Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Alazne Sarrigoitia: "Ni dantzaria naiz, dantzari-dantza dakit eta zergatik ez dut ba dantzatuko?"

Dokumentuaren akzioak

Alazne Sarrigoitia: "Ni dantzaria naiz, dantzari-dantza dakit eta zergatik ez dut ba dantzatuko?"

2019/07/19 08:40
Alazne Sarrigoitia: "Ni dantzaria naiz, dantzari-dantza dakit eta zergatik ez dut ba dantzatuko?"

Alazne Sarrigoitia. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzari-familia batean jaioa, umetan ikasi zuen dantzari-dantza eta neskatila bat zela dantzatu zuen dantzari-dantza lehen aldiz Garaiko plazan Alazne Sarrigoitiak (Garai, 1995). Izan ere, 2004 eta 2005 urteetan neska-mutilez osatutako ezpata-dantzari taldea aritu zen dantzan Garain. Jendeari Garain orain dela hamabost urte neskek dantzari-dantza dantzatzen zutela ahaztu zaiola dio, "Amorru handia ematen digu prentsan eta jendearen ahotan entzutea beste herri batzuk izan direla lehenak neskak dantzari-dantzan ateratzen edo Garain lehen aldiz neska batek dantzatu duela aurtengo San Joan jaietan". Garaiko dantzarientzat egun garrantzitsuenak Santiago eta Santa Ana egunak izan ohi dira, baina herriko auzoetako jaietan ere dantzatzen dute. Sarrigoitiak aurtengo San Joanetan dantzatu du, mutil faltagatik, baina oraindik zail ikusten du herriko jai nagusietan plazan neskek dantzatzea.

Noiztik dantzan?

Nik uste dut oinez ikasi nuenetik. Aita dantzaria izan da beti, neba nagusia ere bai. Beraz, ia jaio nintzenetik bizi izan dut eta aritu izan naiz dantzan.

Garaiko dantzariak
Garaiko dantzariak Santa Katalinan, 2008 inguruan.

Emakumeak dantzari-dantza dantzatzen hasi dira han eta hemen, baina hori zuretzat ez da berria ezta?

Nik gorulariak baino lehenago dantzari-dantza ikasi nuen. Nik uste dut 5-6 urterekin ikasi nituela banangoa eta txotxongilo eta gero 9 urtetatik 14 urtera arte edo dantzari-dantza dantzatzen aritu izan naiz. Guretzako dantzari-dantza ez da berria eta plazan dantzatzea utzi bagenu ere entseguetan jarraitu dugu, inoiz ez dira zortzi mutil elkartzen, beti egoten gara hor dantzari-dantza entseatzeko prest. Ez dugu lortu oraindik berriro plazara bueltatzea, baina beti presente izan dugu.

Gari dantzari-dantza
Garaiko dantzariak txotxongiloa dantzatzen San Joan ermitaren aurrealdean. Aurrez-aurre, Alazne Sarrigoitia (lehena) eta Olatz Milikua dantzan. Eneko Sarrigoitiak (aurrealdean) eta Markel Larruskainek (atzealdean) dantzaria aupatzen duten bitartean. San Joan, 2005-06-24. Argazkia: Unzueta-Arregi familia.

Neskei esker mantendu dela dantzari-dantza Garain esan daiteke?

Hala da. Esan bezala, gaztetxoak ginela lau mutil eta lau neskak osatzen genuen taldea eta gu ez bageunden, seguruenik, talde hori ez zen irtengo. Esan ahal da belaunaldi horrek ez zuela dantzari-dantza ikasiko eta agian hor etengo zela dantza. Bestalde, entseguetan hor gaude, pozik baina "bigarren plater" moduan beti. Inork ez digu inoiz eskertu. Plazara ateratzea nahi genuela adierazi genuenean taldeko askok babes hori ez emateak harritu ninduen; beraiei mesede bat egin ostean.

Alazne Sarrigoitia
Alazne Sarrigoitia. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zergatik utzi zenioten dantzatzeari?

Orduan gaztetxoa nintzen, baina batzuei entzunda eta badakit jendeari ez zitzaiola gustatu, berba egiten hasi zirela txarto esaka, gehienbat beste herrietako dantzariak. Guk naturaltasunez egin genuen, beharragatik, baina beste herrietan gaizki ikusi zuten. Niri ez zait ardura gu lehenak izan ginen edo ez, baina ernegua ematen dit guk pausoa eman genuenean ondoko herrietako taldeen iritzia jaso behar izan genuela eta orain beraiek pausoa eman dutenean fama guztia beraientzat izan dela.

Urteetan neska-mutil taldea dantzan ibili ondoren, jende gehiago gehitzen hasi zen taldera, taldea handitzen joan zen eta nesken eta mutilen taldeak osatu genituen. Horrela mutilek dantzari-dantza egiten jarraitu zuten eta gu beste dantza batzuk ikasten hasi ginen. Ni momentu horretan ez nintzen baztertuta sentitu, momentu horretan naturaltasunez egin genuen aldaketa; nobedade bat izan zen eta pozik geunden, arropa berriak, dantza berriak...

Gari dantzari-dantza
Alazne Sarrigoitia dantzan, Garai, 2004-07-31. Argazkia: Unzueta-Arregi familia.

Garai dantzari-dantza
Dantzari taldea Garaiko plazan, Txotxongiloa, Alazne Sarrigoitia altxatzen Eneko Sarrigoitia neba eta Markel Larruskain. Garai, 2004-07-31. Argazkia: Unzueta-Arregi familia.

Orain, ordea, berriro dantzari-dantza plazan dantzatzeko nahia agertu duzue.

Nik beti nahiago izan dut dantzari-dantza gorulariak edo beste dantza batzuk baino. Egoerak eraman gintuen ez dantzatzera, baina ikusita beste herri batzuetan pauso hori eman dutela, guk zergatik ez? Denborarekin konturatu naiz gorulariak urtean behin egiten ditugula, Santiago bezperan bakarrik, neskek plazan ez daukagu lekurik. Uste dut merezi dugula plazan lekutxo bat. Gustuko dut eta niretzako plazer bat izango litzateke herriko plazan dantzan egitea. Orduan, nik eta herriko beste neska batek dantzarien afari batean komentatu genuen dantzan hasi nahi genuela, baina hor gelditu da kontua. Aurrera pauso bat emanda, nik San Joanetan dantzatu dut eta entseguetan aritzen gara, baina hortik aurrera inork ez dio ezer.

Gari dantzari-dantza
Garaiko dantzariak San Joan auzoko San Joan jaietan. Lehenengo lerroan makurtuta: Alazne Unzueta, Alazne Sarrigoitiari besoa lepotik botata. Alazne Sarrigoitiaren ondoan, bere neba, Eneko Sarrigoitia eta ilararen amaieran, Olatz Milikua. Olatzen atzealdean, bigarren lerroan, Ane Etxeita. Honen ondoan José Ramón Zabaleta; bere aldamenean, Gontzal Sarrigoitia aurrealdean Alazne eta Eneko seme-alabak dituela. Azken lerroan, zutunik. Aneren atzealdean, Markos Atutxa, atzealdean jertsea lepoan duela, Javier Etxeita (gazteen taldeko irakaslea izan dana urte askotan. Badira bost bat urte ez dabilela irakasle moduan.) Parean, Mikel Etxeita (Ane Etxeitaren aita). Bandera eskuetan duela, Markel Larruskain. Haren ondoan, Jokin Arregi (Alazne Unzuetaren osaba). Amaieran, Miguel Milikua (Olatz Milikuaren aita) eta txistularia. San Joan, 2005-06-24. Argazkia: Unzueta-Arregi familia.

Badirudi batzuek ez dutela ondo ikusten neskek dantzari-dantza dantzatzea?

Niri inork ez dit kontrakorik esan, baina babesik ere inork ez digu adierazi. Zuzenean inor ez zait etorri ezer esatera, baina batzuk ez dute nahi guk dantzatzea eta beraien arrazoi nagusietako bat da Santiago eta Santa Ana egunean neska batek dantza egiteak apurtuko lukeela Garaik prozesioarekin eta Gernikako arbolarekin duen tradizio hori. Neskekin tradizioa ez omen da berdina izango.

Bestalde, niri oso gogorra egin zait bere garaian dantzari-dantza nirekin dantzatu zuten neskak orain ados ez egotea nirekin. Beraien arrazoia da, moda dela orain neskek dantzari-dantza dantzatzea, beste herri batzuetan dantzatzen hasi direlako nahi dugula guk ere.

Gari dantzari-dantza
Dantzari-dantzako taldea Garaiko plazan. Alazne Sarriogitia altxatzen Eneko Sarrigoitia eta Markel Larruskain. Eskuinean Olatz Milikua eta haren ostean Ane Etxeita. Argazkia: Unzueta-Arregi familia.

Eta zuk zer esaten diezu neskek dantzatzea nahi ez duten horiei?

Aurrekoan lagun batek esan zaidan, "mutilak badaude zergatik sartu behar zarete zuek?". Eta zergatik ez? Esan nion bera ez zela dantzari-dantzako dantzaria eta ni gorularien dantzaria. Ni dantzaria naiz, bere moduan dantzari-dantza dakit eta zergatik ez dut ba dantzatuko? Ni dantzaria naiz eta ez zait ardura neska edo mutila naizen; garrantzitsuena iruditzen zait ondo pasatzea eta egitea, nire herrian dantzatzea ohore bat izango litzateke. Garain badira bi neskato 4-5 urte ingurukoak esan dutenak dantzari-dantza egin nahi dutela, baina plazan ez dutela dantzatuko esan diote. Uste dut neskato horiek merezi dutela erreferente bat egotea herrian.

Gari dantzari-dantza
Alazne Sarrigoitia, San Joan auzoko San Juan jaiak, 2019-06-24. Argazkia: Eli Jaio

Noiz ikusiko zaitugu Garaiko plazan dantzari-dantza dantzatzen?

Nik esperantza txiki bat banuen jai hauetarako, izan ere San Joan bezperan dantzari bat falta zenez neuk dantzatu nuen. Hori horrela Santiago edo Santa Ana egunean dantzatzeko aukera ikusi nuen, baina ikusita batzuen jarrera ezinezkoa izango da. Orduan, datorren urterako epea ipiniko dut. Argi ikusten dut herri honetan etorkizuna neskena dela, bost mutil bakarrik ditugu bertakoak. Zer nahiago dugu, dantzari-dantza galtzea edo neskekin mantentzea?

Dokumentuaren akzioak

2019/07/22 17:29
Penagarria da gaur egun horrelakoak irakurri eta entzutea. Asteburu hontan kasualitatez Garaiko plazan nengoela Santiagoetarako plana erdi lotuta utzi nuen. Dantzari-dantza eguardiz eta erregelen erakustaldia atsaldez, eguraldia laguntzen badu joango naiz esan nion nire buruari. Orain, laino potolo potoloak ikusten ditut Oiz-ko magal hortan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)