Dokumentuaren akzioak
Dantza Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian
Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN) aldizkariak Nafarroaren ohiturekin, kulturarekin, artisautzarekin, sinismenekin eta abarrekin zer ikusia daukaten gaien inguruko lanak biltzen ditu. 1969. urtean argitaratu zen lehenengoz eta 2013koa da argitaratutako azken zenbakia. Honako sarrera honetan CEEN-en dantzarekin harremana duten idatzien zerrenda eta laburpenak prestatu ditugu. Honetarako aurretik, 1998an argitaratutako Invitación al estudio de la Danza tradicional en el País Vasco (koord. Kepa Fdez. de Larrinoa) liburuan Unai Martiartu Tapiz-ek egindako hustuketa abiapuntutzat hartu dugu, harrez gero argitaratu diren lan berriak zerrendatu ditugu eta artikuluen laburpenak egin ditugu.
Antxon Aguirre Sorondo "Notas sobre la evolución de las fiestas en Guipúzcoa", "Identidad y Fiestas", "Interpretación de las fiestas: propiciación y protección" eta "Palos, bastones y makilas" titulua daukaten idatzien autorea da. Lehengoa Gipuzkoan ematen diren hainbat jai, festa eta erromeria, handi zein txikiren bilketa da. Lana bost esparrutan zatitua dago: musika eta dantza, arropak, janari eta edariak, jarduerak eta azkenik jokabideak. Bigarren artikuluaren
Nicolás Arbizu Gabirondok "Ermitas de Iturmendi" artikuluan Sakana bailarako Burunda zonaldean aurkitzen den Iturmendi herriak dauzkan 4 ermitak aztertzen ditu eta hauetako batzuetan eman ohi ziren erromeriak edota jaiak izendatzen eta deskribatzen ditu. Tomas Alonso "Un ejemplo iconográfico de la danza social en Navarra" idatziaren autorea da. Bertan Nafarroako dantzek, sozialek zein erritualek, ikonografian duten papera jorratzen da, eta horretarako geografian zehar ermitetan eta abarretan topatzen diren irudiak aztertu eta azaltzen ditu Alonsok.
Mikel Aranburu Urtasunek hainbat lan ditu, 1986 eta 1997 bitartean argitaratutakoak CEENen, eta dantza aztergai dutenak. Idatzitako lehen artikulua, 1986. urtean, "El dance o paloteado en la Ribera Meridional de Navarra" da. Bertan Ortzadar taldeak paloteadoekin egin lana (iturri idatzi zein ahozkoetara jo, prestakuntza, eta abar) azaltzen du. Fustiñana, Murchante, Monteagudo, Cortes eta Ribaforadako paloteadoak zehaztasunez azaltzen ditu eta beste hainbat aipatu, hala nola, Cabanillas, Cintruenigo eta Ablitas. Azkenik, Aragoiko hainbat herrien zerrenda aurkezten da eta bakoitzaren paloteadoen azalpen txiki bat egiten da.
1987an bi artikulu argitaratu zituen, "El baile en las fiestas patronales de los pueblos de Erroibar y Artzibar" eta "Contribución al estudio del paloteado: Dances próximos de Borja, Ainzón y Tauste". Lehena Erroibar eta Artzibarren ematen diren herriko jaien eta dantzen ingurukoa da. Herri baten patroi-jaiak zer diren azaldu eta gero giza-dantza edo dantza sozialaren inguruan mintzo da: definitu, eremu horietan ematen diren dantza ezberdinak aztertu eta azaltzen ditu, bai eta elizak herri-dantzetan eduki eraginak ere. Bestetik, bigarren idatzia aurretik paloteadoen inguruan aurkeztutako lanari erreferentzia egiten hasten da. Ondotik, berezko testuari ekiten dio; “Contribución al estudio del paloteado”. Lehenik inbestigazioa zertan dantzan azaltzen du, eta hortik Aragoira egiten du jauzi du Borjako San Bartolomé-ren dancea bai eta honen atalak ere aztertzeko (pertsonaiak, arropa eta testuak beste batzuen artean). Beste horrenbeste eginen du Ainzón-go San Cristoren eta azkenik Tausteko Santxo Abarkaren Amabirjinaren paloteadoekin.
1991ko "Innovación en la tradición: Aspectos organizativos y financieros de la actividad cultural" artikuluaren bidez, Mikel Aranburuk kultura tradizionalaren definizio bat ematen du, hau da, zeintzuk diren bere elementurik adierazgarrienak. Azalpen hori eskuan hartuta kultura tradizionalaren berriztatzearen inguruan arituko da. Urte horretan "Glosario de instrumentos de música tradicionales vascos" ere argitaratu zuen. Honakoan Euskal Herrian topa ditzakegun soinu-tresnen zerrendatzeaz gain, bakoitzaren zehaztasunak ere emanen dizkigu. 1997ean "Zortziko de Arruazu. Apuntes para su reconstrucción" argitaratu zuen. Testu honetan dantza baten berreskuratze lanetarako beharrezkoak diren urratsez (melodiez, oinarri koreografikoez) eta Arruazuko zortzikoa bersortzeko proposatzen den ziklo koreografikoaz mintzo zaigu Mikel Aranburu.
Enrique Jordak euskal-dantzek dantza klasikoan eduki influentzia aztertzen du "Lo vasco y la danza clásica (resumen)" idatzian. Eraginaren beste plano batekin lotuta, Jesus Chueca Intxustak idatzitako "Euskal Nazionalismoak herri nortasunaren eraikuntzan folkloreari emandako zeregina (1931-1939)" artikuloa alderdi politikoek guerra-aurretik egindako folklorearen erabilpen sozio-politikoaz mintzo da eta horren inguruan agertu hainbat ekimenez edo erakundez ere, hau da dantza eta abertzaletasunaren arteko elkarrekiko eraginaz.
Jon Bagüsek idatzitako "La enseñanza de la danza académica en el Real Seminario Patriótico Bascongado de Vergara en el siglo XVIII" testuan aurkezten dena lan zabalago baten introdukzioa edo presentazioa da. Honakoak bi zatiz osatua dago: lehenik tituluak azaltzen duen gaiaren azterketa zehatza egiten du eta bigarren parteak musika akademikoa eta herrikoiaren arteko harremanen hainbat ohar ematen ditu.
Joxemiel Bidadoren hainbat idatzi aurki daitezke CEEN-en. Lehenengoa "Materiales para una bibliografía sobre danza vasca" da. Bertan, dantzaren inguruko bibliografiaren analisi historiko bat egiten du batetik eta bestetik zerrenda bibliografiko luze bat garatzen du. Bigarren idatziak "Pedro Antonio Añibarro Aitaren Misionari euscalduna liburuan dantzei buruz dakartzan 66. eta 67. doktrineak bere adibideekin" du izenburu. Honakoak bost zati ditu: Pedro Antonio Añibarroren bizitza, Añibarroren lanak, apaiza misioetan, zer zen dantza misioneroarentzat eta 66. eta 67. doktrinak eta adibideak.
"Un edicto contra las danzas del Obispo de Pamplona Juan Lorenzo Irigoyen Dutari (1769)" da hirugarren irakurgaiaren izenburua. Izenburuak agerira testuaren ardatza agerira dakarren arren, Joxemielek apezpikuaren bizitzaren hainbat ideia ematen dizkigu eta ondotik haren ediktoa azaldu eta kritikatzen du. Laugarrenak "El misionero dominico fray Antonio Garcés a su paso por Euskal Herria y su opinión sobre la danza" du izenburutzat. Testua fraide honen bizitzaren ingurukoa da eta baita honek dantzaren kontrako idatzitakoaren ingurukoa ere. Aztergai dugun azkeneko idatzia "Azpiazu y su descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa (1858)" da.
Francisco Eraso Alduncin da "Bailes típicos y otras costumbres de Santesteban" idatziaren autorea eta Doneztebe herriko dantzen garapena eta 1979ko hauen egoera kontatzen digu. Doneztebeko dantzez gain Nafarroa osoko beste hainbat dantza ikertzen dira Antonio Goya-k idatzitako "Dantzas navarras" testuan: Berako makil-dantzak, Arrarasko zozo-dantza, Olagueko esku-dantza, Baztango ipurdi-dantza eta Doneztebeko mutil-dantza. Hauen azterketa melodiko, koreografiko eta historikoak agertzen dira.
Jose María Jimeno Jurio-k Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra-n dantzarekin lotura zuzen duten hiru lan argitaratu zituen, 1973an lehena eta 1993an azkenekoa. "Paloteado de Monteagudo, La fiesta del Corpus en Tierra Estella" eta "Paloteado de moros y cristianos" dira haien izenburuak. Lehen idatzian Monteagudoko paloteadoaren edo dancearen deskribapen zehatza egiten du Jimeno Juríok, batez ere 1894.ean egindako paloteadoaren testuetan arreta jartzen. Bigarren testuari hasiera emateko Corpus Christi edo Besta Berriaren inguruko informazioa ematen digu Nafarroa mailan eta ondotik Estellerri edo Tierra Estella-n zentratuta hainbat eginkizun edo festaren zatien zehaztasunak kontatzen dizkigu (prozesioak, dantzak eta abar) eta bukatzeko Oktaban (Octava), Besta Berri egunaren ondoko astean, burutzen ziren ospakizunak azaltzen ditu autoreak. Bere azken idatzian, Ebro ibaiaren harroan topatzen diren herri batzuen antzerki mota konkretu bat azaltzen digu, kristauen eta mairuen paloteadoa edo pastorala, eta “dialogo”-ak edo testuak argira ekartzen ditu. Azalpenean pertsonaien, dantzarako erreminten, testuaren izaera popularraren edo herrikoiaren eta abarren nondik norakoak ematen dizkigu.
Angel Irigaray Imazek aldiz "Danzas euskarianas que se interpretaban en Auritz (Burguete)" idatzian bertako dantzen historia kontatzen du eta bildutako melodiak eta dantzak azaltzen ditu. Juan Cruz Labeaga Mendiola-k Zangotza herriaren inguruan idatzitako "Danzantes y Gaiteros en Sangüesa" 5 partetan zatitua dago: Besta Berri eta errege ekitaldiak XVI. mendean, XVII eta XVIII mendeetako hainbat berri, Socorro Amabirjinaren eta San Lambertoren kofradia, San Romanen kofradia eta Gaiteroak Iraileko San Sebastian jaietan. Bertan dantzarien eta gaitarien papera aztertzen da Zangotzako jai egunetan. Nafarroako beste eremu baten eduki kulturala aztertzeko intentzioz "Música y danza en Las Améscoas. Su incidencia en la vida social" Luciano Lapuente-ren artikulura jo dezakegu. Izenburuak dion bezala Ameskoako herri-festetako musika eta dantzak jorratzen dira baita dantza hauek herrian edukitako influentzia ere. Ondotik XIX eta XX. Mendeetatik ibilbide historiko bat egiten du.
Miguel Angel Sagasetak Luzaideko dantzak aztertu zituen bere garaian, baita haien azalpena eta musikak bildu ere. Lan luze horren sintesia edo laburpena dugu "Estudio de los bailes de Valcarlos". Luzaidetik alde egin gabe, Patxi Laborda Larrea-ren "Folklore satírico de Valcarlos. La Karroxa" artikuluak bertako Karroxaren nondik norakoak aztertzen ditu modu zehatzean, hau da, pertsonaiak, izenaren inguruko aipamenak, haren elementu folklorikoak eta egiten duen satira edo humorezko kritika.
Karlos Sanchez Equizak idatzitako "Dos polémicas sobre la música tradicional en Navarra" dugu batetik, zeinek Iruritan (Baztan) eta Iruñean egondako bi arazoez azaltzen dizkigun, eta "En torno al zortziko" bigarrenik, zortzikoaren ikerketa zehatz bat egiten duen idatzia. Lehenengoak Iruritara gaiteroak txistularien ordez eraman izanaren eta Iruñean 2 txistulari plaza publikoen sorkuntzaren inpaktu mediatikoez mintzo da, Diario de Navarrak eta La Voz de Navarrak egindako argitalpenak hain zuzen ere. Bigarren testuak, aldiz, zortzikoaren erritmo bereziaren nondik norako zehatzak ematen ditu: kontzeptua eta erritmoa, digresio pare bat egiten ditu hainbat afera azaltzeko (kantuarekin lotutako bat eta Kaxarrankari eta Bizkaiari lotutakoa bestea).
Dokumentuaren akzioak
Errefereziatako lan sakona!