Dokumentuaren akzioak
Halloween aspalditik ospatu izan dugu
Hamaika urte pasa dira Halloween jaiaren inbasioak arreta deitu eta jai horrek Euskal Herrian izan duen bilakaera aztertzen hasi zenetik Oier Araolaza. Halloween-en inguruan informatzen hasi eta ohartu zen Europa osoan Erdi Arotik gutxienez ospatzen diren Neguko Festen aldaeretako bat zela. Ondoren, etxean jaso zuen sorpresa, bere aitak esan zionean umetan Arimen Gaua ospatzen zuela.
Hariari tiraka, Euskal Herrian Santu Guztien Gaua ospatzen zela baieztatzen zuten hainbat testigantza agertu ziren. Domu Santu egunean edo Arimen Gauean, kalabazak baratzetatik lapurtu, hustu, kandelak jarri eta bide bazterretan eta toki ilunetan jartzen zituzten nerabeek Euskal Herrian ere. Azken hamaika urte hauetan, testigantzak, eske-formulak, mozorro ohiturak... jaso dira, ohitura horiek berpizteko ahalegina ere egin da. Araolazak hasitako bidea jarraituz, Jaime Altuna Ramirez eta Josu Ozaita Azpirozek gaia modu zabalagoan eta ikuspegi antopologikotik landu dute; Juan San Martin ikerketa-bekari esker, “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa” lana argitaratu dute aurten.
Ikusita Euskal Herriko herri askotan ospatu izan dela Arimen Gaua, nire herrian ere ospatuko ote zen edo ez galdetu nion nire buruari aurreko urtean. Zalantzak argitzeko, onena, herriko helduei galdetzea izango zela pentsatu nuen. Han irten nintzen kalera, koadernoa eta grabagailua poltsan hartuta, ea zerbait interesgarria topatzen nuen herri aldizkarian argitaratzeko. Umetan, Santu Guztien Bezperan, zerbait berezia egiten al zuten galdetzen hasi nintzen kalean gurutzatzen nituen herritarrei. Eta hura poza nirea, Zestoan ere ospatzen zuten Arimen Gaua!
Halloween Zestoan
Badirudi 1960ko hamarkadan galdu zela ohitura guztiz, baina herritar batzuk gogoratzen dira mutil eta neska koskorretan nola ibiltzen ziren kalabazak hustu, aurpegiko zuloak egin, argiztatu eta herriko zenbait txokotan ipintzen. Esanahiaz galdetuta nienean, ez dakitela erantzun zidaten gehienek, bakarren batek, "hildakoak pizteko edo... kar kar kar!". Ez dira xehetasunez gogoratzen, baina zaharragoek egiten zutelako eta ohituraz edo egingo zutela esaten zidaten.
Bihurrikeria txikia zela, beste herritarrei sustoren bat eman eta helburua ondo pasatzea zela. Maria Angeles Izeta (1936) ondo gogoratzen da 12-13 urterekin kalabaza hustu, begiak, sudurra eta ahoa zulatu eta Arozenatik egungo San Juan egoitzara bidean, "Hiruarboletan", nola ipintzen zuten kalabaza. Pildomenarekin (Kandela luzea eta mehea, gehenetan argizaiolean bildurik, hilobietan eta erretzen dena) argiztatzen zuten, aurrez husteko erabili zuten zulotik sartuta.
Bere adin bertsuko mutil kuadrilla ere ibiltzen zen, Xabier Iriondok (1932) hala gogoratzen du, horiek ordea, hilerrirako lehengo bide zaharreko posteen goian jartzen omen zituzten kalabazak. Hilerrira askotan joaten zirela jolasera kontatu digu eta behin edo behin, bihurrienek, fosa komunetik burezurrak eta hartzen zituztela. Iriondok ez daki seguru Arimen Gauean edo beste egunen baten, baina lagunen bat burezurra hartuta herritik jendea beldurtzen ibili zela gogoratzen du.
Urte batzuk geroagokoa bada ere, Juan Mari Artanok (1949) ere badu oroitzapenenen bat, mutil koskorretan, kalabaza hustu, aurpegiko zuloak egin eta kandela sartu ziotela dio. Bera baino zaharragoekin joan zela akordatzen da, haien atzetik, beraiek ere "Hiruarboletan" jarri omen zuten. Orduan, ibilgailu gutxi pasatzen ziren errepide nagusitik, Artanok barrez gogoratzen du, egun hartan pasa zen kamio gidari bakarrenetako bat bidean gelditu zela eta ostikoz jo zuela kalabaza.
Pello Alberdik (1949) ere badu oroitzapen lausoa, oso gaztea zela dio, baina Iruitta baserrian bizi zen garaian Etorrabidean eta zenbait baserri-bidetan edo ataritan argiztatutako kalabazak izaten zirenaren errezeloa badu.
Maria Luisa Etxabe (1943), urtetan Zestoan bizi bada ere, Zarauzko Hiruerreketa auzoan jaioa da. Umea zela etxeko baratzean, Arimen Gauean kalabazak zulaturik agertzen zitzaizkiela dio. Baratzetik lapurtu ez, baina, lurretik atera gabe, bertan begiak, sudurra eta ahoa marraztuta topatzen zituzten urtero.
Esan bezala, orain dela hirurogei bat urte galdu zela ematen du Zestoan eta inguruetan egiten zen Arimen Gaueko bihurrikerien ohitura. Galdetu nien herritar gazteagoek, ez zuten ohitura horren berririk. Bestalde, kuadrilla txikietan eta gaztetxo batzuek bakarrik egiten zutela dirudi, kalabazen oroitzapenak dituztenen adin bereko beste batzuek, berriz, ez baitzuten ideiarik ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19