Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Maridomingi Go Home!

Dokumentuaren akzioak

Maridomingi Go Home!

Gainean ditugu berriz ere gabonak eta baita data hauei dagozkien ohiturak eta mazapanak. Eta berriz ere helduko da Olentzero bere bertsio guztietan (baita Bizar-zuri euskaldun gisa ere) eta bere ondoan, gero eta gehiago, Maridomingi.

Berez ez nengoke tradizio baten aldaketa baten kontra (biak batera baitoaz) ez balitz, ustez bilatzen diren baloreen kontrako aldaketa iruditzen zaidalako. Esan nahi baitut, Maridomingi generoen arteko berdintasunaren irudi bilakatu dela azken urteotan eta niretako fabore txikia egiten dio aldarrikapen horri ditxosozko Maridomingik.

Hasteko, uste oker batetik partitzen gara: Olentzero gizona da, beraz emazte bat behar du ondoan. Nork dio Olentzero gizona denik? Dagoeneko jakina da, esaterako Leitzan, Olentzero emakume irudikatu izan dutela inoiz.

Bestetik, Olentzero gizona bada, emazte bat behar du ondoan? Zergatik behar du heterosexuala izan? Ondoko urratsa zein izanen da, mutiko beltxaran bat eta neskatiko ilehori bat ematea seme-alaba gisa, familia tradizional perfektuaren adibide? Nire ustez Olentzero ez da inondik inora hori!

Baina Maridomingiren presentzia onartuta, nola ematen zaio eta nola onartzen diogu bigarren mailako paper hori? Olentzeroren atzean bezala, opariak paperean biltzen, erdi-mutu, lorontzi gisa, erratza pasatzen ez bada...

Honengatik guztiarengatik Maridomingi Go Home!!!!!! Olentzero eme (edo ar) baten alde!!!

 

Dokumentuaren akzioak

mikelo
2013/12/08 00:18

Ni, hasiera batean olentzero hemea zela eta sexua aldatzeko ebakuntza egin ondoren, hormonek jota bizarduna bihurtu zelaren bertsioaren aldekoa naiz. Portzierto, panpinak Etxeparekoak dira, galde diezaiotela bestela ispiluan ikusten den Verori. Jajajajaj!

eire
2013/12/09 13:23

Nahiko eskandalosoa iruditzen zait neri argazki horretan bezala Olentzero piparekin ikustea! Olentzero erretzailea?!?!?! Zer izango da hurrengoa? (Ironia off)

Oier A.
2013/12/09 13:31

Erantzun bat idazten hasi naiz, baina halako rolloa sartu dut neure blogera eraman behar izan dudala sarrera moduan: Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

aritz
2013/12/09 14:43

Mila esker mikelo, eire eta oier!!!! Eta oso interesgarriak Oier, gaineratu dituzun datuak eta zehaztasunak!!!

Ainhoa
2013/12/12 09:48

Ez zegoen eztabaidarik Olentzero gizon zuri bat zenean, igoal bai lekuren batean noski, baina ez orokorrean gizartean. Baina Maridomingi, bai, zalantzagarria da bere papera. Eta zer da esaten dena: Maridomingi go home!!! eta zergatik ez Olentzero go home??!!! Tristea Maridomingiri eskatzea alde egiteko, 40 urtean Olentzeroren figuraz gutxi asko esan denean. Tristea benetan.

Ona Olentzeroren generoa zalantzan jartzea, bai horretan ados, ona Leitzako adibidea, ados....Baina Maridomingi go home!!! Ezta pentsatu ere!!!! Eman diezaigun Maridomingiri beste protagonismo bat!!!

 

oier_a
2013/12/12 11:56

Ainhoa, ez zaitez arerioz nahastu. Ulertzen dut zenbaitentzat "go home" moduko oihu gordinak mingarriak gertatzea, eta gaiaz lasai gogoeta egiteko gonbidapena izan beharrean gure posizioetan atrintxeratzera eraman gaitzakeela. Hori gerta zitekeela sumaturik nire blogean egindako sarreran beste aldarte bat eskaintzen saiatu naiz: "[Mari Domingi:] Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi.

Olentzerok hartutako norabidearen inguruan gutxi batzuk aspaldi gaude kezkatuta, eta kezka hori maiz kaleratu dugu, baina ondo diozunez, orokorrean gizartean ez da antzeman kezka hori. Oraingo honetan, Mari Domingi-ri dagokionez antzemango ez den moduan.

"Ezta pentsatu ere!!" diozu, eta hori bakarrik eskatzen dizut nik, "pentsatu", pentsatu dezagun nondik jo behar dugun gure festa eta tradizioak parekideak izan daitezen. Pentsatu dezagun nola jokatu, ez dakigun gertatu berdintasunaren izenean ematen ditugun urrats batzuekin berdintasunarekin zerikusirik ez duten genero bereizketaren estereotipo atzerakoiak sustatzen ditugula.

Ainhoa
2013/12/12 12:55

Aupa Oier;

Eskertzen dut zure erantzuna eta ikusi dut beste sarrera bat egin duzula, benetan mingarria egin baizait "Go home!" bezalako esaldiak irakurtzea.

"Yankee go home!!" bezalako esaldiak Cuban, eta baita beste hainbat lekuetan, milaka aldiz entzun ditugu, garbi garbi ikusten delako yankiak arrotzak direla, beraien munduaren ikuspegia inposatu nahi dutela eta beraz ez direla ongi etorriak, eta alde agingo balute hobe.

Egia da, igoal bada Maridomingi arrotza eta inposatzailea, baina nik dakidanez gure inguruko tradizioetan ( Hiru Erregeak, Santa Klaus...) emakumeak ez dira ezta agertu ere egiten. Nire ustez Maridomingi bezelako figurei , behin gurean daudenez, etekina atera  behar diegu. Goazen aprobetxatzera, apurtu ditzagun "bakarrik gizonak" estereotipoa eta "bakarrik laguntzeko dauden emakumeak" bezelako estereotipoak, noski baietz. 

 

Oier A.
2013/12/12 17:37

Ainhoa, beste sarrera zure lehen erantzunaren aurretik egina zegoen, eta bata bestearen osagarri dira. Hemen inork ez du esan Mari Domingi "arrotza eta inposatzailea" denik. Uste dut ez duzula gogoetaren muina atzeman, eta zure lehen erreakzio emozionalarekin gotortuta zabiltzala.

Errege magoak aipatu dituzu, ba heldu diezaiogun horri. Erregeekin zer egin beharko genuke zure ustez? Haientzat bikoteak asmatu? Guk Olentzerorekin planteatzen duguna erregeetara eramanez izango litzateke: erregeak emakumezkoak ere izatea, nork bere nahiaren arabera izan daitezela erreginak, erregeak eta genero markarik gabekoak hala nahi dutenak. Baina ez ditzagula berdintasunaren izenean genero estereotipoak eta heteronormak erreproduzitu eta errotu.

aritz
2013/12/13 09:48

Ainhoa,

Artikuloari izenburu hori jartzean, deigarri egin nahi nuen eta pixka bat zirikatzaile, baina bistan da ez dudala asmatu! Ez zen nire asmoa inor mintzea. Barka!

Kontestua azalduko dizut eta ondotik pentsatzen dudana ziririk eta amorrurik gabe adierazi.

Lagun baten sare sozial bateko profilean goiko argazkia ikusi nuen. Olentzero eserita eta bere aldean, Mari Domingi zutik, eta erratza eskuan. Eta amorratu egin nintzen eta horren ondorio da izenburua. XXI. mendean dezente sartuta gauden honetan tradizio berri bat asmatu emazteari tokia egiteko, eta erratza eskutan jarri? Horretarako, nik ez dut Mari Domingirik nahi!

Ez zaizu arrazoirik falta diozunean Mari Domingi agertu den arte, inork ez duela zalantzan jarri Olentzeroren generoa. Baina Maridomingi heldu da eta niretako paper eskasa ematen ari gara, eta hori da nik kritikatzen dudana. Ez emakumearen papera bera, baizik eta emakumeari ematen zaion papera bigarren mailakoa izatea (eta tamalez, praktikan hori gertatzen ari da).

Eta niretako askoz ere ederrago litzateke, Olentzero genero jakin gabeko pertsonaia izatea, edo norberaren gustoaren arabera, gizon edo emakume, Oier-ek bere blogeko sarreran aipatu bezala, Leitzan izan den modura.

Nik ez dut nahi emaztea Olentzeroren ondoan egotea, bigarren planoan, nik nahi dut emaztea Olentzero bera izatea.

Nire pentsamoldea zertxobait hobe adierazi dudalakoan, mila esker blogean parte hartzeagatik!

Ainhoa
2013/12/13 12:11

Aupa Aritz,

Eskerrik asko esplikatzagatik. Nik formarekin nituen arazoak ez fondorarekin, baina debatea interesgarria da eta uste dut gauza batzuetan zurekin ados egon ez arren.

Bai, neri ere ez zait gustatzen Maridomingiren papera, eta ez zait gustatzen gehiegi ere Olentzero "deskafeinatu" hau, eta debatea sortzen bada zer nahi dogun eta zer ez, zure hitzak eta inguruetan egiten hari diren ausnarketa eta ahalegin diferenteak kontutan hartzekoak direla deritzot.

Baina, (bateonbatek zioen bainaren aurretik esangadakoak baliogabeak zirela....)  ikuspegi posibilista batetik, ze puntutaraino da iada posible txinoen dendatan ere saltzen diren figurita hauek baztertu eta ikuspegi sinbolikoagoa sortzea Olentzeroren inguruan, edo Olentzero femenino bat? Izan ahal daiteke Maridomingi Olentzeroren "kolega" non batera egiten duten lan, erregaluak egiten eta banatzen, senar-emazte edo bata bestearen azpian egon gabe? Erratza kenduko bagenio eta biak gutunak irakurtzen jarri? Txarra al da emakume eta gizonezoen arteko kolaborazioa? Eman al genezake mezu positibo bat Maridomingiren figurari esker? 

Nik ez daukat erantzunik, eta baliteke zuk azaltzen duzun ikuspegi hau nik uste dudana baino zabalduagoa egotea, ez dakit, baina atzo adibidez leku batean baino gehiagotan ikusi nuen Olentzero eskailera batekin balkoira igotzen Santa Klaus bezala.

Bueno ez dut nekagarria izan nahi, animoak hemendik eta jarria dezala debateak.

Josi
2013/12/24 00:58

Aupa lagunok, egia esatea nahi badizuet harrigarria eta era berean pozgarria egiten zait Mari Domingiri buruz burutzen ari zareten gogoeta.

Mari Domingiren kanta, erlijioan oinarritzen ez den Gabonetako euskal kantutegiko kanta bakarrenetakoa izan dela esan genezake. Irutxuloko HITZAk egindako kantu liburuxkan agertzen denez  19. mendean Jose Antonio Santestebanek jaso omen zuen berak egindako kanta bilduman.

Gaur egun ezagutzen dugun Mari Domingi berriz, orain dela hemeretzi urte Donostiako Antiguako BAGERA elkarteak sortutakoa da. Mari Domingiren sorreran bi helburu bete nahi izan ziren: Mari Domingi ikastetxez-ikastetxe ekimenarekin, auzoko ikastetxeetako haurren artean euskararen erabilera sustatzea (Pirritxek eta Porrotxek Xixuko pertsonaiarekin Lasarteko ikastetxeetan burutzen zuten ekimena kopiatuz eta moldatuz) eta Olentzeroren eta Mari Domingiren kabalgata moduko bat antolatzea haurren parte hartzea bultzatzeko eta auzoko elkarte desberdinen artean ekimen bateratua eta euskaraz antolatzeko.

Ondoren, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek sortutako Urtxintxa metodoan Mitxel Muruak idatzitako ipuina argitaratu zen eta Mari Domingi pertsonaia Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu zen, gaur egun ia herri eta hiri guztietan ikusteko aukera dugularik.

BAGERA elkarteak euskara sustatzeko sortutako pertsonaia Olentzeroren "laguntzaile" moduan jaio zen, hori horrela da, baina goian lagun batek dioen moduan, gure herrietan nola zabaldu den ikusita, garbi dago herriak ondo jaso duela eta gizarteak emango diola garai bakoitzean behar duen protagonismoa eta izaera.

Garal
2013/12/27 17:30

Beno, non dago polemika ba? Olentzerori bikotea bilatu zioten eta emakumea zen. Arrunta, naturala, egokia emakumea izatea delako...

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.