Dokumentuaren akzioak
Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!
Aritz Ibañez-ek idatzitako Maridomingi Go Home! sarrerari erantzuten hasi naiz, baina gehiegi luzatu eta azkenean blogera ekarri dut. Mari Domingirekin egiten ari garen hankasartzearen salaketan sakontzera nator.
Olentzerotik Bizar Zurira
Ezin da ulertu Mari Domingiren sorrera eta hedapena, Olentzero beraren bilakaera eta transformazioa kontuan hartu gabe. 1950eko hamarkadan Olentzero Lesakatik Iruñera eraman eta ondoko hamarkadan Ikastolek Euskal Herri osora hedatu zuten. Orain zazpi urte idatzitako "Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?" artikuluan salatu nuenez, Olentzero pertsonaia zarpail, desatsegin eta mozkortia, papa-noelizatu egin dugu. Sinkretismo horren ondorioz, orain Bizar Zuri iragartzen digutenean ez gara gai jakiteko Santa Klaus edo Olentzerotaz ari zaizkigun. Total, ba al dago alderik?
Olentzeroren liftinean kultura popular bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria hezur-muinetaraino sartu digu merkataritza industria ipar-amerikarrak. Euskaldunok asmatu genuen Gabonetako iruditeria ñoño eta otzanari iskin eginez, erakarmena eta beldurra batera pizten zituen pertsonaia zakar eta misteriotsua festa mengelaren erdian ezartzen. Baina ez gara gai izan Eguberri globalizatuen homogeneizazio erauntsiari aurre egiteko. Olentzero Santa Klausekin fusionatu zaigu.
Festaren infantilizazioarekin, gero eta umeagoentzat, gero eta produktu txepelagoak nola ekoizten ditugun ederki salatu zuen Xabier Etxabek Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa? artikuluan, eta Olentzeroren transformazioa horren adibide garbia da. Festak umeentzat eraldatzeak ez die ez umeei ez gizarteari mesederik egiten. Ustez umeen hobe beharrez egiten den guztia ez da umeen onerako gertatzen.
Mari Domingi
Eta berdintasunaren izenean egindako guztia ez da berdintasunarentzat mesedegarri gertatzen. Mari Domingiren asmakuntza, Olentzeroren alboan, emakumezko erreferente bat eskaintzeko egin da. Baina Aritz Ibañezek salatu bezala, "bilatzen diren baloreen kontrako" ondorioak ditu honek. Olentzerori bikotea asmatu diogun unean bertan, Olentzeroren beraren genero marka finkatu dugu.
Domingi eta Olentzeroren artean sortu den familia eredu tradizionalak ere sortzen du kezka. Leire Narbaizak eibartarrak zerrendan esanak: "Mari Domingin Fuera!!!! Olentzero seguru mutilzaharra dala!!! Mari Domingin asmatziak ez dau bikote tradizionalan alde egitten? Olentzero ezin da promiskuoa izan, edo bakartixa, edo......homosexuala?"
Bai, nire ustez Olentzero mutil-zaharra, ezkondua, banandua, ezkondu gabe elkartua zein alarguna, lagun-zalea zein bakartia izan daiteke, heterosexuala zein homosexuala, gaya zein lesbiana... Bai, lesbiana ere bai. Orain bost urte eibartarrak posta zerrendan idatzi nuen "lehenago edo beranduago Mari Domingik aldarrikatuko du berak ere baduela Olentzero izateko eskubidea".Orduan ez neukan Leitzako Orantzaroaren berri. 2010eko abenduan Leitzako Kultur Taldeak Orantzaroaren inguruko hitzaldia antolatu zuen, eta bertan, garai batean Orantzaroa emakumezkoa ere izaten zela azaleratu zuten. Alegia, Mari Domingi Olentzero izan daitekeela, ez daukala bere laguna izan beharrik.
Irudian: Orantzaroa, Leitzako Kultur Taldea.
Mari Domingi, izan zaitez Olentzero!
Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi. Ez daukazu bizarrik jarri beharrik, baina ez daukazu XVI. mendeko emakumeen soinekorik jantzi beharrik ere. Ez daukazu gizona izan beharrik, eta ez daukazu emakumea izan beharrik ere. Baina ez zaitez izan Olentzeroren laguna! Izan zaitez nahi duzuna, izan zaitez Olentzero, izan zaitez gure Queer-Olentzero!
Erreferentziak:
- Olentzeroren tradizioa Lesakan eta Euskal Herriko Eguberrietan (Eusko Ikaskuntza)
- El mito del Olentzero (Antxon Aguirre Sorondo, Euskonews)
- (Olentzero) Orantza-aroaren usadioa gurean (Leitzako Kultur Taldea)
- Orantzaroa, emakumea zenean Leitzan (Elisa Belauntzaran, DV)
- Olentzero, ¿sin pipa y con novia? (Manu Etxebarria)
- Mari Domingi, sra. de Olentzero (Lutz Long)
- Mari Domingin (Leire Narbaiza)
- Horra, horra, trans-olentzeroa! (Axier Lopez. Argia)
- Neguko Festak (pdf) (Gorka Zabaleta, Baleike)
- Maridomingi Go Home! (Aritz Ibañez)
- Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin? (Oier Araolaza)
Dokumentuaren akzioak
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?