Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantza festaren erdian: San Esteban egunez Beran

Dokumentuaren akzioak

Dantza festaren erdian: San Esteban egunez Beran

2014/08/05 14:05
Dantza festaren erdian: San Esteban egunez Beran

Argazkiak: Oier Araolaza - dantzan / CC BY-SA

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SAPlaza mukuru beteta dagoela iritsi dira dantzariak, txistulariak, udal ordezkariak, banderaria, laguntzailea eta segizio osoa Herriko Etxera. San Esteban eguna da Beran, jai egun handia, eta goiz parteko emanaldi nagusia eskaintzera doaz dantzariak. Bandera-dantzaren ondoren egingo dituzte bordon-dantza eta makila-dantzak. Bordon-dantza soka batzuekin egiten den ezpata-dantza erako dantza da. Lesakako zubigainekoaren gertuko ahaidea. Baina lehen sarrerak, ezpata-dantzaren ohiko doinuarekin Debako San Roke dantza gogorarazi dit. Doinu bera, taldearen formazio bera (batzuk sokekin besteak makilekin), eta urratsa ere berbera dela esango nuke, estilo ñabardurak baditu ere. Eta hori guztia gutxi balitz, emakumeak integratzeko borondate (iaz Deban, aurten Beran) bera. 

Dantzariak lanean hasi direnean ixiltasuna nagusitu da. Solik animo oihuak eta dantzarien lana goraipatzeko dantzan ari direla oraindik eskaintzen dizkieten txalo zaparradak entzuten dira txistularien soinu eta dantzarien arnasketaz gain. Ez dakit beti hala izaten den, baina gaur emozio handia antzematen dut plazan. Akaso emakumeak lehen aldiz dantzatzen dutelako izango da? Edo urtero bizi dute era honetan Beran San Esteban eguna eta emakumeen parte hartzeak hori indartu baino ez du egin? Modu batera edo bestera, bai berezia eta hunkigarria dela San Esteban eguneko dantzen emanaldia Beran.

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

"Ba Patxi baaaaa!!!", "Ba Patxi baaaaa!!!" oihu egiten du ikusle batek jendartetik. Aitzineskua (bi sokak batzen dituen buruzagia maisu zaharra Xemeinen—) da Patxi Castillo. Sufrimentu aurpegi nabarmena dauka. Orkatila bihurritu zuen eta harrezkero min handiarekin dabil, eta bordon-dantza luze eta gogorra gertatzen bazaio edonori, zer esanik ez oina minbera daukanari. Ikusleen txalo-zaparradak animatu nahi ditu dantzariak bordon-dantzaren azken zatian. "Aupa neskak!!!" oihu egin du batek. Txalo gehiago. "Benga Patxi baaaaaaaaaa, ba, ba, baaaa bukatzenzula!!!". Oilo-ipurdia jarri zait, hau bai une hunkigarria.

Makila-dantzak egiteko taldeak hasi dira ateratzen ondoren plazara. Zortziko taldeetan antolatuta txikienak hasi eta nagusietara 80 dantzarik bete dute plaza. Txiki eta nagusi, neska eta mutil, antzamaten da denak beren lanak ondo ikasita etorri direla plazara. Makil-dantza bakoitza bukatu eta txistulariek etenik gabe ekiten diote hurrengoaren hasiera iragartzen duen Atia edo deiari. Horrela, atsedenik gabe lotuz aletu dituzte hamar makil-dantzak. Hasierako biribilketan ere elkar-jotzen dituzte makilak, eta ondoren bederatzi makil-dantza egiten dituzte segidan, eta azkenik zahagi-dantza.

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

Antonio Goiak CEEN aldizkarian argitaratutako Dantzas navarras artikuluan Berako makil-dantza ederrei buruzko xehetasun tekniko guztiak aurki daitezke, baita partiturak eta dantzatzeko gomendioak ere. Plazan dantzarien lanak serio jarraitu du eta azken piezara, zahagi-dantzara iritsi dira. Zahagiak daramatzaten dantzarien balantza eta jasotzen dituzten kolpeekin nagusitu dira barreak eta txaloak berriz.

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

Arratsaldean oraindik beteago zen Herriko Etxearen plaza arratsaldeko 18:00ak hurbildu direnean. "Orain 20 urte ikusi nuen lehen aldiz, biziki ederra da" esan dit goizean Xabier Itzainak. Eta Itsasuko ikertzaileak badaki zerbait honetaz, bai horixe. Aita Donostiak esango lukeen moduan, neskak orain arte "dantzatuak" izan dira Berako aurreskuan, baina aurten dantzatu egin dute, mutilekin batera dantzatu ere. Azeri-dantza, abarketak edo banan-banangoa egiterakoan, neskak eta mutilek, aurrez aurre dantzatu dute. Arin-arina bailitzan dantzaten dute azeri-dantza, plaza erdira etorrita, eta ikusleak gogotik txalotu dituzte denak.

Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

Dokumentuaren akzioak

2014/08/07 13:49
Artikulo polita. Biziki bertan egoteko gogoa pizte du. Bide batez nesken jantzia korpino txuriarekin eta gonaren buelo zabala asko gustatu zaizkit.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.