Dokumentuaren akzioak
Horra, horra, gure Olentzero!
"Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean Olentzero emakumea Duguna dantza taldeko kideek.
Asmatu zezaketen, baina ez zuten asmatu beharrik izan. Tradizioan ere Olentzero emakumea izan baita. Leitzan adibidez. Haien blogean beren esperientziaren berri eman izan dute Dugunakoek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kide den Fernando Oiartzunek erantzun interesgarria utzi die berriki, bertan.
Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz: "Gure herrian, Leitzan, diozuen bezala aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu dugu: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Guk etxean ere horrela jaso genuen eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman digu horren berri."
Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten: txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek.
Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.
Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da:
Beste Olentzero hau, Oiartzungo ume talde batek egindakoa da XX. mende hasieran.
Traje eta korbataz jantzitako beste Olentzero hau Leitzan egindakoa da, XX. mende hasieran.
1950. hamarkadaren amaieran, Lesakako ikazkinaren eredua hartuta, Olentzeroren kabalkada antolatu zuen San Antonioren gazteriak Iruñean. Ondoren, 60ko hamarkadan, Ikastolen elkarteak herriz herri zabaldu zuen Olentzero eredu hori.
Azken hamarkadetan Olentzero ikazkinaren transformazio prozesua etengabe ikusten joan gara. Pertsonaia zarpail, zikin eta desatsegina izatetik, Santa Klaus txapelduna izatera pasa da Olentzero: pertsonaia bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria.
Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Baina merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du tradizioak.
Olentzero irudikatzeko modu bakarra ez dago. Ez ofizioz, ez itxuraz, ez generoz. Olentzero asmatzen dugun modukoa izango da aldi bakoitzean. Ez beti ikazkin, ez beti gizonezko. Espero dezagun emakume eta queer Olentzero gehiago ikustea gure karriketan aurtengo eguberrietan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kattalin Agerre
Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.
Emakumeak dantzan: gertatzen ari da
Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)
Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)
Durango: dantzari-dantza (2015)
Lasarte (2011), Arizkun (2011)
Villabuena (2013), Pasaia (2015)
Ermua (2015), Barakaldo (2015)
Zumarraga: ezpata-dantza (2015)
Antzuola: trokeo-dantzak (2015)
Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)
Luzaide: Bolant-dantzak (2016)
Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)
Nesken parte hartzea Santa Agedatan
Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)
Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)
Itziar: Gazteen aurreskua (2016)
Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)
Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)
Iurreta: dantzari-dantza (2018)
Goizueta: zahagi-dantza (2019)
Beasain: umeen aurreskua (2019)
Berriz: dantzari-dantza (2019)
Markina: karmenetako aurreskua (2020)
Abaltzisketa: Txantxoak (2022)
Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)
Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)
Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)
Atzerrian:
Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza
Genero rolak hankaz gora tangoan
Generoa dantzan: lehengo kontuak:
Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Baltasar emakumea izan zenekoa
- Aitor Sorazu on Baltasar emakumea izan zenekoa
- Dantzan on Dantzaren sektore profesionalean emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituzte
- Harkaitz Urreta on Alazne Sarrigoitia: "Ni dantzaria naiz, dantzari-dantza dakit eta zergatik ez dut ba dantzatuko?" 2019/07/17
- Dantzan on Eltziegoko dantzak neska-mutilek dantzatzen zituztenekoak 2017/10/20
- Dantzan on Galtza luzeak jazteagatik 10 pezetako isuna 2017/07/26
- Oier Araolaza on Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak? 2017/06/15
- Patxi Montero on Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak? 2017/06/15
- Oier Araolaza on Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko 2017/09/11
- Dantzan on Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko 2017/09/11
Pentsa Euskal Herrian zer egin den gai honekin: Eguzki-ospakizuna genuena suaren eta irudi desberdinen bidez irudikatua, besteak beste; ba hori zakarrontzira bota, eta Papa Noelen pareko bat asmatu dugu berriki samar edo; gizaseme, zahar bizartsua...Eta hori gutxi ez balitz bezala, parekideak eta progreak garenez, ba, andregaia bilatu diogu Olentzero berri horri: Mari Domingi, horren menpeko gisa, ia-ia. Eta zer da eta, hara non Leitzan behintzat maiz Olentzero bera emakumea ageri den eta eguberritako pertsonai mitologiko nagusi bakarra gainera...
Lehengo jendea gutxiesteko joera dute askok gaur egun atzerakoi ospea jarrita, baina Olentzero gai honekin ikasgai bikaina eman digute gure aurrekoek. Egun hauetan hiru emakume xaharren testigantzak paratu ditugu leitzakultura.eus webgunean eta youtuben. Entzun eta gozatu...Haiek ez baitute deus ere asmatu beharrik izan gai horri dagokionez: txikitandik ezagutu dute Orantzaroaren tradizio anitza herrian eta etxean bertan. Baina, hori urte dezentez ukatu eta gutxietsi zaie ere, eredu berri hori zabaldu eta gailendu ahala... Ea guztion artean buelta ematea lortzen dugun.
Eskerrik asko Leitzako kultur taldearen partetik!!!
Fernando Oiartzun