Dokumentuaren akzioak
Gomezago eta Olentzero
Gerra aurreko Orentzago eguna Zarautzen. Argazkia: La-Salle-Ikastetxeko-Artxiboa. Zarauzko Folklorea liburuan, 65. orrian argitaratua.
Prentsan irakurri dut Zumaian Gomezagoren inguruko ipuin bat idatzi berri duela Josu Waliñok, Gomezagoren gutuna izenekoa, eta Baleike Kultur Elkarteak argitaratu duela. Gomezago pertsonifikatu nahi izan du egileak, abesti batean aipatzen den Zumaiako pertsonaia hori, “Olentzeroren antzekoa” omen den hori bera, alegia.
Ez dut liburua irakurri, eta nire asmoa ez da haren kritika egitea; “Olentzeroren antzekoa” omen den pertsonaia horren jatorriaz hitz batzuk esatea baizik.
2009. urtean, Xabier Alberdi lagunak eta biok, Zarauzko folklorea izeneko ikerketa-lana aurkeztu genuen, Zarauzko Udalak babestuta. Beste hainbat konturen artean, Gabonetako festen tradizioa sakon aztertu genuen (51-84 orrialdeak). Bertan aipatu genuen, besteak beste, “Gomezago”, “Gomenzago” edo “Gomentzago” izenez ezaguna den Zumaiako pertsonaia hori ere. Konklusioa, honakoa: Zumaiako “Gome(nt)zago”, Olentzero bera da. Hobeto esan, hala zen jatorrian. Luze jo lezake lerro hauetan kontu hori esplikatzeak, baina ideia nagusienak aipatzen saiatuko naiz.
Orain Euskal Herri osoan “Olentzero” izenez ezagutzen dugun pertsonaia horren hedapen geografikoa, XX. mende hasieran, ez zen oraingo bera. 1956az geroztik hasi zen ezagun egiten Euskal Herri osoan, hain justu, Lesakako eredua kopiatuz, Iruñean atera zutenetik. Erregeen alternatiba moduan, antzinako ikazkin arlote eta tripazain hura eboluzionatzen joan zen, pixkana-pixkana, erregaloak ekartzen dituen magoa izan arte. Orain dela hamabost bat urte Mari Domingi izeneko bikotea asmatu zioten –“Olentzero eta Mari Domingi” izeneko ipuinaz baliatuta–, eta harrezkero modu horretan ezagutzen dute gure haurrek. Gauza jakina da hau guztia.
Baina nolakoa zen “gure Olentzero" XX. mende hasieran? Izen asko zituen, eta bere mugak hauek ziren: Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoako ekialdean zen ezaguna (Irun, Oiartzun, Bera, Lesaka, Bedaio, Berastegi...) eta Gipuzkoako kostaldean ere bai, gure eskualdean muga eginez: dokumentatua dago Zarautzen nola ezagutzen zuten “Olentzero” hori, “Orentzago” izenez, alegia. Gero aipatuko dudan moduan, Getaria eta Zumaiaraino zabaltzen zen. Bizkaian eta Araban, esaterako, ez zuten ezagutzen.
Kantu-tradizioan zen ezaguna batik bat, baina herriak bazuen bere ezaguera; Juan de Iruretagoyena apaiz eta folklore-biltzaile zarauztarrak modu honetan deskribatu zuen 1922an: “Orentzago es un personaje legendario que siempre está pensando en comidas y banquetes. (…) Cuando se ve a una persona extravagante o a un joven completamente enlodado o con pantalones rotos o ennegrecido con hollín, acostúmbrase dirigirle la siguiente frase: te pareces a Orentzago. (…) De un hombre tonto y borrachín, suelen decir: es el mismo Orentzago personificado”. Hortxe daukagu Orentzagoren pertsonifikazioa. Alegia, gainerako lekuetan bezala, tripazain, arlote eta mozkorra zen ikazkina.
Zarautzen, Gabon-arratsaldean, “Orentzago-eskea” egiten zen; Orentzagori kantatuz, eskea egiten zuten haurrek herriko kaleetan: “Orentzago begi-gorri, nun atxitu dek arrai hori; Zubiaurreko erreketan, bart arratseko hamaiketan”. Eta, hara non, galdetzen hasita, Getarian aurkitu genuen badela, beste kantu-tradizio batean, honako letra hau: “Omentzaro buru-haundi, non harrapatu dek arrai hori, Zurriolako erreketan, bart arratseko hamaiketan”. Konpara ezazue Zumaiako Gomenzagorekin: “Gomenzago buru-haundi, nun harrapatu dek arrai hori, bart arratseko ordubietan, itsasoaren erdian”. Baina ez da kontua hor bukatzen; Orion ere, eskeko-kopla batzuen artean, hitz hauek bildu genizkion Iñaki Ituraini: “Gomentzo begi gorri, nun harrapatu dek arrai hori, bart arratseko hamabietan, Zurriolako arroketan”.
Euskal Herri osoan “Olentzero” izena gailendu artean, Zarautzen Orentzago deitzen zioten, Getarian Omentzaro, Orioko kopletan Gomentzo ageri da, eta Zumaian gelditu zaigun kantu-tradizioaren arrasto horretan, Gomezago edo Gomen(t)zago izena hartzen du. Beste leku batzuetan Olentzaro, Olentzero, Onontzaro edo Orantzaro ere bazena. Dena dela, ez da hau kontu berria: Emilio Xabier Dueñas folklore-ikertzaile bizkaitarrak badauzka jasoak Olentzeroren inguruan argitaratu den dokumentazioaren erreferentziak, eta bertan ikus daitezke Gomenzagoren aipamen batzuk ere.
Berriro hasierara bueltatuz: gure kostaldean XX. mendearen hasieran “Olentzero”ren tradizioa bagenuela azaldu nahi izan genuen gure ikerketan, geure egina, Orentzago, Omentzaro, Gomentzo nahiz Gomenzago moduan. Eta hori da artikulu honen helburua ere. Beste kontu bat da azken urteetan eman diren aldaketak gustukoak ditugun ala ez, eta aurrerantzean nolakoa izatea nahiko genukeen “gure Olentzero”. Edo Zumaiako “Gomezago”. Hori, beste kupeleko sagardoa baita.
Urola Kostako Hitzan eta Baleiken argitaratua, 2014ko abenduaren 16an
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Etxabe
Zarautz (1974).
Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.
Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Feminismoaren diskurtsoa, futbola eta euskal kultura
- Oier Araolaza on Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018) 2018/12/18
- Xabier Etxabe on Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018) 2018/12/18
- Oier Araolaza on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Dantzan on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Xabier Etxabe on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Amaiur Aristi Arregi on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Oier Araolaza on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Mikel Sarriegi on Dantza talde eredu baten bila 2014/05/20
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantza talde eredu baten bila 2014/05/20