Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)

Dokumentuaren akzioak

Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)

2012/11/02 08:40

Bazetorren, urtero urrats bat aurrera emanez zetorren, eta aurten erabateko desenbarkoa gertatu da, aurten Halloween Resurrection ikusi ahal izan dugu gure herriko kaleetan.



Eta orain bai, orain hasi gara horren inguruan hitz egiten, eta eztabaida txiki bat ere sortu dela dirudi, batzuk kontra yankia delako, beste batzuk alde, jatorrian zelta zelako, paganoa zelako edo dibertigarria delako.

Orain bost urte, Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen, saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait". Hortik aurrera, interes handiz jarraitu dut festa honen bilakaera Euskal Herrian.

Gaba Beltza

Halloween-en inguruan apur bat irakurtzen hasi eta berehala ohartu nintzen Europa osoan Erdi Arotik gutxienez ospatzen diren Neguko Festen (San Martin, San Nikolas, Olentzero, inauteriak,...) beste aldaera bat baino ez dela.


Kuestazioa San Nikolas-en aitzakian. Argazkia: Nicolas Ardanaz (1959).

Eta horretan nenbilela, harridura kolpe handiena etxetik etorri zitzaidan, horri buruz ari nintzela aitak esan zidanean berak ere ospatzen zuela Halloween, gaztetxoa zenean, Zizurkilen, 1950eko hamarkadan.

Hariari tira egin gabe bakarrik joan da askatzen. Aian, Berrizen, Eibarren, Arabako Errioxan, Oiartzunen... bila joan gabe agertzen joan dira testigantzak: kalabazak baratzetan lapurtu, hustu, kandelak jarri eta bide bazterretan eta toki ilunetan (garai horretan gehienak) jartzen zituzten nerabeek.

Halloween euskal festa zen beraz. Ez zitzaion Halloween deituko, ez? Ba bai, Halloween zuen izena, baina euskaraz, noski: Animen Eguna edo Animen Gaua. Izan ere, horixe esan nahi du Halloween-ek: "anima guztien gaua". Mutrikun orain hamabost urte berreskuratu zuten eta izen propioarekin gainera: Gaba Beltza.

2012 honetan ikusi duguna erabateko Halloween Resurrection bat izan da. Azken urteetan ari zen festa bidea egiten, mozorro eta bazar erako denden eta taberna eta diskote batzuen ekimenez. Baina aurtengo zabaltze izugarri honen atzean merkataritza industria dago, nire ustez.

Merkataritza

Halloween-eko mozorroen, maskaren eta plastikozko kalabazen industriak denda txiki eta merkatal zentru handietan sarrera indartsua egin du, eta emaitza izugarria izan da. Eibarko El Corte Inglesek eremu oso-oso bat omen zegoen (ez du nik neuk ikusi, baina hala esan didate) Halloween-en mozorro eta abarrekin. Azken bi urteetan bezala Halloween mozorroen festa antolatu du dendaren atarian, eta kiroldegiko dantza moderno eskolako ikasleek Halloween tankerako (Thriller e.a.) hainbat dantza eskaini dituzte.

Halloween Eroski Eibar

Eibarko Eroski hipermerkatu handian ere apalategi oso bat zegoen Halloweeni zuzenduta, eta denda sarreran, umeei Halloweeni buruzko marrazkiak egin eta Halloween marrazki lehiaketan parte hartzera gonbidatzen zituzten umeak.

Halloween Eroski Eibar

Zer esanik ez Bazar txinatarretan, dena euro bakarrean iragartzen duten horietan, jostailu eta mozorro dendetan, e.a. Halloween-en merkatari-industria saltoki tamaina guztietara iritsi da aurten.

Ostalaritza

Taberna, pub eta gaueko festa guneak larri dabiltza krisiarekin, eta argi dute edozein aitzakia ona dela festa egiteko. Hor ere Halloween festen eztanda ezagutu dugu: tabernak girotuta, zerbitzariak mozorrotuta, lehen tragoa dohain mozorrotuta zetorrenari, e.a. Dena den, esango nuke taberna giroan oraindik ez duela kale giroan hartu duen indarra hartu Halloweeen-ek. Zergatik? Festazaleen adinagatik. Halloween invasion honi erantzun zabala eman diotenak umeak (6-12) eta nerabe gazteenak (12-16)  direla iruditu zait, eta horiek ez dira tabernetako bezero.

Aisialdia

Merkataritza eta ostalaritzarena ikusten zen bazetorrela. Baina sorpresa handiena aisialdian hartu dut. Ez dakit zenbateraino zabaldu den kontu hau aisialdian, baina Eibarren, Gaztelekuaren dinamizazioaz arduratzen den Astixa enpresak (euskalgintzarekin lotutakoa) Halloween maskara eta mozorroak egiteko tallerra antolatu zuela ikusi nuenean zur eta lur geratu nintzen. Arduradunek beraien kezka aitortu zidaten, baina nerabeengana "iristeko" dituzten zailtasunak ere bai, alegia, haien intereseko jarduera proposamenekin asmatzeko zailtasunak. Horregatik, Halloween-ekin interesa antzeman zietelako gazteei antolatu zuten jarduera.

Ekonomia, ergela, ekonomia


Niri gai hau asko interesatzen zait, herri kulturako adierazpenak, folklorea deitzen den hori, nola eraldatzen, berritzen, galtzen eta berpizten den erakusten digulako, eta orain eta hemen, gure begien aurrean gertatzen ari delako. Iruditzen zait folklore ikertzaile eta antropologoentzat aukera zoragarria dela, gure aurrean gertatzen ari den gauza bat aztertu  eta ikertzeko. Normalean iraganean gertatu izan diren prozesuak ikertzen dira, eta horiek askoz zailago dira behar bezala ulertzeko. Hau gure mutur aurrean gertatzen ari den fenomenoa da, eta beraz, aukera bikaina.

Orain gutxi hil berri den Eric Hobsbawm-ekin akordatzen naiz. Tradizioak nola sortu eta eraldatzen diren frogatzeko duela hainbat urteko adibideak (Eskoziarren kilt-a, e.a.) erabili behar izan zituen. Gaur egungo gertatzen direnak ezagutzeak, lehengoak nola gertatu ote ziren asmatzeko laguntza handia eskaintzen digulakoan nago. Eta gaur egun, ekonomiak festa eta tradizioen heriotza eta berpiztean duen eragina ezagututa, nork dio orain mende batzuetakoetan ez zuela hainbestekoa edo gehiagokoa izango?

Heriotza eta berpiztearen zapore mingotsa

Aldaketa kultural harrigarri baten testigu izateko aukera pozgarria da, baina aldaketa horren xehetasunek zapore mingotsa, nahiko mingotsa uzten didate niri. Argi daukat Halloween-en olatu honen aurka ezin dudala borrokatu. Baina horrek ez du esan nahi gertatzen ari dena gustatzen ari zaidanik. Zer ez zait gustatzen?

Hasteko, ez zait gustatzen gure buruaz esaten diguna. Ziur aski bi mila urtez, gutxienez, ospatu da Euskal Herrian animen gaua. Aurretik ere bai, baina, gutxienez milurte bat. Belaunaldiz belaunaldi, hizkuntza eta kultura oso baten barruan transmititu da festa. Aldaketak izango ziren noski, eta kalabazak ere auskalo noiz sartuko ziren festan. Baina festa izango zen. Eta noiz eten da katea? Orain 30-40 urte. Gure gurasoak izan dira azken belaunaldia. Bale, gizartea aldatu da, kultura aldatu da, eta gertatzen dira horrelako gauzak.

Baina ahaztura? Gure gurasoek ospatzen zutela ez ezagutzea, belaunaldi bakarrean festa desagertu eta erabat ahaztea, eta orain, amerikarra, irlandarra, zelta edo paganoa dela pentsatuta itsu-itsuan geureganatzea... Horrek gutaz, gure kulturaz esaten duena kezkatzekoa iruditzen zait.

Festa soil bat?

Zenbaitek esaten didazue festa bat baino ez dela, ez emateko horrenbeste garrantziarik. Niretzat ez da festa soil bat, baizik eta funtzionatzeko modu bat da. Hori berori gure hizkuntzarekin, edo orain gure kulturaren oinarrizko ezaugarritzat ditugun beste adierazpen batzuekin egingo bagenu, balorazio desberdina  jasoko lukeela iruditzen zait. Adibidez, imajinatzen bertsolaritza hiltzen utzi izan bagenu (animen gauarekin batera, hortxe-hortxe izan zen) eta orain rap-era erabat emango bagina?

Gau beltzetik Halloweenera

Festa bera da, bai, baina ospatzeko moduan hainbat aldaketa gertatu dira, eta esango nuke, hor galtzen atera garela nabarmen. Zertan? Bi adibide:

1. Birziklatzea vs kontsumismoa. Animen gauaren euskal ospakizunean ez zegoen plastikozko mozorro, maskara eta kalabazarik erosi beharrik. Inauterietan bezala, mozorroaren helburu nagusia, gure burua ezkutatzea, inork ez ezagutzea, aurpegia estaltzea zen, eta horretarako nahikoa ziren oihal zahar bat.



Kalabazak ere baratzetan harrapatu (lapurtu gogortxoa egiten da orain esateko, baina halaxe zen) eta kitto. Grazia handirik ez zien egingo baserritarrei, baina urteroko kontua zenez, ziur aski batzuk nahita utziko zituzten kalabaza batzuk baratzean jaso gabe, gazte harraparien zain.

Jakina, Halloween berria merkataritza-industriak bultzatu du, eta helburua mozorroak eta maskarak saltzea da, beraz, horretan ziri ederra sartu digute, eta gainera, festak egiteko modu merke eta jasangarriagoa baztertu dugu.



2. Truco-o-trato vs aginaldoa. Neguko festen ezaugarri nagusietakoa etxez-etxeko (eta atez-ateko!) kuestazio erronda da (edo izan da). Gazte taldeek baserriz-baserri eta etxez-etxeko jira egiten dute, mozorrotuta (inauterietan) edo kantuan (Santa Eskean, Olentzerotan,...) eta jakiak, dirua edo goxokiak biltzen.

Europa osoan ospatzen dira mota honetako neguko festank, eta Halloween horixe da funtsean. Eta eskatzeko hamaika formula desberdin erabiltzen dira, adibidez: "Aginaldo, aginaldo, urdaia bota ta ixilduko!" edo "emongo bozu emoizu, bestela ezetz esaizu, ate osteko haiziak hartzen amak ez gaitu bialdu!". Mutrikun, Gaba Beltzean, kalabazak atarietan jarri, eta esakera polita kantatzen zuten: "Xesteron kontra, animen alde...". Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena omen zen.

Orain truco-o-trato da formula (ez dut uste trick-or-treat erabili dutenik gure gazteek), eta horrek ere pena ematen dit, euskaraz eske-kantu eta esakera oso politak izanik, inglesetik gaztelerara itzulitakoa nagusitzea.

Akulturazioa

Azken batean, Animen Gauaren heriotza eta Halloween-en berpiztea, akulturazio eta homogeneizazio prozesuen adibide ikusgarri bat da. Atzo twitterren idatzi nuen indio-oilar bat erostera nindoala laster dugulako ate joka Thanksgiving day. Artikulu honetan irakurri dut Dia de Accion de Gracias festa yankia ez dugula Halloween bezala irentsiko, bata festa dibertigarria delako eta indiolarra berriz jateko lehorra dela.

Ziur aski arrazoia izango du eta ez dugu Thanksgivin day ospatuko epe motzean, baina ez indiolarra lehorra delako, baizik eta indio-oilarren industriak oraindik ez duelako gure eremu hau bere merkatu berriak zabaltzeko bere plan estrategikoan sartu. Baina hasi gaitezke indiolarra jateko errezeta on bat edo saltsa egoki bat aurkitzen, ze Corte Ingles-ek eta Eroskik indioilar eszedente bat Euskal Herrian merkaturatzea komeni zaiela erabakitzen duten egunean...



Dokumentuaren akzioak

Karlos Irujo
2012/11/05 10:41
Kaixo: ados guzti honekin. Aspaldian nengoen ni ere honetan pentsatzen. Aitari aspaldian entzuna nion berak ezagutu zituela kalabazaren kontu hori eta lehengo egunean, Iruñean barnean genbiltzala atera nion gaia. Bera 1932an jaioa da eta esan zidan bere aitak hustutzen zuela kalabaza bat etxean, sartzen zion barruan kandela bat eta joaten zela gelaz gela haurrak izutzen. Gurea da noski, edo izan da. Eta orain erosten dugu trapu zahar bat berriak duen prezioarekin. Esaten duzun bezala, kezkagarria da gure kulturaren ahuldura, gure baitako ahuldura kulturala.
Eskerrik asko, Oier. Beti asmatzen duzu itoan.
Oier A.
2012/11/05 13:01
Eskerrik asko Karlos. Aita iruinsemea duzu? Hiriburuan hustutzen zituzten kalabazak? Asteburuan Bidadorren lan baten erreferentzia agertu zait, Iruñaldeko herrietan (Baternain-en, e.a.) Domu Santu egunaren biharamunean egiten zen kuestazioen ingurukoa. Oraindik ez dut irakurri, baina ziur aski, hor izango dugu euskal-halloweenaren arrasto eder bat.
Mikel S.
2012/11/05 17:05
Hau bai gai potoloa Oier. Potoloa eta zabala. Arrazoi osoa, jakina, baina non frenatu ez genuke jakingo, jaja. Borroka hori oso handia geratzen zaigu, ziurrenik, handiegia. Baina horrek ez du esan nahi zureak/gureak bezalako kezka eta purrustadatxo txiki hauek azaleratzeak eta ezagutzera emateak fruiturik ematen ez duenik. Gainera, norberaren satisfaziorako egiteak ere asko balio du. Anekdotatxo bat: orain gutxi enkarguzko lan bat eskatu zidaten, topiko klasikoei ihes eginik Eguberriei buruz idazteko. Badakizue, hemen ere Olentzero vs Santaklaus. Aditua izan gabe, nahikoa izan zen Olentzeroren erroetan zertxobait sakontzea, sekulako “sorpresak” eta jende arruntaren “ezjakinak” azaleratzeko. Ni neu barne, jakina: esate baterako, zenbat jendek daki Leitzan bazirela eta badirela emakumezko “olentzeroak”? ooooh. Niretzako oso pozgarria eta aberatsa izan zen “aurkikuntza”. Beraz, momentuz segi dezagun kezka eta aurkikuntza hauen berri eman eta arrastoak uzten, eta beharbada has gaitezke “Jai eta tradizioen moda berriei maskarak kentzeko esku-liburua” idazten :-) Bide batez: hemen gure inguruan ez daukat euskal-halloweenaren arrastorik... momentuz. Baina erradarra piztea izaten da gakoa.
aritz i.
2012/11/06 10:44
Egiten ditugun elkarrizketetan begiradatxo bat botatzen aritu naiz goiz honetan eta Nafarroan badira Domu santu egunari buruzko beste zenbait erreferentzia ere. Esaterako, Oieregin (Bertizarana) eskean ibiltzen ziren "matto, matto" esanez. Beran ere antzera eskatzen zuten, "Marautxo bat" (marabeditxo bat)esanez. Eskean ibiltzen ziren etxeetatik, beraz, eta apaizak eliza ataritik sos batzuk botatzen zizkien haurrei. “Apeza-arrautze” zeritzona egiten zuten: urtean zehar jasotako diruaren soberakinak banatzen zituen apezak airera botata. Bitxikeri gisa, ahal zuenak, arropa estreinatzen zuen Domusantu egunez Beran. Baztanen "Domine mattua" esanez eskatzen zuten elizan. Baztango informatzale baten esanetan, egun horretan arimengatik errespontsuak atera behar ziren eta argi zerbait jarri, argizariz edo lastoz. Halakorik jasotzen ez zuen defuntua purgatoriora negarrez joaten omen zen. Agian hau da kandela piztuez betetako kalabazen jatorria? Imotzen, apaizak gazta, ardoa eta ogia ematen zien gizonei Santu Guztien Egunean, eta eztia edo mahatsa neska-mutil eta emakumeei.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.