Dokumentuaren akzioak
Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018)
1. Abiapuntua
Xabier Alberdi Lonbide lagunak eta biok Zarauzko folklorearen inguruko ikerketa-lana argitaratu genuenetik bederatzi urte pasa dira, eta une egokia iruditu zait hauxe orduz geroztik eman diren aldaketa batzuei erreparatzeko. Gabonak gainean ditugunez, eta Gabon-garaiaz urtero daukagunez zer kontatua, inguruan ikusi ditudan aldaketak abiapuntu izanik izaera unibertsala lukeen hausnarketa egitea da idatzi honen asmoa. Badaukat esperantza hain urte gutxian eman diren aldaketa handiek, datuez haratago, emango digutela zer esana eta etorkizunaz pentsatzeko eta arduratzen hasteko kezka ere bai.
Nonbaitetik hasi behar eta, gure lanaren konklusioetan idatzi genuen paragrafo baten zati bat aipatuko dut:
(…) Politikaren inguruan piztutako liskar eta zatiketek Francoren heriotza ondorengo folklore-adierazpen eta erakundeen gainbehera ekarri zuten urte gutxiren buruan. Pixkanaka, beste interes batzuk hasi ziren folklore-adierazpenen erabileren jabe egiten, diruarekin eta merkantilizazioarekin zerikusia zuten interesak, alegia. Zarautzen, azken urte hauetan folkloreak izandako bilakaeraren adibiderik garbiena Olentzerorena da akaso. Orentzagok eta Erregeek urte luzetako elkarbizitza izan ondoren, frankismoaren azken urteen inguruan Olentzero iritsi zen herrira, Orentzago begi-gorri mozkor eta arloteari tokia kenduko zion “euskal jatorrizko” pertsonaia erakargarria; gainera iraultzailea eta antiklerikala zenez, Hiru Errege “katoliko” eta “eskuindarren” porrota gauzatu behar zuen. Urte batzuek igarota, “Hiru Errege eskuindarrek” aldarrikatzen dituzten balore kapitalista eta merkantilisten alde hedonista eta ongizatekoak dastatuta, gaztaroko joera iraultzaileak alde batera utzi eta buru-belarri sartu zaigu Olentzero ere “balore” horien alde.[1]
Testuingurua falta bada ere, espero dut orain bederatzi urte idatzitako testu honetan eman nahi izan genuen mezua ondo ulertzen dela. Irakurlea kontura bedi “Olentzero” eta “Orentzago” hitzak nola erabiltzen diren; “Olentzero” adierarekin, eredu edo arketipo bat ematen genuen aditzera, alegia, sinplifikatuz, ezaugarri hauek lituzkeena: Euskal Herri osoko (eta soilik Euskal Herriko) opari-banatzailea, kantu-errepertorio nazional eta estandarra biltzen duena, laikoa, itxura gero eta garbiagokoa (ikazkin jatorria ez antzemateraino), sinpatikoa, haurrei eta kontsumo neurrigabeari gero eta lotuagoa legokeena eta 1950. hamarkadaz geroztik Euskal Herri osora zabaldu zena. “Orentzago” edo “(Zarauzko) Orentzago begi-gorri”, aldiz, gutxienez XX. mende hasieraz geroztik Zarautzen ezagutu zen tradizioa izango litzateke, auzo herrietan ere –Getaria, Orio, Zumaia–, modu batera edo bestera ezagutzen zena, eta kantu-eskearen ohiturari oso lotua zegoena, kantu-errepertorio propioa izanik; noizbait pertsonifikatua, “mozkor-arlote-tripazai” itxuran deskribatu izan zena.
Behin kontzeptuak argituta, zer esan orain dela bederatzi urte idatzitako testu horren inguruan? Dudarik gabe, “balore” horietan are eta gehiago sakontzen segitu dugula azken urteotan. Ez dakit oraintxe zer adjektibo erabiliko genukeen, baina balore “merkantilista” eta “kapitalista” horiek nabarmenak baldin baziren garai hartan, pentsa zer ez genukeen esango orain! Eman diezaiogun begiratu bat.
2. Zer dira Gabonak?
Olentzerok zer bide hartu duen ulertzeko, Gabonen bilakaerari erreparatu beharrean gara. Aitortuz Gabonen inguruko gaiek gure artean eztabaida eta diskusio ugari sorrarazi izan dutela –bai haien erlijio-kutsuaren inguruan, bai Olentzero nahiz Erregeen inguruan, bai familia-afarien inguruan, bai erregaloen inguruan…–, iruditzen zait azken urteetan gero eta garbiagoa dela eztabaida horien gainetik gailentzen ari dena: kontsumo neurrigabea eta hartara bideratzen gaituzten mezuak. Errealitate hori hain indartsua izanik, gainerako eztabaidek nekez lortzen dute gizartean oihartzunik, propio gai horietan interesa duten talde txikietan izan ezik.
Azken hamar urteetan antzeman ditudan aldaketa batzuk aipatuko ditut segidan:
- Gabon-garaiak gero eta gehiago irauten du. Orain Gabon-garaia ez da, lehen bezala, abenduan hasten[2]. Erregaloen merkatua goiz hasten da lanean, eta gaur ez gara harrituko azaroan Gabonetako oparietarako anuntzioak ikusten baditugu telebistan. Esango nuke urria bukaera dela, hain justu Halloween festaren prestaketa garaia, Gabon-garaiko giro merkantilistan sarrarazten gaituena.
- Halloween-a ez dut kasualidadez aukeratu. Izan ere, oso garbia da festa-egun honekin azken urteetan gertatu dena. Liburua argitaratu genuenean, 2009an, aipamenik ez zuen merezi izan festa horrek; artean, arrotza egiten zitzaigun eta ez zegoen oso zabaldua gure artean. Baina urte gutxian, leku guztietan sartu da festa hau eta, harekin batera, zabaldu nahi duen eredua: erosi, erosi eta erosi. Gure eskola-umeek disfrazak eta plastikozko kalabazak erosten dituzte dendetan, urriaren 31ko gauean haiek jantzita festaren bat egiteko. Komunikabideek ere gero eta leku gehiago egiten diote festari. Eta, okerrena dena: konturatzerako, kontsumora bideratutako beste festa bat sartu digute, abildade handiz, estatubatuarrek. Horrek, zer pentsatu handia ematen digu: alde batetik, zer tresna eraginkorrak dituzten hori guztia hain urte gutxian hain ondo egiteko; komunikabide indartsuak, gero eta “unibertsalagoak” diren komertzio handiak, eta gure irizpiderik eza haien aurrean kritika eraginkorrik egiteko. Izan ere, pekatua ez baita festa hori Estatu Batuetatik etorri izana, harekin batera zaku berean datozkigun “baloreak” baizik. Bitartean, hor ari dira hainbat eta hainbat ikerlari Halloween-aren euskal tradizioa eta harekin lotutako baloreak ezagutarazi nahian (nik esaera zahar honekin laburtuko nituzke balore horiek: “Ezer ez, ta festa”); egin beharreko lanean, baina olatuaren kontra borrokan.
- Zer esan “Bizar Zuri”[3] eta haren estetika zuri-gorriaz? Hamar urtean nabarmen hazi dira kaleetan kolore zuri-gorriz betetako opari, artikulu eta eskaparateak; Bizar Zuri igokariak (Olentzero igokariekin batera); jantzi gorridun eta bizar zuridun agure sinpatikoaren irudiak. San Silvestre korrikaldietan, txapel zuri-gorria jantzita doaz korrikalari asko; berdintsu Urte Zaharreko jaialdietan. Eta garbi dago moda honek ez duela atzera egingo. Azaroan eta abenduan, asteburuetan telebista piztutzen baduzue, Gabon-giroko serie amerikarretan ez duzue besterik ikusiko.
- Turismoari bideratutako hirietan, eta halaxe dira gaur Euskal Herriko hiri guztiak, Gabon garaia aukera aparta da jendea erakartzeko eta kontsumoa sustatzeko. Donostian, aurtengo nobedadea noria erraldoia izan da, azaroaren bukaeran jarri eta otsailera arte egongo dena. Kontxari begira jarritakoa, nola ez! Argiz betetzen dira bazterrak hirietan; argiztapenaren inaugurazioa eta guzti egiten da. Hiri nahiz herri txikiagoetan, Zarautzen esaterako, saiatzen dira baita ere eredu horri segitzen. Turismoa eta kontsumoa: horra binomioa, uda nahiz neguko folklorearentzat balio duena. Gaurko bikote banaezina.
Donostiako noria (Argazkia: Xabier Etxabe, 2018)
- Kontsumoaren fenomeno hau ez da, ordea, kanpokoa bakarrik. Geronek ere aprobetxatu ditugu Gabon aurreko egunak “euskal” kontsumoari bultzada emateko. Ez al dugu ba Durangoko Azoka aprobetxatzen Gabonetako erosketak egiteko? Ez al dira bertan, urtero-urtero, Olentzero eta Mari Domingiren ipuin berriak ateratzen? Eta idazle nahiz musikarien azken lanak? Eta Gabon-kanten diskak? Durangoko Azokak, nik uste, Gabon garaiaren kutsu handia duela.
3. Gabonetako pertsonaien aldaketak
Olentzero eta Bizar Zuri. Lagun bati entzuna da, pasa den urtean: joan da nire lagun hau Baionara erosketa batzuk egitera, eta bi gizon hizketan entzun ditu, frantsesez. Galdetu omen dio batak besteari, Olentzeroren irudi bat aurrez aurre duela, zer den irudi hura. Eta, besteak, garbi asko erantzun: “C’est le Papa Noël basque”. Niri, hasieran, komentario sinpleegia iruditu zitzaidan, baina zer nahi duzue esatea? Azken urteetan Olentzerok eman duen transformazioa ikusita, haren estetika nola ari den aldatzen ikusita, haren jantziak nola gero eta garbiagoak eta kolore argiagoz osatuak nola diren ikusita, eta Olentzero-esketik Olentzeroren karroza-desfile erraldoietara nola pasatzen ari garen ikusita... Ba, horixe. Dagoeneko ailegatu ez bagara, horixe izango da laster Olentzero. Beste Papa Noel bat. Txapelarekin, hori bai!
Olentzeroa Donostiako Udaletxean (Argazkia: Xabier Etxabe, 2018)
Olentzero eta Mari Domingi. Gai honek ere soka luzea ekarri du azken urte hauetan, nahiz eta iruditzen zaidan zirkulu txikietan egindako eztabaida izan dela eta ez dugula lortu komunikabideetan horren inguruko debaterik sortzea. Generoaren inguruko gaia bete-betean sartu da Olentzeroren estetikan, eta azkenaldian, ahaztuxeak genituen edo ezagutzen ez genituen ereduak ari dira azaleratzen, Olentzero beti oraingo itxuran ez dela atera izan ohartarazten gaituztenak. Eta, horrekin batera, Mari Domingiren moduko konpainia-lagun emakumezkoa beharrezko ez dela aldarrikatzen duten ahotsak dauzkagu. Esan bezala, eskoletan eta komunikabideetan, ostera, inertziak segitzen du sekula baino indartsuago, eta orain Olentzero eta Mari Domingi bikotea ageri zaigu bazter guztietan erregalo banaketan.
Erregeak. Badute Hiru Erregeek Olentzerok izan ez duen aldeko faktore bat: oraindik ere, euskaldun askorentzat eta euskal komunikabide gehienentzat, Erregeak (komunikabideek “Errege Magoak” esaten dute, nire irizpidearen kontra) ez direla Olentzero bezain euskaldunak, edo, hobeto esanda, ez direla euskaldunak, “espainolak” direla. Nik uste nuen eztabaida hori beste garai batekoa zela, baina oraindik ere entzuten ditut klase horretako komentarioak. Eta, horretan pentsatzen ari nintzela, Antton Lukuk, Nicole Lougarot-i kontra eginez, Maskaradetako kauterak euskaldunik euskaldunena bezain euskaldunak direla nola esaten duen akordatu naiz, haien antzeko pertsonaiak Europako beste leku batzuetan egonda ere:
Kauterak ez dira ekialdetik heldu ez eta ere Andaluziatik. Hemengoak dira errotik: ezagutzen gaituzte, gure pertsonalitateak, gure ez erranak eta gure zokoko geopolitika. [4].
Ez direla “kanpokoak”, alegia. Eta ni, konforme nago esaten duenarekin. Ez kauterak, eta ezta Erregeak ere. Zer da ba, “euskalduna” izatea? Pekatu gabeko jatorriari begiratu behar ote diogu, gure euskarari bezala? Folklorean inoiz gauzak ez dira horrela izan. Txistua eta danbolina ez dira ba, geureak? Nahiz eta Europa osoan haren arrastoak egon. Ez al ditugu ba geure moldera egokitu? Zerk egiten ditu Erregeak espainolak, edo euskaldunak? Herri euskaldunetako Erregeek ez al dute ba euskaraz egiten, ez al da bertako jendea disfrazatzen dena? Ez al dituzte txistulari nahiz herriko Musika Bandakoak lagun? Ez al doaz herriko mutil-koskor eta neska-koskorrak laguntzaile, antortxak eskuetan? Ez al du ba, Zarautzen esaterako, Errege bakoitzak euskarazko bertsoa kantatzen? Ez al dira egoten dantzariaren aurrean hura Agurra egiten ari den bitartean? Hala ere, batzuentzat ez da sekula nahikoa izango. Ez dute ulertzen, Madrilgo Erregeak espainolak badira ere, gure auzo eta herrietako Erregeak euskaldunak izan daitezkeela.
Esaten ari nintzen moduan, beharbada Erregeentzat mesede izango da “euskal” unibertso horretan sartu ez izana, Olentzerok hartu duen bidea ikusita. Egia da Erregeen kabalgatak ere, hiri handietakoak batik bat, bete-betean sartuak daudela “handi” eta “magiko” izan nahi horretan, Olentzeroren konpartsek ere sarri imitatu nahi duten eredu horretan. Espektakuluaren bidean, alegia. Baina oraindik badaude niri izugarri gustatzen zaizkidan ereduak, txikiagoak, gehiegi instituzionalizatu gabeak eta boluntario-jende askoren lanarekin eta neke handiz kalera ateratzen diren ereduak. Oraindik ere metafora bizirik suma daitekeen antzezpen horietaz ari naiz, herriko kaleetan buelta egin eta mezetara adorazioa eginez joaten diren konpartsa horietaz, oraindik ere herritarrekin harreman estuan sumatzen diren eredu horietaz, espektakuluaren partez, antzezpena eta herri-izaera indartzea helburu duten eredu horietaz. Beldur naiz, hala ere, martxa honetan pixkanaka eredu horiek ere galtzen utziko ez ote ditugun.
Erregeak Aian (Argazkia: Karkara aldizkaria, 2018)
4. Erreferentzia batzuk
Hurrengo lerroetan, azken hamar urteetan gai hauen inguruan argitaratutako idatzien erreferentzia batzuk aipatuko ditut. Askoz gehiago dira hemen aipatuko ditudanak baino; balio beza abiapuntu moduan.
Arimen gaua dela-eta, urriaren 31ko gauean kalabazak ostu eta apaintzeko ohituren inguruan atera dira lan batzuk, XX. mendearen erdialdean zer egiten zen azaltzen digutenak. “Dantzariak” aldizkariaren 59. zenbakian Bizkaiko kalabazen tradizioaren inguruko artikulua argitaratu zuen Iñaki Larrinaga Zugadik: “Tradición de las calaveras y calabazas en Bizkaia”. Oraintsu atera du Amaiur Aristi Arregik ere gaiaren inguruko artikulu bat “dantzan.eus” web orrian. Berak Zestoan egindako lanaz gainera, lehenagotik argitaratu diren lanen erreferentziak ematen ditu: Oier Araolazak hasitako bidea eta urte hauetan dantzan.eus-en argitaratu dituen lanen aipamenak, batetik, eta Juan San Martin beka irabazi ostean Jaime Altuna Ramirez eta Josu Ozaita Azpirozek argitaratutako lana, 2018an, izenburu honekin: “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa”.
- Amaiur Aristiren artikulua ikusteko, “Halloween aspalditik ospatu izan dugu”, egin klik hemen.
Olentzeroren inguruan, pare bat aipamen sartuko ditut. Bata, ia oharkabean Jose Ignazio Ansorenak “Dantzariak” aldizkariaren 62. zenbakian aipatu zuena, “Izarti dantzari taldea” izeneko artikuluan. Bertan, Donostiako gerra ondoreneko dantza taldeak aipatzen ditu (hiru artikuluz osatutako sorta da, eta beste biak “Txistulariak” aldizkarian argitaratu zituen), eta Olentzeroren zabalkundea dela-eta, bere osaba José Luis Ansorena Mirandak Iruñean Olentzeroa zer urtetan atera zuen aipatzen du: 1950. urtean izan zen. Gure liburuan, 1956. urtea aipatu genuen Olentzeroren Euskal Herrira zabaltzearen hasiera-data gisa, Iruñean. Hauxe, Jose Ignazio Ansorenaren testu zatia:
Euskal Bilera abesbatza (Schola-ren gizonezkoen adarra), beste kolaboratzaile batzuekin batera, Donostiako gerra ondoreneko aurreneko Olentzero-a ateratzeko prest, 1946an. Argazkia Kursaal antzokiaren sotoko areto batean ateratakoa da, bertan egiten baitzituzten entseguak. Lurrean albo batera etzanda dagoena Iñaki Ansorena da, gure aita, abesbatzaren zuzendaria eta ibilbidean txistua ere jotzen zuena. Haren anaia José Luis izan zen, kaputxinoa eta garai hartan Iruñean destinatua zegoena, 1950. urtean Nafarroako hiriburuan gerra ondoreneko aurreneko Olentzero-a antolatu zuena; baliteke Donostian egindakoak bultzatu izana horretara. [5]
Olentzero eta Mari Domingiren inguruan, orain dela bost urte Oier Araolazak dantzan.eus-en idatzitako artikulu bat aipatuko dut: “Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!”. Bertan, hainbat gai jorratzen dira: generoaren inguruko eztabaida, folklorearen infantilizazioa eta Olentzeroren tradizioa, besteak beste. Erreferentzia sorta ere badakar bukaeran, gaiarekin lotua.
- Oier Araolazaren artikulua ikusteko, “Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!”, egin klik hemen.
Olentzeroren tokian tokiko tradizioen inguruan, neronek orain lau urte idatzitako artikulu bat aipatuko dut bukatzeko: Zumaiako Gomezago pertsonaiari buruz idatzi nuen artikulu bat Urola-Kostako Hitzan, Zumaiako “Baleike” aldizkarian ere argitaratu zutena. Bertan, Zumaiako Gomezago hura gure betiko Olentzero hori bera dela argitu nahi izan nuen; artikulu hura, Zumaian Gomezago hartzen ari den bidea zein den ikusita idatzi nuen, Zumaiako “berezko” pertsonaia moduan esplikatzeko inertzia eta intentzio garbia dagoelako[6]. Artikulu hori dantzan.eus-en ere argitaratua dago, eta lotura hori aipatuko dut:
- Xabier Etxaberen artikulua ikusteko, “Gomezago eta Olentzero”, egin klik hemen.
5. Hemendik aurrera, zer?
Halloween-aren inguruan gertatu denak predikzio batzuk egiteko bidea ematen digu, esaterako: zeinek esan guri, hemendik urte gutxira, ez garela hasiko “Thanksgiving Day” eguna ospatzen? Horretarako aski litzateke propaganda egokia eta produktuak salduko lituzketen komertzioen laguntza. Denok indioilarra jaten bukatu baietz!
Eredu propioaren aldeko iniziatiba guztiak, beharrezkoak izanik ere, labur ari dira geratzen kanpotik modu basatian datozkigun mezu merkantilisten aurrean. Gure instituzioek –bai instituzio publikoek, bai ikastetxeek…–, garbi aitor dezagun, ez dute ez irizpide egokirik aukeratu honi kontra egiteko, ez borondaterik erakutsi, ezta kezkarik ere gehienetan. Batzuetan inertziaz, askotan aldatzeko beldurrez, baita interes turistiko-komertzialarekin bat eginez ere, zabaltzen ari zaizkigun mezuak jakinak dira zein diren. Bestela, ez da erraz ulertzekoa, adibide batekin esateko, kalabazen festak euskal tradizioan izan duen indarra inork gutxik aintzat hartu izana.
Gure hiri eta herrietan turismoak azken urteetan izan duen bultzada, ETAren jarduna bukatu denez geroztik batik bat, neurririk gabekoa da. Eta agintariek horri mugarik ikusten ez diotenez, eta sortzen dituen endredoak aintzat hartzeko gogorik ez dutenez, turismo horren anparoan are eta nabarmenagoak izango dira hemendik aurrera hiri gero eta argiztatuagoak, noria nahiz atrakzio gero eta handiagoak, gero eta gehiago irauten duten Gabon-festak, eta gero eta gehiago erostera bultzatzen gaituzten mezuak. Olentzero, Mari Domingi, Papa Noel eta Erregeak giro horren bultzatzaile izango ditugu.
Gabonak Donostian (Argazkia: Xabier Etxabe, 2018)
Badira, hala ere, giro horretatik aparte iraun duten folklore-adierazpenak. Eta nik uste segiko dutela hurrengo urteetan ere kalera ateratzen Gabon-egunean eskean aritzen diren taldeak. Era guztietakoak: kultur talde nahiz ikastetxeen babesean ateratzen diren talde handiak, hiru edo lau lagunez osatutako gaztetxoen taldeak diru pixka bat ateratzeko esperantzan, abesbatzen taldeak… batzuk esku-hutsik, beste batzuk naximentu dotoreekin, eta beste hainbat eta hainbat Olentzeroren irudiarekin. Tradizio aldakor eta aberatsa osatzen dute talde hauek Euskal Herriko bazter guztietan, “Ezer ez, ta festa” estiloan.
Gabonetako elizkizunei ere nahi nieke tarte bat eskaini: kristau liturgiarentzat hain berezia eta aberatsa den garai honetan, badago ohitura, oraindik ere aski zabala, egun seinalatuetan mezetara joatekoa. Bertan, Koro Parrokialetako abeslariek batzuetan, otxote nahiz bestelako koroetako kideek beste batzuetan, Gabon-kanta ederrak kantatuz laguntzen dute meza. Baina azkeneko kondarrak ari gara bizitzen; batetik sekularizazio-prozesuak, eta bestetik abesbatzetan ematen ari den krisiak, zer esanik ez gizonezko ahotsetan, galtzen ari den eta berriro errekuperatuko ez den kantu-tradizio baten azken testigu izaten ari garen sentsazioa pizten zaigu koro horiek kantuan entzuten ditugun bakoitzean.
Gabonak gainean ditugu eta… Eguberri On eta Urte Berri On denoi!
Xabier Etxabe Zulaika
2018ko abenduan
[1] ALBERDI LONBIDE, XABIER – ETXABE ZULAIKA, XABIER: Zarauzko folklorea. Zarautz: Zarauzko Udala, 2009, 387. orrialdea.
[2] Gogoratu “abendua” latinezko “adventus” hartatik datorrela, gazteleraz “adviento”, alegia, kristau liturgian Jaunaren etorrera prestatzeko egunak direla, eta Gabon-gauaren aurreko lau igandeetan ospatzen dela, igandero kandela bat piztuz.
[3] Euskarazko komunikabideak izen hau hasi dira erabiltzen azken aldian, erderaz “Papa Noel” deitzen genion pertsonaiari. Egingo nuke apustu Zarauzko “Bizar Zuri” pertsonaian duela jatorri izenaren mudantza horrek, Erregeen kartak jasotzen dituen pertsonaiari hala esaten zaiolako bertan 1950. hamarkadaz geroztik.
[4] LUKU, ANTTON: Libertitzeaz. Pamiela argitaletxea, 2014, 165. orrialdea.
[5] ANSORENA, JOSE IGNAZIO: “Izarti dantzari taldea”, Dantzariak, 62. (2017ko abendua), 30. orrialdea.
[6] Gure liburuan aipatu genuen fenomeno hori Xabier Alberdi eta biok, 2009an. Zumaian, kantu-eskean ateratzen dira bi irudi pertsonifikatu bizkar gainean hartuta: bata, Olentzero ikazkina; eta, bestea, Gomezago arrantzalea. Hala ere, jatorriz gauzak nola ziren esplikatzeko egindako ahaleginek ez dute aldaketarik ekarri.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Etxabe
Zarautz (1974).
Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.
Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Feminismoaren diskurtsoa, futbola eta euskal kultura
- Oier Araolaza on Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018) 2018/12/18
- Xabier Etxabe on Gabon-garaia: azken hamar urteei begiratu bat (2008-2018) 2018/12/18
- Oier Araolaza on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Dantzan on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Xabier Etxabe on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Amaiur Aristi Arregi on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Oier Araolaza on Folklorea uda garaian 2017/10/27
- Mikel Sarriegi on Dantza talde eredu baten bila 2014/05/20
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantza talde eredu baten bila 2014/05/20
Zuekin konpartitu nahi nuke, Gabonetako ekitaldien balorazioa eginez, Donostiako Udalak urtarrila hasieran eman zuen prentsaurrekoaren berri. Ernesto Gaskoren hitzak dira: “Gabonetako Azokak, berrikuntza-zama osoarekin, bidea ireki du gure hiriari ospea eta aitorpena ematen dioten ekitaldi ezberdinen urteko programazioan, Donostiako herritarren eta bisitarien artean oso ondo hartua izan baita eta baita ere, alderdi ekonomikoari erreparatuta, hiriarentzat inpaktu garrantzitsua ekartzeagatik. Gainera, bizipen handi horretan, Donostia egun horietan Gabonetako izpirituz betetzea lortu dugu”. Artikuluan aipatzen denez, 2 milioi eurokoa izan omen da inpaktu ekonomiko hori.
Artikulua, Donostiako Udalaren web gunean daukazue, helbide honetan: https://www.donostia.eus/ho[…]OpenDocument&idioma=eus
Nire artikuluaren konklusioetan nioena, hortaz, azkar ari da betetzen. Azkarregi, zoritxarrez.
Ondo izan,
Xabier Etxabe.