Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Halloween erauntsiari aurre egiteko modurik ez, eta gutxienez, zapalduko gaituen buldozerraren karrozerian marka txiki bat egiten saiatzea pentsatu dut. Seme-alabekin kontua aztertu ondoren eskatu nien gutxienez ez zezatela "truco o trato" formula amerikar-gaizki-espainolizatua erabili. Egin dira "trick or treat" euskarara itzultzeko ahalegin txukunak, adibidez, "saria ala ziria", baina nik gure tradiziotik zerbait berrerabili nahi nuen. Beraz, hauxe proposatu nien:
Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Nagusiak (9 urte) oso ondo hartu zuen eta bere lagunek berehala ikasi eta erabili zuten. Txikiari (7 urte) kosta egiten zitzaion gogoratzea, eta nahiago zuen truco o trato, nere atsekaberako. Baina pentsatu dut datorren urtean lehenagotik irakasten saiatuz gero funtziona dezakeela.
Bidadorrek jaso zuen Beasoain-en

Tradiziozko formuletan intxaurrak, gaztainak edo urrak eskatzea ohikoa da. Gure eremu urbanoan intxaurrak eskatzea arraroa litzateke, beraz, goxokiengatik aldatuta egin nien proposamena etxekoei. Irujo pilotariaren herrian, Iberon, umeek "Bota bota kastaña" diotela jaso zuen Bidadorrek (2010:39), baina dirua botatzen zietela nagusiek, umeek kastainak jasotzeko makurtzeko imintziorik egiten ez zutela ikusita. Fernando Goñi pilotariak berriz, bere herrian, Zubirin, honela oihukatzen dutela esan digu: "San Gargarin, '¡castañas por aquí!!".
Txinurrien eske-errondak
Txinurrien kuestazioa izenarekin batu zituen Bidadorrek Santu Guztien egunaren inguruko eske-errondak, izan ere Iruñerrian hainbat herri eta auzotan txinurriak izenarekin ezagutu izan dira data horretan kuestazioa egiten duten ume taldeak.
Iruñerrian Saindu Guztien eguneko kuestazioetan kantatzen ziren bertsoak jaso zituen Joxemiel Bidadorrek (2010:39) Benjamin eta Anselmo de Legarda fraide kaputxinoen ahotik: "Etxadi kanpora, Domine Santua, txinurri minurri, levanta la piturri". Etxaurin berriz hauxe jaso zuen Bidadorrek: "Tirrita-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turron".
Y si no, zikiñe!
Gabriel Inbuluzketak Baztan eta Bidasoa aldean Domu Santu eta Arimen egunaren inguruan egiten ziren eske-errondak aztertu zituen eta horietan umeak erabiltzen zituzten eske-formulen artean aipatzen ditu adibidez Elizondon "Domine Mattua" esaten zutela (latinetik deformatua, Domine=jauna, mattua=xentimo laurdena), "Ixo mattua" Arraiotz-en (izeba xentimo laurden bat!), "Marabeditto" Ituren-en, "Marauttu, marauttu" Donezteben, "Berentxi, berentxi" Lesakan...
Mikel Aranburu Urtasun-ek (1989: 12) Artzibar bailarako folklore ikertzean, ondoko eske formula ederra jaso zuen: "Txingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario". Domu Santu eguneko kuestazioetan erabiltzen zuten umeek, eta egun berean, Iruñean, Jimeno Jurioren esanetan (1976: 111), txinurria izeneko puska biltzea egiten zuten umeek honako formularekin: "Txinurrie, mandurrie, aratako kasteñere, si nos echas, pa tu tia" Muru-Astrain-ekoek, eta Arlegikoek berriz, "Txinurrie, mandurrie, levanta la panturrie".
Polita da Mikel Goñik Sustatun kontatua Utergan erabiltzen dena: "dominé-dominé castañé, y si no zikiñé!". Mutrikun erabiltzen zena ere asko gustatzen zait, "Xesteron kontra, animen alde!". Mutrikuko ehorztailea omen zen Xestero.
2015erako bi erronka
Datorren urterako bi erronka. Batetik, eskatzeko esaldia garaiz landu eta ea beraiek beren inguruan zabaltzea lortzen dugun. Bestetik, koko-jantzia erositakoa eta aurpegia bistan dutela (txikia tapatua zuen, baina nagusiak eta bere lagunek bistan, makillatua) izan beharrean, trapu zahar batzuk inguratu eta ea horiekin benetan mozorrotzea lortzen dugun.
Erreferentziak
ARANBURU URTASUN, Mikel. "Folklore festivo del valle de Arce", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 54. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1989. 343-376. orr.
BIDADOR, Joxemiel. "Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris", in Jentilbaratz, Cuadernos de Folklore, 12. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010. 37-47. orr.
IMBULUZQUETA ALCASENA, Gabriel. "Cuestaciones infantiles en Todos los Santos y día de Difuntos en Baztan-Bidasoa", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1993. 41-46. orr.
JIMENO JURIO, Jose Maria. Calendario 1976. Caja de Ahorros Municipal de Pamplona, 1976. 111. orr.