Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Horra, horra, gure Olentzero!

Dokumentuaren akzioak

Horra, horra, gure Olentzero!

2016/12/13 08:30

"Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean emakume Olentzeroa Duguna dantza taldeko kideek.

Olentzero Duguna Iruñea 2015
Olentzero Iruñean. Duguna dantza taldea, 2015-12-23.

Leitza 1986 Orantzaroa
Orantzaroa Leitzan, 1986.
Asmatu zezaketen, baina ez zuten asmatu beharrik izan. Tradizioan ere Olentzeroa emakume edo emakumea Olentzero izan baita. Leitzan adibidez. Haien blogean beren esperientziaren berri eman izan dute Dugunakoek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kide den Fernando Oiartzunek erantzun interesgarria utzi die berriki, bertan.

Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz:

Orantzaroa Leitza 2014
Orantzaroa Leitzan, 2014. Argazkia: ALKE, Altzadi Leitzako Kultur Elakartea.
"Gure herrian, Leitzan, diozuen bezala aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu dugu: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Guk etxean ere horrela jaso genuen eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman digu horren berri." 

Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten:

Gomezago Zumaia
Gomezago arrantzalea, Olentzeroren Zumaiako aldaera. Irudia: Baleike.
txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek

Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.

Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da:

Olentzero Donostia 1931
Olentzero, Donostia, 1931. Argazkia: Guregipuzkoa.net.

Beste Olentzero hau, Oiartzungo ume talde batek egindakoa da XX. mende hasieran.

Olentzero Oiartzun
Olentzero, Oiartzun. Argazkia: Bernardo Oñatibia - Guregipuzkoa.net

Traje eta korbataz jantzitako beste Olentzero hau Leitzan egindakoa da, XX. mende hasieran.

Leitza Orantzaroa dotore
Orantzaroa Leitzan, dotore.

1950. hamarkadaren amaieran, Lesakako ikazkinaren eredua hartuta, Olentzeroren kabalkada antolatu zuen San Antonioren gazteriak Iruñean. Ondoren, 60ko hamarkadan, Ikastolen elkarteak herriz herri zabaldu zuen Olentzero eredu hori.

Olentzero umeak kantari

Azken hamarkadetan Olentzero ikazkinaren transformazio prozesua etengabe ikusten joan gara. Pertsonaia zarpail, zikin eta desatsegina izatetik, Santa Klaus txapelduna izatera pasa da Olentzero: pertsonaia bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria.

Olentzero bizar-zuri

Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du Leitzako Orantzaroak.

Leitza Orantzaroa 2010
Leitza, Orantzaroa, 2010. Argazkia: ALKE.

Leitza Orantzaroak 2015 Ezpata-dantzariak
Leitza, Orantzaroak, 2015. Argazkia: Leitzako Udala.

Leitza Orantzaroa 2011
Leitza, Orantzaroa, 2011. Argazkia: ALKE.

Olentzero irudikatzeko modu bakarra ez dago. Ez ofizioz, ez itxuraz, ez generoz. Olentzero asmatzen dugun modukoa izango da aldi bakoitzean. Ez beti ikazkin, ez beti gizonezko. Espero dezagun emakume eta queer Olentzero gehiago ikustea gure karriketan aurtengo eguberrietan.

Olentzero sutan Ermua  2014
Olentzero, Ermua, 2014. Argazkia: Txindurri dantza taldea.

Dokumentuaren akzioak

Kaixo, azkenengo argazkia Ermuan ataratakoa da. Txindurri dantza eta Txistu taldeak urtero, abenduaren 31an ateratzen du Olentzero kalera. Argazkia 2014an taldekideok ataratakoa da.
2016/12/14 17:06
Halaxe da bai, jaso dugu aipamena argazki oinean. Mila esker!
2016/12/21 01:08
Aupa, Kattalin. Oso artikulu on eta interesgarria egin duzuena. Pozgarria da, zinez, Olentzero-Orantzaroaren sustraietara jotzea eta gaurko egunera moldatzea. Baina moldatzeko eta egokitzeko, lehenik, aurrekoena ezagutu eta aztertu behar dugu.
Pentsa Euskal Herrian zer egin den gai honekin: Eguzki-ospakizuna genuena suaren eta irudi desberdinen bidez irudikatua, besteak beste; ba hori zakarrontzira bota, eta Papa Noelen pareko bat asmatu dugu berriki samar edo; gizaseme, zahar bizartsua...Eta hori gutxi ez balitz bezala, parekideak eta progreak garenez, ba, andregaia bilatu diogu Olentzero berri horri: Mari Domingi, horren menpeko gisa, ia-ia. Eta zer da eta, hara non Leitzan behintzat maiz Olentzero bera emakumea ageri den eta eguberritako pertsonai mitologiko nagusi bakarra gainera...
Lehengo jendea gutxiesteko joera dute askok gaur egun atzerakoi ospea jarrita, baina Olentzero gai honekin ikasgai bikaina eman digute gure aurrekoek. Egun hauetan hiru emakume xaharren testigantzak paratu ditugu leitzakultura.eus webgunean eta youtuben. Entzun eta gozatu...Haiek ez baitute deus ere asmatu beharrik izan gai horri dagokionez: txikitandik ezagutu dute Orantzaroaren tradizio anitza herrian eta etxean bertan. Baina, hori urte dezentez ukatu eta gutxietsi zaie ere, eredu berri hori zabaldu eta gailendu ahala... Ea guztion artean buelta ematea lortzen dugun.
Eskerrik asko Leitzako kultur taldearen partetik!!!
Fernando Oiartzun
Eskerrik asko Kattalin!
2016/12/26 15:24
A8ko Iurretako ordain-lekuan, emakume itxurako Olentzero ikusi dudalakoan nago.
2016/12/29 10:28
Bai, halaxe da Elur, twitterren aritu ziren horretaz hizketan Gari Garaialde eta Leire Narbaiza: https://twitter.com/GariGaraialde/status/811528317388124160

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Horra, horra, gure Olentzero!

Olentzero, Iruñea, 2014-12-23. Argazkia: Duguna dantza taldea.