Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oier Araolaza: «Umetan gure aitona-amonek Halloween ospatzen zuten»

Dokumentuaren akzioak

Oier Araolaza: «Umetan gure aitona-amonek Halloween ospatzen zuten»

Gaur iluntzean Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) antropologo eta dantzariak neguko euskal festak izango ditu hizpide 19:00etatik aurrera Alondegian, Halloween, Olentzero, joaldunak… Nora doaz neguko festak? hitzaldian.
Egilea
Aiora Larrañaga
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/12/19
Lotura
Urola Kostako Hitza

Neguko festak garrantzitsuak al dira euskal kulturan?
Euskal Herriko eta, oro har, Europako kultura tradizionalari begiratzen badiogu, konturatuko gara bi aro nagusitan bereizten dela urtea: negua eta uda. Festa zikloak ere horiei oso lotuta daude. Neguko festak, esaterako, Domu Santue Egunarekin hasten dira, Ihauteriak arte. Herritarrok, ordea,  jai horiek ez ditugu ziklo bereko festak bezala identifikatzen; bakoitza bere horretan bakarra eta gainontzekoenganik desberdina balitz bezala ulertzen dugu. Kuestazioa edo eskea da neguko festen ezaugarri nagusietako bat; nahiz eta mozorroa aldatu, Halloween edo Arimen Gauak, San Martinek, San Tomasek, Olentzeroren eskeak, Santa Agedak eta Ihauteriek, denek eskea dute oinarrian.

Zenbaitetan negu parteko festak erlijioaz aparteko festak bezala identifikatu izan dira. Hori horrela al da?
Nik ez nuke esango horrelakorik. Mila eta bostehun urteko kristau erlijioaren historia dugu, eta gaur egun oso zaila da festa paganoez hitz egitea. Garai batean festa paganoak izan zitezkeenak aldaerekin heldu dira gugana. Jakin badakigu kristautasunaren aurretik zeuden festa moduetara egokitu zela, eta horiek bere egutegian txertatu zituela, baina ez dago modurik mila urtean erlijio hegemoniko bati ihes egin dion festaren bat aurkitzekorik.

Festak etengabe aldatzen al dira?
Gure gizartea eta bizimodua aldatzen doan heinean ezinezkoa da festak bere horretan aldaketarik gabe mantentzea; festak gurekin batera aldatzen dira, edo guk aldatzen ditugu. Aldatuko ez balira, hilda
dauden seinalea izango litzateke, eta dagoeneko ez lirateke festak izango.

Haloween atzerriko festa dela uste dugu gaur egun, baina zuk Euskal Herrian betidanik ospatu den festa dela diozu.
Gure kulturaren tragedia bat da hori; gure kultura, historia eta tradizioak ez ezagutzea eta kanpotik datozenak kopiatzea. Gurea izan den festa alde batera utzi genuen, eta hurrengo belaunaldiak Halloween estatubatuarra delakoan gurea egiten ari da. Jakingo bagenu gure aiton-amonek Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzen zutela, agian ez genuen Halloween ospatuko. Bitxia da, euskaldunok uste baitugu geure historia, tradizioak eta mitoak ezagutzen ditugula, baina gainontzeko herriak bezain ezjakinak gara geure herriaren historiari dagokionean; Haloween ezjakintasun horren adibide polita da.

Noiz utzi zitzaion Euskal Herriko herrietan Arimen Gaua ospatzeari?
Horrela esanda, badirudi aspaldiko kontuez hitz egiten ari garela, baina gure aiton-amonekin hitz eginez gero, konturatuko gara eurak ospatzen zutela Haloween. Izan ere, duela 60 urte ohikoa zen Domu Santu Egunaren bezperan kalabazak edo arbiak lapurtu, hustu eta kandelak sartuta Halloween ospatzea.

Zer dela eta uste duzu utzi zitzaiola Euskal Herrian Arimen Gaua ospatzeari?
Gizartea aldatzen ari da, eta horrekin batera festa ospakizun zaharrak alde batera uzten ari dira, eta berriak hartzen. Etengabe gertatzen da hori. Halloween galtzearen arrazoiak asko izan daitezke; agian bere garaian horri eutsi behar zioten gazteek ez zuten interesik izango. Horretaz gain, uste dut Arimen Gaua nekazari eremuarekin lotutako festa izan zela, eta gizartea hiritartu eta baserri ingurutik urrundu ahala, ohitura horiek arrotzagoak izango ziren gizarte berriarentzat.

Zergatik uste duzu hartu dugula Estatu Batuetatik datorren Halloween festa?
Halloween-aren inguruan sortutako merkataritza industriak eragin zuzena izan du zabalkunde horretan. Hollywood-ek oso ondo egin zuen lana, eta telebistaren eta zinemaren bidez ezagutzera eman zigun. Gure kultura ez dugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetako kultura primeran ezagutzen dugu. Duela hamar urte, esaterako, nahiz eta Euskal Herrian Halloween ospatzen ez genuen, denok genekien zer zen. Arimen Eguna, berriz, oso jende gutxik ezagutzen du oraindik ere. Behin festa ezagutarazi denean, merkataritza industriak ikusi du badagoela merkatu potentziala, eta hori sustatzen ari da azken urteetan. Festaren eredua aldaketu egin da, kontsumo eredua sustatu dute. Arimen Gauean Euskal Herrian kalabazak baratzetatik lapurtzen ziren, eta mozorretzeko bi trapu zahar nahikoa ziren. Orain, aldiz, Halloween gauerako kalabaza, mozorro eta beste hainbat osagarri dendatan eros daitezke.

Egun gutxi barru Gabonak dira. Azken urtetan Gabonak ospatzeko modua aldatu egin dela uste al duzu?
Gure gurasoek eta aitona-amonek argi azal dezakete eraldaketa. Olentzero bera ez zen Euskal
Herri osoan ezagutzen zen pertsonaia. Lesaka, Oihartzun eta Zarautz aldean ezagutzen
zen pertsonaia arlote bat zen Olentzero, Eguberri inguruan eskean jarduteko koadrilek erabiltzen zuten papina, alegia. Olentzero Euskal Herrian sustraitzearen arduraduna Ikastolen Elkartea izan zen. Izan ere, argi ikusi zuten espainiartzat jotzen ziren Errege Magoen aurrean euskal pertsonaia bat izatea komeni zela. Olentzero  pertsonaia sortu zuten orduan, berezko eredua aldatuta. Olentzero eskerako edo kuestaziorako laguntzailea izatetik, opariak ekartzera pasa zen horrela. Gauza bera gertatu zen beste herrialdeetan Santa Claus edo Papa Noelekin. Aldaketa horiek batzuetan nahi gabe gertatzen dira, eta beste batzuetan, berriz, nahita.

Oier Araolaza antropologoa

Dokumentuaren akzioak