezkoa, 32 urte)
Legazpin hartu duten erabakiari zuzena deritzot: ados jarri badira eta herriari ondo iruditzen bazaio zergatik ez? Zumarragako herriak edo gehiengoak hori nahiko balu ez litzaidake gaizki irudituko neskek Ezpata Dantza dantzatzea. Nik egia esan, orain arte bezala egiten jarraituko nuke. Ez zait iruditzen Zumarragako herriaren gehiengoa horrelako eskaerarik egiten ari denik. Emakumeok gatazka garrantzitsuagoak ditugula deritzot.
“Emakumeok gizonezkoek dituzten eskubide berberak izan beharko genituzke esparru guztietan” (Emakumezkoa, 39 urte)
Legazpin hartu duten erabakia primerakoa iruditzen zait. Gaur egun neskek ere Ezpata Dantza dantzatzea normala izan beharko luke. Baita Zumarragan ere. Zergatik nagoen alde? Emakumeok gizonezkoek dituzten eskubide berberak izan beharko genituzkeelako esparru guztietan, baita ohitura, tradizio eta kulturan ere. Ezin da jarri aitzakia bezala ohitura horrelakoa dela, ohiturak, denboraren poderioz aldatuz joaten baitira. Bestela, Erdi Aroan bezala egongo ginateke. Zergatik zumarragar batek, emakumea izateagatik, ezin dio Antioko Amatxori Ezpata Dantza eskaini eta gizonezko batek bai? Emakumea naizen aldetik erabat baztertuta sentitzen naiz.
“Irrintzin dantzatu nahi duen neskarik ez badago beharrik gabe planteatzen ari gara kontua” (Gizonezkoa, 49 urte)
Ez zait gustatzen emakumeak eta gizonak bando ezberdinetakoak bagina bezala jokatzea eta, ez dut oso ondo ezagutzen nola egin duten, baina iruditzen zait Legazpin horrela interpretatu dutela Ezpata Dantza dantzatzearena: emakumeek demostratu behar diegu gizonei guk ere dantzatzeko eskubidea dugula. Berdintasunaren izenean gero eta gehiago bereizten ari gara emakumeak eta gizonak. Eta ez zait gustatzen gizon-emakume bandokeria hori eta diferentziak horrenbeste azpimarratzea. Baina euskaldunok hain bandozaleak izan gara beti!
Zumarragako Ezpata Dantzak badu formatu bat, historian zehar jorratua izan dena eta, nire ustez, funtsean errespetatu behar dena: paseoa, dantzaren egitura, doinua, janzkera… Eta azaleko aldaketak edo ukituak egin daitezke, noski, eta niretzat nork dantzatzen duen azaleko kontua da. Niri berdin zait nor dagoen atorraren eta praken barruan dantzari ona bada: emakumea eta gizona, beltza edo zuria, kristaua, musulmana edo ateoa. Pertsona da dantzatzen duena. Nik dantzari onak nahi ditut, besterik ez. Neskek dantzatu nahi badute dantza dezatela, baina dantza gustuko dutelako eta Ezpata Dantza barrenean sentitzen dutelako eta ez “emakumeek ere egin dezakegu” demostratu nahi dutelako edo gizartean “proceso de empoderamiento” batean daudelako. Azkeneko hau Ezpata Dantzaren erabilpen politikoa iruditzen zait.
Emakume eta gizonen arteko kontu hauetan naturaltasun falta sumatzen dut. Ezpata Dantzan emakumearen inkorporazioa naturaltasunez egin nahi bada planteamendu okerra egiten ari gara bi arrazoigatik: batetik kontrako taldekoak bagina bezala kontsideratzen zaizkigulako, batzuen eta besteen diferentziak azpimarratuz, eta bestetik kontu hauek neurri batean artifizialak direla uste dut. Hau da, nik ez dakit benetan Irrintzi taldean ba ote dagoen Ezpata Dantza dantzatu nahi duen neskarik. Ez badago modu artifizialean planteatzen ari gara kontua, beharrik gabe. Eta neska bat edo gehiago baldin badago Ezpata Dantza dantzatu nahi duena, Irrintzi taldean nork dantzatu eta nork ez erabakitzeko aplikatzen diren irizpideak aplikatu diezaiotela. Dantzatzea tokatzen bazaio entseatzen has dadila, lau haizetara zabaldu gabe, uztailaren 2an dantza dezala beste dantzari bat balitz bezala eta ikusiko duzu jende asko konturatu ere ez dela egingo. Baina ez litzaidake gustatuko Irrintzi taldean aurten neskek bakarrik dantzatzea eta poxpolinez jantzita erabakitzea: berdinak bagara elkarrekin dantza dezatela neskek eta mutilek modu naturalean janzkera errespetatuz.
“Emakumezkoen dantzak ere badira eta bakoitzak badu bere esparrua” (Gizonezkoa, 43 urte)
Legazpin egin dutena ez zait egokia iruditzen eta, beraz, Zumarragan hori egitearen aurka nago. Dantzek funtzio soziala betetzen zuten sortu zirenean eta funtzio hau aldatzen ari da bestelako erabilera ematearekin (esaterako, aurreskua erabat tribializaturik dago). Ez dut uste berdintasun kontuak muturrera eramatea ona denik. Gizonezkoen dantzak diren neurrian, emakumezkoenak badira eta bakoitzak badu bere esparrua. Benetako berdintasunean, gizon zein emakumeek edozein dantza egiterik izan beharko lukete eta ez dut uste horretara iritsi nahi denik.
“Neskek Ezpata Dantza dantzatzea eskubide eta justizia kontua da, ez iritzi edo tradiziozkoa” (Emakumezkoa, 22 urte)
Legazpin hartu duten erabakia beste erabaki bat gehiago iruditzen zait, ez dauka ezer berezirik eta erabaki guztiak horrelakoak izan beharko lirateke. Dantzariak ez lirateke sexuaren arabera banatu beharko, pertsonak bezala baizik. Pertsonak gara emakume edo gizon izan aurretik eta hori ahaztu egiten zaigula dirudi. Zumarragan neskek Ezpata Dantza dantzatzea ere berdin irudituko litzaidake: ez ondo eta ez gaizki, egin beharreko gauza bat baizik. Eskubide eta justizia kontua da, ez iritzi edo tradiziozkoa. Horregatik, hain zuzen ere, nago emakumeak Ezpata Dantzatzearen alde: eskubidea delako. Bada garaia pertsona guztiak berdin tratatzeko eta Ezpata Dantza herriarena baldin bada hau bete beharko litzateke eta ez herri erdiarena (gizonena) izan. Zumarragako festetan Ezpata Dantzarekin gizonek lortzen duten protagonismoak agerian uzten du berriro ere emakumeak bigarren plano batean gaudela eta jokabide pasibo bat dugula Aurreskua dantza diezaguten ateratzen gaituztenean. Jarrera hauek ez datoz bat gaur egungo gizon eta emakumeekin eta ematen du horretaz ez garela konturatzen.
“Ondo egiten duen, entseguetara joaten den eta horrelako irizpideak izan beharko lirateke nagusi” (Gizonezkoa, 32 urte)
Legazpin hartu duten erabakia ondo ikusten dut: egoki ikusi badute aurrera. Denek izan beharko lukete parte hartzeko aukera. Zumarragan ere neskek dantzatzeak ez nau bereziki kezkatzen. Emakume batek nahi badu besteek duten aukera berbera izan beharko luke, generoak ezin du mugatu dantzatzea edo ez. Ongi dantza egiten duen edo ez, entseguetara joaten den eta horrelako irizpideak izan beharko lirateke nagusi.
Dokumentuaren akzioak