Dokumentuaren akzioak
Garai bateko ohiturak berreskuratuz
Anoetako soka-dantza
Dantza-soka, hainbat dantzaren multzoa da, garai batean nekazal munduko gizartean funtzio sozial nabariak zituena. Anoetarren komunitate ikur zen dantza hau 50eko hamarkadan galdu zen. 2003ko udaberrian, herriko gazte koadrilen ekimenez berreskuratu zen. Bertan ondoko dantzak egiten dira: Desafioa, Axeri dantza, Agurra, Zortziko bat (aurreskuak inprobisatu behar duena), Fandagoa, Arin-arina eta Biribilketa. Soka honen protagonistak aurreko eta atzeko dantzariak dira, aurreskularia eta atzeskularia, Anoetan aurre-atziak izenez ezagutuak. Une konkretu batean, zubia egiten da, azpitik dantzari guztiak igaro behar dutelarik; honen esanahia onarpen sozialarena izan liteke, hau da, pertsona gizartean onartua bazen, sokan ere onartuko zuten; aldiz, izen txarrekoa bazen, sokatik bota egingo zuten. Historikoki zabalduena mutilena izan da: dantza mutilek egiten zuten, eta dantza horren bitartez neskak omentzen zituzten.
Jatorriari eta interpretazioari dagokienez, modu ezberdinetako esanahiak aurkitu izan zaizkio dantza sozial honi. Zaharrenetarikoa Gorosabel historialari tolosarraren izkribuetan irakur daiteke, honek dantza-soka gudarekin harremane-tan ezartzen zuen; bertan aurreskuak eta atzeskuak desafioa dantzatzeko garaia bi buruzagien arteko erronkatzat ulertzen zuen. Ondoren, garrantzia emakumeari ematen hasi zitzaion; jada bi dantzarien arteko erronkak ez zuen garrantzirik, baizik eta bakoitzak plazan zein emakume aukeratzen zuen agurra eskaintzeko. Nahiz eta Iztuetak jaso zuen bezala (1824) herriko alkateek dantzatzen zuten, oso dantza protokolarioa izan da XX. mendean zehar. Azken urteetan, antropologoek (esate baterako Urbeltzek) beste ikuspegi bat eman diote: gazteak gizartearen parte izateko sarbidea da, hau da, helduen komunitatean parte hartzen hasteko erritoa.
Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak jaso ditu Solsticio de verano liburuan garai bateko Anoetako San Joan jaiak, Sarobe eta Tolaretxe gaur egun Modestoenea izenez ezagutua baserrietan entzunak. Bertan aipatzen denez, dantza-soka Anoetako jaietan hiru aldiz dantzatzen zen: San Joan egunean meza nagusiaren ondoren eta arrats partean; eta San Joan hirugarrenean bestea, ekainaren 26an alegia.
Azken egun honetan, goiz osoan zehar baserriz baserri oilasko biltzea egiten zuten, oilaskoak makila batean zintzilik eramaten zituztelarik. Bazkalostean, arratsaldeko lauretan, ollasko-jokuba egiten zen: oilaskoa hiru makilei lotua ezarri eta dantzariak zortziko bat inprobisatuaz bertara hurbildu eta ezpataz lepoa mozten zion oilaskoari. Oilasko hauek afaltzeko arrazoi izango ziren. Tarte horretan egiten zen Aurreskua. Aurresku honetan lehen dantzariak pipar erroskilla bat zeraman eskuan eta sokara ateratzen zuten lehen emakumeari emango zion opari gisa.
50eko hamarkadan, hau aurrera eramango zuen dantza talde bat sortu zen. Urte askotan, taldearen arduraduna Manuel Odriozola izan zen. Policarpo Olano, Iruratik etortzen zena, ibili zen irakasle moduan. Taldea 16 mutil izatera iritsi zen, eta hauek egiten zuten dantza-soka San Joan eguneko meza nagusi ostean. Dantzari hauek nabarroz jantzita irteten ziren, hau da, zuri-gorriz. Garai honetan dantza honek harreman handia izan zuen Tolosan San Joan egunez ospatzen ziren batelekin. Izan ere, Guadalupeko Anoetako langileek hainbat bandera eskuratu zituzten garai honetan. Arraunlari hauei herrira itzultzean taldeak dantza bitartez eskaintzen zien ongietorria. 60eko hamarkadan, herriko jendea Tolosara joaten ze-nez, batelak ikustera, jaien eguna Korpusera igaro zen; jaiekin batera dantza-soka.
Dokumentuaren akzioak