Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Elkarrizketa Halloween eta Arimen gauari buruz

Dokumentuaren akzioak

Elkarrizketa Halloween eta Arimen gauari buruz

2014/10/24 11:45
Elkarrizketa Halloween eta Arimen gauari buruz

Animen gaua gure etxe atarian, 2013-10-31.

Elgoibarko Barren aldizkarirako Halloween eta Arimen gauari buruz elkarrizketa egin dit Ainhoa Andonegi kazetariak, eta 2014ko urtarrilaren 24ko 925. zenbakian argitaratu da. Emailez egin dugu eta nik jarritako guztia ez da kabitu astekarian, beraz, galdera guztiak ekarri ditut hona.

Neguko Festen barruan kokatzen duzu Halloween jaia. Zer dira, baina Neguko Festak?

Arimen gauarekin hasi eta hausterre asteazkena bitartean egiten diren ospakizun gehienak Neguko Festatzat har ditzakegu: santuei lotuta ageri zaizkigun San Martin, San Andres, Santo Tomas edo San Anton moduko jaiak, Gabonak, Santa Ageda, Kandelaria eta inauteriak, besteak beste. Nekazaritzaren zikloekin, urtaro eta solstizioarekin lotuta, Europa mendebalde osoan konpartitzen ditugu Neguko Festen hainbat ezaugarri: eske errondak, nekazal produktuen azokak, heriotza (gizaki, animalia zein naturarena) eta berpiztearen inguruko erritualak, mozorro eta janzkera bereziak, e.a.

Halloween Euskal Herriko ohitura zela diozu. Noiz arte eta nola ospatzen zen?

Atzorarte ospatu da Euskal Herrian. Elgoibarren bertan, galdetu adineko jendeari, eta baietz agertu bat baino gehiago gaztaroan ospatu duena. Noski, ez zen izen horrekin ospatzen. arimen gaua esaten zitzaion gehienetan, baina hain zuzen ere horixe da Halloween-ek esan nahi duena, “arima guztien gaua”. Urriak 31, azaroak 1-2 inguruan ospatu izan da arimen gaua, Domu Santu egunari lotuta beraz. Gaztetxoek ortuetan kalabazak eta arbiak harrapatu, hustu, zuloak egin, eta kandelak jartzen zizkieten bide bazterretan zintzilikatu eta jendea beldurtzeko. Izarak eta trapuekin mozorrotu eta ilunpetan herritarrak beldurtzen ibiltzen ziren gazteak. Zenbait tokitan eske errondak ere egiten ziren, gaztainak, intxaurrak eta horrelakoak eskatuz.

Zer dela eta uste dugu hemen Amerikarren festa bat dela?

XX. mendearen bigarren zatian arimen gauaren festa indarra galtzen joan da Euskal Herrian, eta 1980tik aurrera oso gutxi ospatu da. Ameriketan, irlandar etorkinek ospatzen jarraitu zuten eta indar handia hartu zuen. Zineak mundu osora zabaldu du festa, eta merkataritza industriak negozioa ikusi du hor, eta beraz, azken urteotan urria Halloween aroa, mundu mailan egiten den salmenta kanpaina handi bihurtu dute saltoki handi eta txikiek, telebista eta komunikabideen laguntzarekin. Gazteek ez dute ezagutu horrelako ospakizunik Euskal Herrian eta uste dute festa erabat amerikarra dela. Eta berez, ospatzeko modua, adibidez “truco o trato” (trick or treat-aren itzulpen txarra) eske formula amerikarra da, plastikozko kalabazak, mozorro eta maskara kutreak erostea bezala. Kalabazak hustutzea eta maindireekin jendea beldurtzea ostera euskal tradiziozkoa lirateke, baina hori gaur egun ez da apenas egiten.

Zergatik galdu da Euskal Herrian Halloween ospatzeko ohitura?

Euskaldunok uste dugu gure erroak, gure kultura, gure tradizioa jaso, ezagutu eta biziarazten eredugarriak garela, eta euskara jartzen dugu horren adibide. Praktikan kolonizazio eta asimilazio kulturalak inguruko herriei bezala eragiten digu, eta gainera baserritar moduan geratzeko beldurrez pozez zoratzen gaude Ameriketatik datorren azken moda txorora apuntatzeko horrek moderno eta kosmopolita itxura emango digulakoan. arimen gaua aspergarria, zaharrunoa eta demodea iruditu zitzaigun, eta ospatzeari utzi eta inoiz ospatu izan genuenik ere ahaztu genuen. Orain festa bera Amerikarra delakoan eta merkataritza industriaren inbutuarekin datorrenez gazteak txoratzen ditugu ospatzeko. Etxean trapu zahar batekin mozorrotzeari ez diote graziarik ikusten gazteek, ostera, txinoan zahar itxurako plastikozko mozorro erridikuluagatik 30 euro ordaintzea oso festa dibertigarria da.

Azken urteotan Gau Beltza ospatzen hasi dira Euskal Herriko hainbat herritan, eta aurten Elgoibarko Gaztelekuak ere egingo du saiakera bat Halloween festa berreskuratzeko. Nola ikusten duzu?

Merkataritza industriak erabakitzen du nolakoa izan behar den Halloween eta zaila izango da hor ñabardurarik sartzea. Hala ere, saiatu beharra dagoela iruditzen zait. Gaur egun ez dago alde handirik Olentzero eta Papa Noel artean, gauza bera dira, izenak eta kantu gutxi batzuk bereizten dituzte. Arrakasta handia litzateke Arimen Gabarekin horrelako ñabardura txiki bat eragitea Halloweeni, oso zaila iruditzen baitzait horrelakorik lortzea. Baina saiatu beharra dago, Halloween amerikarraren erauntsia itogarria baita, eta erresistentzia kultural minimo bat behar dugu gure nortasunari eutsi nahi badiogu. Alde horretatik txalotzeakoa iruditzen zait Gaztelekutik gazteei festaren jatorria argitu eta festa ospatzeko aukera interesgarriago bat proposatzeko ahalegina. Lan zaila dute benetan, erraldoi ahalguztidun baten eta gizartearen axolagabetasunaren aurka ari dira borrokan, baina arrastada txiki bat egitea lortzen badute lorpen handia izango da.


Animen gaua edo EuskalHalloween kontu honi buruz gehiago:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.