Dokumentuaren akzioak
Animen Gaua: 2015eko uzta
Iaz etxekoekin egindako proposamenak, "Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!" formulak, aurten zabalkunde handiagoa hartu du. Eibarko Mogel Ikastolaren guraso elkartearen bidez ikastolako guraso eta irakasleei zabaldu genien proposamena. Bi ideia zehatz zeuden proposamenean: koko-jantzia erosi beharrean trapu zaharrak baliatzea eta "truco o trato" esan beharrean, euskarazko formula bat, tradizioan erabili izan direnetako bat berrerabiltzea.
Ikastolako zuzendaritzak eta irakasleek gogo onez hartu zuten, eta ikasleen artean zabaldu zituzten proposamenak. Guraso elkartearen blogeko sarrera Sustatu hedabidean ere agertu zen, eta horrek Eibartik kanporako oihartzuna izan dio proposamenari. Adibidez, Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteak edo EIBZko liburutegiak beren blogetan jaso dute. Saretik kalera ere iritsi dira proposamenak. Adibidez, Sustatun bidez jakin dugu, Altsasuko Eroski supermerkatu batean hizki handiz jarri dutela horman.
Iluntasunean kikirriki
Larunbat arratsaldean, Eibarko kaletan ume dezente zebilen koko-jantzita. Gehienak sorgin, banpiro, eskeleto eta dendetan erositako disfraz-ekin. Kaleko jendeari, tinbreak jo eta etxeetan eta zenbait dendetan eskean aritu ziren. Gehienek "truco o trato" esaten zuten. Beste zenbaitek "Xanduli, manduli, kikirriki" esanez eskatzen zuten. Kalekoa baino eske erronda politagoa Mandiola inguruko baserrietan egin zutena izango zen. Ane Sarasketak helarazitako argazkia hemen:
Izan ere, benetan koko-jantzita agertzeaz gain (kaleko gehienak ez-bezala), baserri inguruetan argiztaketa urria edo hutsa da, eta Animen Gauaren festak funtzionatzeko beharrezko duen iluntasun giroa sumatzen da hor. Herriko kaleetan gaur egun dagoen argiztapen sistemarekin kalabaza kandelarekin pizteak ez du zentzu askorik eta mozorroek ere ez dute grazia handirik izaten. Beste herri askotan bezala, Oiartzunen ere festaren bertako airea emanez Gau Beltza ospatu zuten eta Neka Martiarenak twitter bidez helarazi dizkigun argazkietan antzematen da benetako mozorroak, beldurgarriak atera zirela kalera.
Datarekin bueltaka
Asier Sarasuak twitterren aipatu zuen "jatorriz Halloween (eta Animen gaua) ez zela 31an, Domusantu iluntzean baizik (Animen egun bezperan)." Gai honekin bueltaka hasi nintzenean, nik jaso nuena zen inguruotan Animen Gaua ospatzen zutenek ez ziotela datari kezka askorekin begiratzen. Horregatik, "Domu Santu egunaren inguruko gauetan" idatzi izan dut nik.
Asierrek aipatzen duena zentzuzkoa da, hau da, Domusantu egunaren ondoren, bueltaka geratu diren animak ateratzea bazterrak nahastera, eta hori Animen egunaren bezperan litzateke lojikoena. Estatu Batuetako data nagusitu zaigu orain, eta Domu Santu bezperara etorri da da ospakizuna. Zaila horri aurre egitea gainera, besteak beste Disney Channel eta enparauak urri osoa pasatzen dutelako "faltan x dias para Halloween" esaten.
Atzo, izebari galdetzeko aukera izan nuen. Aitari entzunak nizkion kalabaza hustutze kontuak Zizurkilen egiten zituztela, eta izebak, aita baino nagusiagoa izanik, ea batere oroitzapenik zuen jakin nahi izan nuen. Bai, zalantza izipirik gabe erantzun zigun baietz. Esango nuke aitak baino zehaztasun gehiagorekin gainera. Kalabazak hustu, aurpegirako zuloak eman, eta oihal txiki bat ere jartzen ziotela esan zigun, maskara moduan ere erabiltzeko. 11-12 urterekin pentsatzen zuen egingo zituztela horrelakoak. Eta noiz izaten zen hori? Domu Santu egunaren gauean, Animen Egunean?? "Ba hor nonbait", erantzun zigun Izeba Mari Karmenek, "edozein egunetan!".
Proposamen eta artikulu gehiago
2015eko Animen Gauaren uzta honetan Itziar Diez de Ultzurrun-en ekarpena aipatu beharra daukat. Aspalditik zetorren Itziarren kezka gaiarekin, eta bilketa lan ederra egin ondoren artikulu mamitsua argitaratu zuen 31 eskutik blogean. Guk Xandulikin egin bezala Itziarrek ere eske-formula jator eta polita proposatu du Iruñealdean hain ezagunak izan diren txinaurrien sokari segida emateko: "Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua." Mikel Aranburuk Zaraguetan jasotako hitz-jokoaren egokitzapena da berau. Itziarrek erreferentzia bibliografikoen bilketa ederra egiteaz gain, Arrotxapean bertan, jaso du kalabaza hustutzen aritutako ematekumaren testigantza.
Tolosaldean Josu Ozaitak ere urteetan gaiarekin daukan jakinmina eta kezka azaleratu du, eta Tolosaldeko Atarian argitaratu du artikulua. Martzelino Dorronsoro baliarraindarraren testigantza jaso du Ozaitak, eta honek zioenez "Etxeetan kanposantura ez hurbiltzeko esaten zen, fantasmak egoten zirela eta". Noizbait maindireekin mozorrotu eta susto ederrak eman omen zituzten batzuk.
Hona lotura intesgarri batzuk
-
Animen Gaua (=Halloween) ospatzeko proposamenak (Mogel Ikastola - Guraso Elkartea)
- Animen Gaua (=Halloween) ospatzeko proposamenak (Sustatu)
- Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario (Itziar Diez de Ultzurrun, 31 eskutik)
- 'Halloween' ospatzen zuten gure amon-aitonek (Josu Ozaita - Tolosaldeko ataria)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?