Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Xabier Etxabe Feminismoaren diskurtsoa, futbola eta euskal kultura

Dokumentuaren akzioak

Feminismoaren diskurtsoa, futbola eta euskal kultura

2024/03/05 07:00

Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunaren inguruan, elkarrizketa egin berri diote Rafa Nadal tenislariari. Hautsak harrotu ditu zutabegile batzuen artean hark emandako erantzunek, besteak beste, esan duelako berdintasunaren alde dagoela baina ez emakumezkoei egiten zaizkien oparien alde. Izan ere, bere argumentuen arabera, emakumeek ez dute sortzen jasotzen duten bezainbat diru kirolean. Karmele Jaiok idatzi du zerbait horren inguruan, eta esaten duena da, funtsean, diskurtso feministak esaten duena: alegia, begiratu behar dela nola ailegatu garen egoera honetara, ea gizonezkoek eta emakumezkoek aukera berberak izan ote dituzten kirolean trebatzeko eta, hori horrela ez denez, ea ez ote den justiziazkoa egoera hori iraultzeko eginahalak egitea.

Hau da lotura:

https://www.deia.eus/opinion/zirrikituetatik-begira/2024/02/17/opariak-7884699.html

Zutabe hori irakurri bezain pronto, nire inguruan izan ditudan hainbat eztabaida etorri zaizkit burura: esaterako, eta oraintsu "gure" (gizonezko) futbol taldeak buru-belarri Kopa kanporaketetan aritu diren honetan, ea aukera berberak ote dituen haur batek aktibitate bat ala bestea aukeratzeko. Lepoko zaina lehertzeko zorian aritua bainaiz neroni ere klase horretako eztabaidetan, ez baitut beti lortzen hizketa patxadatsua nire ingurukoekin, batik bat defendatu behar dudanean zer zailtasun dituzten nire semeek euskal dantzan edo txistu-ikasketetan aurrera egiteko. Jasotzen dudan erantzuna izaten da, sarri: "nik futbola aukeratu nuen, bakoitzak aukera dezala nahi duena". Orain hauteskundeak datozela, euskara eta euskal kultura ere eztabaidagai izango da berriro: ea sendagileek zergatik ikasi behar duten euskaraz, ea norberak (erdaldunak) ez ote duen eskubiderik nahi duen hizkuntza aukeratzeko...

Diskurtso feministaren oinarriak ez dira berriak. Gure mendebaldeko kulturan txertatuak daude bete-betean, eta horregatik dira guretzat ulergarriak; feminismoaren mugimenduak ezkutuan zegoen hori azaleratu, egituratu eta publiko egin du, besterik ez. Diskurtso horrek, funtsean norberaren askatasuna eta justizia soziala oinarri izanik, egiaren kontzeptu historikoa aldarrikatzen du. Egia ez da errealitatetik aparte erabaki beharreko kontu bat, ezta unean uneko argazki bat ere. Gauza bera aldarrikatzen dute pobreziaren kontra egiten duten mugimenduek (ikusi behar dela nola sortu den pobrezia hori, herri asko ez dira pobre, baizik pobretuak), emigrazioaren ingurukoek (zergatik datoz Afrikatik gure herrira?), baita hizkuntza edo kultura minorizatuen alde dabiltzanek ere.

Izan ere, eztabaida hauetan bi paradigma dauzkagu: Rafa Nadalek orainari besterik ez dio begiratzen, eta statu quo horren arabera, egia izango da noski emakumezkoek ez dutela sortzen, kirolean, gizonezkoen pareko ondasunik. Bigarren paradigma historikoa da, eta begiratzen dio gertatu denari perspektibarekin, historikoki zer kausa dauden egoera horretara ailegatzeko, eta ikuspegi horretatik justifika ditzake diru-laguntzak, kuotak, eta antzerakoak.

Diskurtsoa modu horretan egituratzeak, niri behinik behin, egoera batzuk hobeto ulertzeko modua eskaini dit. "Euskara oso hizkuntza zaila da", diote batzuek. Eta egia da. Ez dugu ukatu behar hala ez denik, alegia, gaztelera ikastea errazagoa da alemaniar batentzat, euskara ikastea baino. Ez teorian, mundutik aparte, baizik benetan, egunean eguneko jardunean: euskara ikasi behar duenak dena dauka kontra, komunikabideak, kaleko giroa, hizkera teknikoa sortzeko zailtasunak hiztun nahikoa ez dagoelako... Horregatik, euskararen erreibindikazioa ezin liteke egin "euskara ikastea gaztelera ikastea bezain erraza da" ikuspegitik, beste abiapuntu batzuetatik baizik: hizkuntza minorizatua eta diglosikoa den aldetik, justizia soziala, kuotak eta erreparazio-historia behar ditugu nabarmendu lehen-lehenik.

Modu berean, dantzan jardutea askoz zailagoa izango da bost-sei urteko mutiko batentzat, futbolean aritzea baino. Hori ere ez dago ukatzerik.

Hori horrela izanik, nik uste aprobetxa dezakegula feminismoa lortzen ari den oihartzun mediatikoa eta diskurtso estrukturatua, nahiz eta badakigun ez datorrela beti bat egunerokoan gertatzen denarekin, diskurtso horren analogia eginez, beste gai batzuetan ere erabiltzeko. Horrela, geure bazkalondotako eztabaida sutsuetan, "nire semeak futbola aukeratu du dantza aukeratu beharrean" esaten digutenean, gure argumentazioa hitz hauekin has dezakegu: "Diskurtso feministak dioenez...".

Seguru asko ez duzue lortuko inor konbentzitzerik, baina, sikiera, lehendik konbentzitua dagoenari argumentuak eskainiko dizkiozue, edo beharbada ez zaizue lepoko zaina hainbeste handituko, edo... zer dakit ba nik! Zeuen buruarekin gusturago egongo zarete? Hori lortzen baduzue, ez da gutxi izango!

Xabier Etxabe.

Dokumentuaren akzioak

2024/03/05 08:58
Halaxe da, bai, Xabier. Askatasuna ulertzeko modu neoliberalaren tranpa da. Zer gustatu behar zaigun erabakita dago eta nork bere gustuko jarduerak hautatzen dituela sinestea ilusokeria galanta da. Hegoaldean futbolarekin txoratuta dauden 10etik 9 rugbiarekin maiteminduta leudeke 100-150 km ipar-ekialderago jaioz gero.

Euskararekin egiten duzun analogia guztiz balekoa da. Euskaraz aritzea gaur egun ez da bere kasa gertatzen, jarrera aktiboa eta irmoa eskatzen du. Euria, haizea eta eguzkia, denak erdaraz dabiltza. Pentsatzea libreki hautatzen dela zein hizkuntzatan gabiltzan samurrago, gozoago, gustorago, askeago... libertatea kontzeptuaren manipulazio tranpatia da.

Gaur eta hemen euskal dantza gustatzea ez-ohikoa da emakumeentzat eta ia-ezinezkoa gizonezkoentzat. Futbola eta euskal dantzaren artean askatasunez hautatzen dugula pentsatzea, egunotan euriteek hazita dakarten errekan behera ala gora gusturago nola igeri egin libreki eta inpartzialki erabaki dezakegula pentsatzea modukoa da.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Xabier Etxabe

Xabier Etxabe

Zarautz (1974).

Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasi eta zaletu nintzen dantzan. Dantzaren eta folklorearen inguruko kontuak txikitatik gustatu izan zaizkit; azken urteetan elkarrizketak egiten eta nire inguruko folkloreaz idazten aritu naiz; Zarauzko folklorea (Zarauzko Udala, 2009) liburua da egindako lanaren emaitzarik sakonena, Xabier Alberdi Lonbide lagunarekin batera idatzi nuena.

Tarteka dantzan egiten dut Zarauzko ekitaldi jakin batzuetan, eta baita herritik kanpo gonbidatzen nauten bizpahiru ekitalditan ere: azken urteetan, Azpeitiko Elegante Egunean Itsasi taldearen gonbitez, eta Arraten, Kezka dantza taldeak deituta, Arrateko Amaren dantzarien Kofradiako kide egin nintzenetik (2012an).