Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Helduek ez dute sinesten Olentzerogan

Dokumentuaren akzioak

Helduek ez dute sinesten Olentzerogan

Eguberrietan eta urte osoko gainontzeko ohitura eta tradizioetan infantilizazio prozesua gertatzen ari da. Folklorea ulertzeko modua aldatzen ari da; Olentzero bera horren adibide.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/12/31
Lotura
Berria

Buruhandia, tripontzia, mozkorra, zikina, erretzailea, begigorria... Adjektibo horiek guztiak nori dagozkion ezagutzea geroz eta zailagoa dirudi. Horrela deskribatzen zuen —eta du oraindik ere— eguberri kanta batek Olentzero. Ezin esan pertsonaia hori aldatu ez denik. Infantilizazio eta merkantilizazio prozesuek pertsonaia atsegin, goxo, garbi eta eredugarria bihurtu dute ikazkina. Gazteen ohitura zena haurren zerbitzura jarri da denbora gutxian. Eguberrietan ez ezik gainontzeko bestetan ere haurrak dira nagusi. Folklorearen infantilizazioa da hori.

Neguko besten baitan daude Eguberrietako tradizio eta jaiak. Haurrei zuzenduak direla dirudi, geroz eta gehiago. Besta haurrei zuzentzea, baina, Eguberrietatik harago fenomeno orokorra dela uste du Oier Araolaza antropologoak. «Garai batean festa gehienak ziren gazteenak, haiei zegokien festaren gorputza, ardura eta bultzada», esan du. Gazteek antolatzen zituzten bestak, haiek kontratatzen zituzten musika taldeak eta haiei zegokien aurrekontua aurrera ateratzeko sosak biltzea.

Eguberrietan ere Olentzeroren tradizioa gazteei zegokien, eta oraindik ere hala da toki batzuetan. Lesakan, kasurako. Olentzeroren irudia egin, eta kantuan ibiltzen dira herriko gazteak abenduaren 24an. Araolazak azaldu duenez, iruindarrek handik hartu zuten eredua, eta ikastolek Euskal Herri osora zabaldu zuten gero. «Ikastolek bere momentuan oso jokaldi ona egin zuten, orain ari gara jokaldi horren albo kalteak izan daitezkeenak lupaz begiratzen eta aztertzen», azaldu du antropologo eibartarrak. Orduan Euskal Herriko Eguberrietako erreferente nagusia Errege magoak zirela eta, euskal erreferentea bilatu zuten: Olentzero, alegia. «Eredu hori hartu, egokitu —bere testuingurutik ateratzen duzun momentuan egokitzen hasten zara, beste testuinguru batean beste premia eta molde batzuk behar dituelako— eta hori da zabaldu zutena izugarrizko arrakastarekin», dio. Horrek, besta bera moldatzea dakar, haurrak eta gazteak ez baitira berdin: «Gazteek haiek antolatzen dute festa, eta umeei beraientzat antolatzen zaie festa».

Olentzero zarpail eta beldurgarria goxatu egin zen. «Ezaugarrien biguntzea lotuta dago hain zuzen ere ume txikienentzat erakargarri eta, behintzat, ez beldurgarri bihurtzearekin», dio Araolazak. Gainera, geroz eta adin txikiagoetara moldatzen ari dela ere uste du. Infantilizazio prozesua ez dela eten, alegia. Izan ere, zortzi eta hamar urte bitarteko haurrek hobeki kontrolatzen dute beldurra, baina lau eta bost urteren artekoen artean oso ohikoa da izua. Olentzeroren itxura, baina ez zen atsegina, ez zen haurrei zuzendua.

Horretaz gainera, bada aldaketa «oso garrantzitsu» bat Eguberrietako tradizioan: Olentzero panpina izatetik hezur-haragizko pertsonaia izatera igaro da toki askotan. «Oso aldaketa fuertea da; kualitatiboki goitik behera aldatu du Olentzero beraren izaera». Ez baita erraza panpina ederra sortzea, baina pertsona batek Olentzeroren rola jokatzen duen momentuan, erabat aldatzen da berarekiko pertzepzioa ere. Adibidez, haurrak agurtu, aditu eta magalean hartzen ditu Olentzerok. «Arrotza eta urrutikoa zena, geroz eta gehiago etorri da gure ondora. Ondoan dagoena beti da atseginagoa urruti dagoena baino», aipatu du antropologoak.

Bestaren «biguntze orokorra» aipatu du Araolazak. Bere herrian gertatutakoa jarri du horren adibide: euri pixka bat ari zuela eta, Olentzeroren kalejira bertan behera utzi zutela nabarmendu du. Zenbat eta adin txikiagokoei begira egin, orduan eta eragin gehiago dute eguraldiaren gisako faktoreek.

Folklorearen infantilizazioa sakon aztertu du Xabier Etxabe idazleak. Berak ere uste du Olentzeroren irudia haurrei zuzendu dela, baina infantilizazio prozesuaz gainera beste faktore bati egotzi dio bilakaeraren ardura: kontsumismoari. Irudi edulkoratura pasatu dela dio kontsumoari begiratutako hainbat faktorerengatik. «Kantua eta eskea geroz eta txikiagoentzako planteatzen da orokorrean. Momentu honetan oso enfokatua dago oparietara, eta ziklo horrek irauten duen bitartean adin horretako umeentzat oso moldatuta dago», azaldu du Etxabek.

Olentzeroren irudi berria eraikitzeko, telebistaren rola garrantzitsua izan da, eredu sortzailea baita. «Azkenengo kanpainan hor daukagu gure [Manu] Maritxalar Olentzerorena egiten, eta bere irudia da Olentzero magoa, polita, opariak ekartzen dituena...». Eredu horretan Olentzero «euskal Bizarzuri» dela dio.

Haurrena haurragoentzat

Eguberrietatik harago, infantilizazioa folkloreari eragin dio oro har. Etxabek neguko beste jai bat aipatu du horren adibide gisa: Santa Ageda bezpera. Haren aburuz dekadentziaren sintoma bat izan daiteke. «Ekitaldi hori duela 50 urte edo gazteek egiten bazuten, horiek lagatzen joan diren heinean, hutsune hori ez da jakin zerekin bete eta horrelako kasuetan askotan jo izan da umeengana», dio idazle zarauztarrak.

Beraz, heldu gutxiago egoteak eragin du infantilizazioa kasu batzuetan. Hainbat tokitan oraindik ere gazteak ateratzen dira, baina, Etxaberen aburuz, eskoletan asko bultzatu da folklorearen hutsunea umeekin betetzea. «Oso diferentea da baten ikuspegia eta bestea: oso diferentea da festa giroan gazte kuadrilla bat baserriz baserri santa eskean ateratzea, edo eskola ume batzuk bere jarduera bezala kantu horiek ikastea. Konturatu gabe aldaketa handi bat gertatzen da».

Euskal dantzan ere «nabarmen» antzeman daiteke infantilizazio prozesua. Dantzari txikien jaialdietan orain arte hamabost urteko gaztetxoak ikustea arrunta zela uste du, baina dagoeneko zaila dela adin tarte horren bueltako dantzaririk ikustea.

Bestalde, helduen hutsunea betetzeaz gainera, haurren ekitaldiak ere infantilizatu egiten dira, are haurrago direnentzat antolatzen dira alegia Etxaberen aburuz. Buruhandiak aipatu ditu: «Ez dira hain bortitzak, maskuria ere apargomazkoa daukate, ez dira hainbeste mugitzen... poliki-poliki adina txikiagoentzat ari da bideratzen». Araolazak ere mintzagai izan ditu buruhandiak. Adibide bat jarri du: dirudienez, herri gehienetan arazoak daude gurasoak udaletan kexu baitira haien haurrak jo dituztelako. «Hori ezin da ulertu ez baldin bada adin tartearen aldaketa batean; hau da, hamar-hamaika urteko mutil koxkor bati puxikarekin zartako batzuk emanez gero ez dago gurasorik arduratzen denik, baina noski, lau-bost-sei urteko umeekin, ba bai».

Bilakaera horretan Araolazak sorgin gurpila ikusten du. Izan ere, buruhandiek maskuriarekin ez badute gogor jotzen adin batetik aurrera ez zaie erakargarri, haurrentzako dela pentsatzen baitute. Parte hartzen duten haurren adin tartea, beraz, jaitsi egiten da kasu horietan.

Buruhandien kasuan, gainera, bada infantilizazio hori agerian uzten duen beste kontu bat: haien itxura. Araolazak dio zantarrak eta ezatseginak izan ohi zirela haien bisaiak, ingurukoak beldurtzea baitzen xedea. «Bezeroen adina jaitsi ahala ari gara ere buruhandien aurpegiera horiek goxatzen». Kontraesana dela uste du Araolazak, baina adingabeko haurrentzat pertsonaia ankerrik ez dela onartzen dio.

Etxaberen aburuz, helduen transmisioa oso garrantzitsua da folklorea mantendu eta transmititzeko tenorean. «Nahiz eta umeak ere jardun, umeak baldin badauka helduaren isla, orduan motibazioa izango da umearentzako: 'Nik heldu hori bezala nahi dut hemendik urte batzuetara'. Baina helduen erreferente hori ez baldin badaukazu, orduan nabarmen gertatzen da infantilizazio prozesu hori».

Olentzero, umeen opari eskaerak jasotzen, 2012ko abenduaren 24an, Leitzan. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak